Liburuekin ibarrez ibar

Euskal Herrian bi liburutegi ibiltari daude, biak Nafarroan. Ipar-ekialdeko ibarretako herrixketara joaten da bata, eta hego-mendebaldekoetara bestea. Herritarrak pozarren dira. Askotan etxean bertan jasotzen dituzte liburuak.

Aguilar ibarreraino joaten da liburutegi ibiltaria. Lizarrako merindadekoa da ezarri duten azken ibilbidea; urtarriletik dago martxan. KRISTINA BERASAIN TRISTAN
Aguilar ibarreraino joaten da liburutegi ibiltaria. Lizarrako merindadekoa da ezarri duten azken ibilbidea; urtarriletik dago martxan. KRISTINA BERASAIN TRISTAN
Kristina Berasain Tristan.
Aurizperri-Cabredo
2024ko uztailaren 20a
05:00
Entzun

Ibarrez ibar, herriz herri, plazaz plaza. Liburutegi ibiltariak hala ibiltzen dira, kilometroak eta kilometroak egiten, errepide ertzetako haritzen edo olibondoen abaroan, mendixka laiotzetan edo lur idorragoko parajeetan, neguan zein udaran, kultura herritarrengana eramaten. Euskal Herrian bi liburutegi ibiltari daude, biak Nafarroan. Bata Pirinioen ertzetan ibiltzen da, ipar-ekialdean, eta bestea hego-mendebaldeko ibarretan barna, muga-mugan. Bien artean hamabi ibarretara iristen dira, 82 herrixkatara, eta herritarrak, nola ez, pozarren dira.

Mari Mar Agosek (Iruñea, 1974) ederki asko ezagutzen du baso trinkoz osatutako orografia: «Hemen ez dago garraio publikorik; beraz, herritarrak liburutegira etorri beharrean, liburutegia etxera eramaten diegu». Agos Aurizperriko liburutegiko arduraduna da, baina ostegunetan, liburutegiko atea itxi, eta bailaraz bailara ibiltzen da, etxez etxe, eleberriak, komikiak edo aldizkariak eramaten: «Batez ere etxez etxeko banaketa egiten dut. Garralda txikia da, eta plazara joatea erraza da, baina baserri asko daude inguru hauetan. Luzaide, adibidez, oso sakabanatuta dago, eta negu gorrian ez da erraza etxetik ateratzea». Askotan herriko ile apaindegian uzten ditu liburuak: «Luzaideko emakumeek asko irakurtzen dute».

LIBURUTEGI IBILTARIAK
Mari Mar Agos, Aurizperriko liburuzaina, biblionetan liburuak sartzen; Berragu deitzen da liburutegi ibiltaria. KRISTINA BERASAIN TRISTAN

Nafarroako Gobernuak irakurzaletasuna sustatzeko, kulturarako sarbidea bermatzeko eta herrien despopulatzeari aurre egiteko abiarazi zuen liburutegi ibiltarien egitasmoa. Liburutegien Legeak dio 3.000 biztanle baino gehiago behar direla liburutegi publiko bat izateko; beraz, asko eta asko dira zerbitzu hori ez duten herrixkak. Erroibar, Artzibar eta Aezkoa ibarretako eta inguruko herrietako biztanleak batuta iritsi dira zenbateko horretara. Martin Zaragueta horregatik hasi zen liburuak herriz herri eramaten. «Aitzindaria izan zen, berak jarri zuen martxa proiektua, 1998an. Aurizperrikoa da sortzez, eta nire aurretik egon zen liburutegian. Bere auto propioarekin joaten zen herrietara, eta nik ere, hasieran, hala egiten nuen». Herritarren erantzuna aintzat hartuta, beste urrats bat egin zuten. Agos oso kontentu dago biblioneta  berriarekin: «2020ko otsailean iritsi zen. Haurrek ongietorria egin zioten, pankarta eta guzti. Orain dena errazagoa da, lehen nire autoa hustu behar izaten bainuen ostiralero. Furgoneta oso polita da. Jendeari asko gustatzen zaio».

Izen literarioa

Berragu da furgoneta koloretsuaren izen ofiziala. Agosek dio ez zutela zalantzarik izan izena aukeratzeko garaian: «Liburutegiko leihotik ikusten dugun mendia da. Hemengo herritarrentzat ipuinen, fantasiaren eta misterioaren lekua da. Oso leku literarioa da. Beti dute ahotan Berragu. Sorginak daudela esaten da. Dena dago Berragun».

Berragun, bada, zortziehun liburu kabitzen dira. Atzealdeko atea zabaldu, eta lau tiraderatan daude sailkatuta: «Ostiralero aldatzen dut funtsa. Orain hirurehun bazkide ditugu, eta eskoletara ere joaten naiz». Nafarroa Beherean ere sartu-irtena egiten du Agosek: «Luzaide eta Arnegiko eskolak elkartu egin dituzte; beraz, muga ere zeharkatzen dut. Arnegiko gurasoak ere hasi dira liburuak eskatzen, baina, tira, guretzat ez dago mugarik».

«Gogoratzen dut lehenengo neguan elur geruza ni baino altuagoa zela. Trabatuta geratu izan naiz. Ibañetatik ere pasatu behar da. Horrelakoetan, bezeroek deitu egiten didate, eta ez joateko esan»

MARI MAR AGOS Aurizperriko liburuzaina

Agos liluratuta dago bere lanarekin, bereziki  aukera ematen diolako irakurleekin gertuko harremanak izateko: «Sukalderaino sartzen naiz. Asko gustatzen zait gertutasun hori. Kafea eta txokolatea eskaintzen dizkidate, eta opilak. Ezetz esaten ikasi behar izan dut». 

Anekdotek liburu bat idazteko ematen dute. Liburuzaina maiz galdu izan da pistaren batean: «Hemen ez dago helbiderik, ez dago zenbakirik; ezin da GPSa erabili. Etxeen izenak erabiltzen dira, eta, ezizenak, eta, nik, fitxetan, izen-abizen ofizialak baino ez ditut. Hasieran, askotan galdu nintzen». Pirinioetako negu luzeek ere utzi dute pasadizoren bat: «Gogoratzen dut lehenengo neguan elur geruza ni baino altuagoa zela. Trabatuta geratu izan naiz. Ibañetatik ere pasatu behar da. Horrelakoetan, deitu egiten didate bezeroek, eta ez joateko esan».

Agosek esker ona adierazi du, eta, dioenez, herritarrek ere asko eskertzen dute zerbitzua. Paula aurizperritarrarekin akordatzen da: 102 urtera arte bizi izan zen, eta irakurtzen zebilen beti. Eta Sararekin: «Zaraguetan bizi zen, baserri batean, bakarrik. Askotan ni nintzen ikusten zuen pertsona bakarra. Behin, bonbilla bat aldatzen lagundu behar izan nion. Etxera sutarako egurra sartzen ere lagundu nion noizbait».

Tomateak eta letxugak

Iñaki Susori (Bilbo, 1972) tomateak eta letxugak eman izan dizkiote liburuen truke. «Eta gereziak, zainzuriak, urrak edo intxaurrak. Baratzean garaian-garaian duten hori ekartzen dute». Lapoblacioneko frontoi ondoan utzi du bibliobusa, eta dagoeneko zain dauka bezero bat. Jordi Gonzalez ere berehala gerturatu da alabekin. Valentinak eta Marielak ipuin bana hartu dute. Aitak hitz onak baino ez ditu urtarrilaz geroztik herriraino iristen den liburutegi ibiltariari buruz: «Herritar batek eskatu zuen, eta gozamen hutsa da. Herriak oso ahaztuta daude, baina hemen jende gaztea bizi gara, eta zerbitzu honek hutsune bat betetzen du».

LIBURUTEGI IBILTARIAK
Jordi Gonzalez, bibliobusaren erabiltzaileetako bat, Lapoblacionen. Iñaki Suso Lizarrako merindadea zeharkatzen duen liburutegi ibiltariaren arduraduna da. KRISTINA BERASAIN TRISTAN

Gonzalez kataluniarra da sortzez, badira zortzi urte Lapoblacionen bizi dela: «Herri txiki infernu handi esaten da, baina ni oso gustura bizi naiz hemen; natura eta askatasuna dituzu, eta herriek badute beren xarma. Gaur bizilagunak eskatu dit berarentzat liburu bat hartzeko».

Nafarroan gehien handitu diren herrietako bat da Lapoblacion. Egun, 50 biztanle inguru ditu, eta hamar bat haur. Lizarrako merindadea zeharkatzen duen bibliobusak egiten dituen zortzi ibilbideetatik martxan jartzen azkena izan da herriraino iristen dena. Susok azaldu du sei ibilbiderekin hasi zirela, baina zerbitzuak zer harrera izan duen ikusita beste bi ibilbide txertatu dituztela: «2022ko urrian hasi ginen, eta 50 herritara iristen gara orain. Astelehenetik ostegunera ibiltzen gara herriz herri. Orotara, 8.500 biztanleko eremu batean egiten dugu lan, eta 1.500 bezero ditugu jada. Tafallaldean eta Zangozaldean ere badago asmoa zerbitzua eskaintzeko. 2026rako egongo da martxan zerbitzua han». Lapoblacion atzean utzi, eta hurrengo helmugara abiatu da bibliobusa: «Orain Genevillara goaz. Negu honetan hemen bakarrik ikusi dugu elurra. Ibilbide honetan sei herritara joaten gara: muga deitzen diogu, muga-mugan dagoelako».

«Haurrek erabiltzen dute zerbitzua gehien, baina emakumezkoak ere oso irakurzaleak dira. Askok esan izan digute guri esker zaletu direla irakurtzera»

IÑAKI SUSO Lizarrako merindadeko bibliobusaren arduraduna

Bibliobusa handiagoa da biblioneta baino. Bezeroa barruraino sar daiteke apalategietan txukun-txukun jarrita dauden liburuak begiratzera: «950 liburu inguru eramaten ditugu, baina biltegian 7.000 ditugu. Liburu berriak dira, duela hiru urte hasi baikinen bilduma osatzen». Susok ere jendearen esker ona azpimarratu du: «Haurrek erabiltzen dute zerbitzua gehien, baina emakumezkoak ere oso irakurzaleak dira. Askok esan izan digute guri esker zaletu direla irakurtzera».

LIBURUTEGI IBILTARIAK
Genevillako frontoian geratzen da liburutegi ibiltaria. Bailaraz bailara, herriz herri eta frontoiz frontoi ibiltzen da. KRISTINA BERASAIN TRISTAN

Maileguak ohi baino epe luzeagorako izaten dira, liburutegi ibiltaria hilean behin pasatzen baita herri bakoitzetik; beraz, sei asteren buruan itzuli behar izaten dute. Txartela dutenek sei liburu hartzeko aukera dute, baita nahi duten liburua eskatzekoa ere: «Whatsapp bat daukagu, eta bertara idazten digute. Liburu jakin hori ez badugu, liburutegietatik hartzen dugu», dio Susok. Haren hitzetan, ahoz ahokoari esker zabaldu da zerbitzua. Mues herrian oso harrera ona dutela nabarmendu du: «Beti egoten dira gure zain, beti berberak. Gastiainen ere bai; 34 biztanle ditu, eta beti bospasei lagun egoten dira gure zain. Lezaun ere aipatu behar da, eta ibilbidean bost herri eskolatan ere geratzen gara: Abartzuza, Antzin, Deikaztelu, Villatuerta eta Zudairin. 

Genevillako frontoian txoriak entzuten dira. Bi haur ari dira esku pilotan. Inaxio Iriarte liburu batzuk itzultzera eta beste batzuk hartzera sartu da bibliobusera: «Gaur Isaac Asimoven liburu bat hartu dut; normalean saiakera irakurtzen dut. Aukera polita da herrian bertan liburuak hartu ahal izatea».

LIBURUTEGI IBILTARIAK
Mirari Rekaldek asko erabiltzen du zerbitzua. Irudian, Izarnerekin batera. Pozarren daude liburutegi ibiltariarekin. KRISTINA BERASAIN TRISTAN

Cabredon amaitzen du ibilbidea liburutegi ibiltariak. Hamar bat lagun elkartu dira frontoiaren inguruan. Mirari Rekaldek feminismoaren inguruko bi liburu hartu ditu. Izarnek, berriz, maitasun istorio bat ardatz duen eleberri bat. Eta Aimarrek, Bigarren Mundu Gerraren inguruko bat. Hizketan geratu dira plazan, bakoitzak bere liburua besapean duela. Ogia, haragia, fruta eta arropa eramaten dituen furgoneta ere iristen da herrira, eta, udaran, astearte eta larunbatetan, izozkiak eramaten dituena ere bai, baina liburutegi ibiltarietan dena kabitzen da; liburuetan dena dago. Berragun bezala.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.