ATZEKOZ AURRERA. Jose Luis Asensio. Iruñeko literatur lehiaketaren irabazlea

«Liburuak ez du argitaletxerik behar»

Iruñeko Udalak antolatutako azken Egile Berrientzako Literatur Lehiaketa irabazi zuen Asensiok 2013an, baina argitaratzeko zegoen haren lana. Bere kabuz argitaratu du, ipuin bilduma baten barruan.

Iker Tubia.
Iruñea
2015eko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Telekomunikazioan ingeniaria da, programazio lanetan dabil, eta idaztea txikitatik maite du. Jose Luis Asensiok (Etxarri-Aranatz, 1980) ipuin liburu bat argitaratu berri du: Ixa, asap! (Iratxe, 2015). Ixabelen laburdura eta As Soon As Possible-ren akronimoa da izen bitxi hori. Finantzaketa kolektiboari esker lortu du helburua.

Lehiaketan parte hartu, irabazi, eta lana ez zuten argitaratu. Zer pentsatu zenuen?

Pena eman zidan. Esan ziguten zaila izango zela, diru kontuak gaizki zebiltzala... eta nik esan nien guztien diru sariak pixkatxo bat txikituta argitalpena egiteko adina bazegoela, polita litzatekeela. Utzi egin zuten; ikusten genuen ez zela ateratzen. Puxikari haizea joaten zaion bezala, ilusioa galtzen joan nintzen. Baina argitaratzeko erabakia hartu eta baimena eman zidatenean, berriro puztu nintzen.

Iruñeko Udalak euskal literaturari egiten dion aitortzarik eza da?

Nik ez dakit ez zer egiten duten eta ez zer ez duten egiten diruarekin. Baina literatur lehiaketa bat egin eta gero lanak irakurtzen ez badira, ez du ezertarako balio.

Prozesu guzia zuk egin duzu. Horrela bereziagoa da liburua?

Asko ikasi dut. Funzeen aldizkarian lan egiten dut, eta zerbait banekien, baina liburu oso bat zuk egiteak pauso pila bat ditu. Horrek asko bete nau, eta oso pozik nago emaitzarekin.

Kultura kontsumitzeko ohiturak aldatu dira?

Esaten ohi da geroz eta musika edo liburu gutxiago kontsumitzen direla dendetan. Baina jendeak irakurtzen du, eta musika entzuten du. Gauza hauetan ikus daitezke aldaketak. Proiektu pila bat ikusi ditut, eta jendeak ja ez du lehen bezala argitaletxera zuzenean jotzen. Lehendabizi irakurlearengana jotzen dute, eta pentsatu: nork irakurri nahi du nire liburua? Beste filosofia bat da: irakurlearengana edo kontsumitzailearengana zuzenean jo eta zer nahi duen galdetzea.

Lehen liburua duzu. Ez duzu lehenago halakorik egitea pentsatu?

Nire formatua narrazio laburra da, eta, noski, hori argitaratzeko ez dut inoiz saiorik egin, batez ere nire ipuinak motzak zirelako eta ez neukalako nolabaiteko indarra atzetik argitaletxeek niri jaramon egiteko. Espero dut behin liburu bat izanda, hurrengorako, ipuin liburua izan edo eleberria izan, gutxienez erreferentzia bat izanda errazago izatea.

Tranpolin bat izan daiteke hau?

Bai, nire helburua orain ez da dirua irabaztea. Soilik 300 liburu dira, prezioa guztiz estutu dut, eta nire poltsikotik dirua jarri dut. Nire helburua jendeak ikustea da.

Lan harremanak hizpide dituzu ipuin gehienetan. Zer kezka duzu?

Alde batetik, jorratu dut nire lanbidea pixka bat. Lehen ipuinean neska ilehori batek informatika denda bat zabaltzen du. Jorratu ditut dituen arazoak eta klixe guztiak. Baina krisiaren eta globalizazioaren eragina gure gizartean bigarrenean landu dut batez ere. Krisiak ematen du aukera gauza askori buruz hitz egiteko. Guk dugun arazo handi bat da, baina aldi berean salaketa asko egiteko eta ilunpean zeuden gauza asko azalera ekartzeko aukera ere ematen digu.

Ipuinetako batean zure euskalkia sartu duzu. Zertan oinarritu zara hura idazteko?

Idatziz badaude nolabaiteko saioak, baina ez naiz filologoa, eta ez dut aztertu, hitz egiten dudan moduan idazten saiatu naiz. Oinarritu naiz nire esperientzian. Lagunen bati ere eskatu diot laguntza zuzenketak egiteko, baina nik uste irakurrita fonetikoki ulertzen dela Etxarriko euskalkia nolakoa den.

Eskasa da euskal literaturaren belaunaldi berria Nafarroan?

Egile berrientzako toki gutxi dago asko saltzen duten beste batzuk hor badaude. Baina, beste ikuspuntu batetik, badaude aurrera egiteko aukerak. Egun, liburu bat argitaratzeko ez duzu atzetik argitaletxe bat izan behar. Jendeak aukera horiek pixka bat jorratu beharko lituzke. Beti daude egileak, arlo guztietan, nahiz eta dendetan ikusgai ez egon. Gauza da bilatzea, eta literatura beste modu batez kontsumitzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.