Liburuen hiribildua

Euskal Herrian biztanleko liburu denda gehien duen herria da Urroz. Nafarroako herrixka horretan 385 lagun daude erroldatuta, eta hiru liburu denda daude. Irakurzaleak erakarri nahi dituzte.

Libros con historia liburu dendako ganbara, Urrozen (Nafarroa). BERRIA
Libros con historia liburu dendako ganbara, Urrozen (Nafarroa). BERRIA
Kristina Berasain Tristan.
Urroz
2024ko ekainaren 25a
05:00
Entzun

Larututa daude gari eta garagar zelaiak. Urrozen (Nafarroa) aurki hasiko da uzta garaia. Itzaga haitzak babesten du muino batean dagoen hiribildua. Herriak Pirinioetako ibar hertsien eta lautadako haran zabalen arteko muga zehazten du, eta, horregatik, bidegurutze batean dagoelako, merkatariak herriko plazan elkartzen ziren behinola. San Martin eguneko feria entzutetsua zen oso. Ferial plazak garai bateko itxura bera du: karratu erraldoi bat da, frontoi eta guzti.

«Iruñeko Gazteluko plazaren ostean, Nafarroako plazarik handiena da». Javier Garisoain (Iruñea, 1969) erreinu zaharreko hiriburuko plazan bertan sortu zen, eta ia tamaina bera duen plaza batean bizi da orain, baina herrixka batean, liburuen herrixkan. 

«Liburuen hiribildua gara». Harrizko ezkaratzean ari da hizketan. Garisoainek Meltxor izeneko etxean elkartu ditu ia etxea bera bezain zaharrak diren liburuak. «Etxea XVI. mendekoa da. Sarrerako dobelak bi metro luze dira. Inoiz ez ditut ikusi horren handiak. Hemen dena benetakoa da, eta benetako zerbait sortzea zen nire asmoa; beraz, etxean bertan zabaldu nuen liburu denda: Libros con historia». Iltzatuta dauka data: 2021eko azaroaren 6a. Egun berean, beste liburu denda bat zabaldu zuen plazako bigarren zenbakiko etxe parean dagoen etxabe batean: Ojos de buho. Eta, aldi berean, haren lagun batek, metro gutxi batzuetara, plaza berean, hirugarrena: Amoxtli. Urroz oasi bat bilakatu zen egun horretan: Euskal Herrian biztanleko liburu denda gehien duen herria. Egun, 385 lagun daude erroldatuta, eta hiru liburu denda ditu; ehun biztanleko, bat.

JAVIER GARISOAIN - URROZ
Javier Garisoain bere liburu dendaren atarian, Urrozen (Nafarroa). IÑIGO URIZ / FOKU

Garisoain historialaria da formazioz, baina liburuen munduak liluratu zuen, bereziki liburu zaharren munduak: «Lagun batek kateatu ninduen. Poliki-poliki joan nintzen mundu honetan sartuz. Feriaz feria hasi nintzen, beldurra galdu nuen, eta harrezkero 25 urte pasatu dira. Hastea da dena». Egun ez daki zehatz-mehatz esaten zenbat liburu izango dituen: milaka batzuk beheko solairuan, apaletan txukun jarrita, beste milaka estalitako patio moduko batean, pilatuta, lurrean, eskailera kiribil baten aldamenean, eta zaharrenak, ganbara dotorean, katalogatuta: «Hauek guztiak katalogatuta daude; 23.500. Bakoitzak bere fitxa dauka, neurriekin, orrialde kopuruarekin, eta iruzkin batekin. Interneten ere badaude». Katalogatu gabe dauden liburuak, hala ere, askoz gehiago dira: «Guztira akaso ehun mila izango dira». 

Urroz liburuen hiribildua marka sortzeko asmoa aspaldikoa zen. Garisoain 2004an joan zen herrixka horretara bizitzera, argi baitzuen herrietan bezala bizi nahi zuela. «Bizimodu hau ederra da oso. Hemen denetarik daukagu: eskola, denda, botika... Lurrari lotuta bizitzea gustatzen zait, eta auzokideekin harreman sendoak izatea. Bizitza analogikoa aldarrikatzen dut». Lausengurik ederrena landa-filosofo bat dela esatea da, hala aitortu du, eta, nola ez, miresten duen filosofo baten aipua bota du: «Ez bazara pentsatzen duzun bezala bizi, bizi zaren bezala pentsatzen amaituko duzu».

Praktikara eramaten du filosofia hori, zehaztuz errealista dela eta ez idealista. Ojos de buho liburu denda da horren erakusgarri. Liburu saltzailerik gabeko liburu denda da. «Goizaldean zabaltzen dut, eta iluntzean itxi. Egun osoa dago zabalik. Edonor sar daiteke eta erosi». Liburu bakoitzak salneurria dauka, eta balizko erosleak etxabearen barruan dagoen postontzian sartu dezake dirua. Garisoainek telefono zenbaki bat ere idatzi du aldamenean, jendeak Bizum bidez ordaindu dezan: «Konfiantza da gakoa. Gauren batean ixtea ere ahaztu zait».

URROTZ- LIBROS CON HISTORIA LIBURUDENDAKO ARGAZKIA
Libros con historia liburu dendaren sarrera. Urrozko (Nafarroa) Meltxor izeneko etxean dago liburu denda, Ferial plazako bigarren zenbakian. BERRIA

Liburu dendak zabaltzearekin batera herrira askotariko lagunak joaten hasi zirela azaldu du, «idazleak, poetak, musikariak... oso jende interesgarria», eta jada ehun ekitalditik gora egin dituztela, «liburu aurkezpenak, errezitalak, tailerrak, hitzaldiak, ikastaroak...». Liburu saltzailearen hitzetan, behetik gora egin dute proiektua, eta, ahoz ahokoari esker, gero eta jende gehiago joaten da Urrozera: «Hau ez da hemengo herritarrentzat soilik pentsatutako egitasmo bat. Irakurzaleak erakarri nahi ditugu, baina talde txikietan. Ez ditugu transatlantikoak nahi».

Yoania Torresen (Mexiko Hiria, 1983) babesa ere goraipatu nahi izan du. «Bi ero gara, baina bera gabe hau ez zen posible izango. Elkarrekin egin dugu hau. Nire liburuak katalogatzen aritu zen, eta beste liburu denda bat zabaltzera animatu nuen. Zeharo ezberdinak gara; ni oso tradizionala naiz, eta bera oso modernoa, baina muturrak elkar ukitzen direla diote».

Amoxtli da hiribilduko hirugarren liburu denda. Torresek bere jaioterria izan zuen gogoan dendari izena jartzerakoan: «Nahuatl hizkuntzan kodex esanahi du; hau da, liburua». Torres 2011. urtean iritsi zen Nafarroara: «Tesia egitera etorri nintzen, eta berehala erabaki nuen ez nintzela itzuliko. Txilanga peto-petoa naiz, baina bizimodu hau gustatzen zait, herrietako bizimodua».

YOANIA TORRES - URROTZ
Yoania Torres bere liburu dendaren atarian. Amoxtli izena jarri zion dendari, bere sustraiei keinu bat eginez. IÑIGO URIZ / FOKU

Amoxtli liburu denda plazako 10. zenbakian dago. Zuriz eta beltzez margotutako etxabe xume bat da. «Urrozko armarria zuria eta beltza da, eta horregatik pintatu nuen horrela. Nire sustraiei keinu bat egin nahi nien izenarekin, eta koloreekin, berriz, Urrozi». Herriaren beste bereizgarri bati ere egin dio erreferentzia: «Elizako erretaulan dauden figura guztiek liburu bat daukate eskuetan. Ederra da hori». Urroz iraganean merkataritza gune inportante bat izan zela jakiteak ere eraman zuen urratsa egitera: «Nostalgiatik ere badu honek guztiak. Ez dugu ezer asmatu, baina herriari bizia eman nahi genion. Sona handiko hiribildua izan zen, eta liburuekin eta kulturarekin prestigioa eman nahi genion».

Garisoainen liburu dendan liburu zaharrak dauden bezala, haren liburu dendan, bereziki, artearekin lotutako liburuak aurkitu daitezke. «Artearen historia ikasi nuen, eta horretan jarri nuen arreta, baina bizirik iraun behar da, eta gaur egun bigarren eskuko eleberriak ere baditut, baita bertako gaien inguruko liburuak, bidaia liburuak, mendien ingurukoak, komikiak... ere». Pio Barojaren liburu sorta bat ere ikus daiteke apal batean.

Bidea, baina, ez da erraza izan. Torresek askotan izan du buruan liburu denda ixtea: «Oso ausartak izan ginen, eta oso gogorra izan da. Hasieran, ostiraletan, larunbatetan eta igandeetan zabaltzen nuen, eta egun askotan ez zen inor sartzen. Bi urte pasatu arte ez dut argia ikusi. Bide honetan ama izan naiz, eta orain nik ere liburu denda zabalik uzten dut. Postontzia jarri dut, eta Bizum bidez ordaintzeko aukera dago». Sarreran premisa bat dauka idatzita: lapurrek ez dute irakurtzen, eta irakurleek ez dute lapurtzen.

URROTZ- AMOXTLI LIBURUDENDAKO ARGAZKIA
Pio Barojaren liburu bilduma dauka liburu dendan Yoania Torresek. BERRIA

Orain, hasierako ilusioa berreskuratzen ari da, eta horretan herritarren babesa ezinbestekoa izan dela dio. Luis Maria Prietoren izena etengabe atera da elkarrizketan. Hark alokatu zion etxabea, eta denetan lagundu zuen: kartela jartzen, margotzen... «Prieto ahizpen denda izan zen hau, herriko denda. Denetarik zuten, eta orduko gailu batzuk ez ditugu kendu: mostradorea, hestebeteak mozteko makina, bakailaoa moztekoa, irrati zaharrak, baita zorrozkailua ere; umeak dendara etortzen ziren lapitzekin, pentsa!». Alkatearentzat eta tabernako eta nekazaritza etxeko jabeentzat ere esker oneko hitzak dituen arren, argi du proiektuak kanpotik iristen direnei esker egin duela aurrera. 

Torresek sekula ez du ahaztuko inaugurazio eguna: 2021eko azaroaren 6a. «San Martin feriaren aurreko astean ekin genion amets honi, eta egun horretan komiki baten aurkezpena egin nahi genuen hemen, baina sekulako elurtea egin zuen. Handik hamabost egunera egin behar izan genuen aurkezpena».

Torres pozez zoratzen jartzen da idazleek euren liburuak aurkezteko deitzen edo idazten diotenean: «Horrek indarra ematen dit. Asko inplikatu naiz, kulturak aberastu egiten gaituela sinetsita nago, eta, zaila bada ere, gauza ederrak gertatzen dira. Javierrek historiaren inguruko irakurle taldea dauka, eta nik, erotismoaren ingurukoa». Jendeak liburuak eramaten dizkio, eta duela gutxi 10-12 urteko herriko mutil koskorrak aurkitu zituen liburu dendan irakurtzen: «Ez dute ezer erosiko, baina etorkizuneko irakurleak dira». 

Liburu dendak ixten ari diren garai honetan, herrian badago beste ideiaren bat martxan jartzeko asmoa duen jendea. Behinola, harresiz inguratuta zegoen bezala, orain liburuz inguratutako hiribildua da Urroz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.