Egunkari txondorrak dauzka pilatuta tailerrean. Helena Jimenez de Aberasturi (Donostia, 1971) koadernatzailea da. Donostiako Aizkorri kale ezkutuan dauka tailerra: «Antiguan auzo txinatarra deitzen zioten lehen kaleari; prostitutak ibiltzen ziren, baina orain biziberritzen ari da. Egunkariekin atzeratuta nabil». Donostiako Liburutegi Nagusiko hemerotekarako koadernatzen ditu egunkariak, tartean BERRIA. Donostia Kulturan, berriz, ikastaroak ematen ditu. Lanak gaurtik ekainaren 15era bitartean egongo dira ikusgai Liburutegi Nagusian.
Gaur zabalduko duzue erakusketa.
Eduardo Txillidari omenaldi txiki bat egin nahi izan diogu bere jaiotzaren ehungarren urteurrenaren harira. Ikasleek haren obra hartu dute ardatz koadernaketak egiteko. Gauza ederrak atera dira.
Zuri etxetik datorkizu liburuen lilura, ezta?
Aitatxik, Nicolas Jimenez de Aberasturik, liburu denda bat zuen Donostian: Easo. Eta aitak, Juan Carlos Jimenez de Aberasturik, Txertoa argitaletxea sortu zuen. Niri eskulanak gustatzen zitzaizkidan, eta aitak esan zidan koadernatzen probatzeko. Madrilera joan nintzen ikastera. Florentzian [Italia] liburuak zaharberritzen ikasi nuen.
Urtero joaten zara Parisera...
Aitona liburu bereziak erostera joaten zen; hemen aurkitu ezin ziren liburuak erostera. Meza liburuekin akordatzen naiz. Bonaparte hotelera joaten zen, eta ni ere hara joaten naiz. Aita Casterman argitaletxean aritu zen ikasten, Tintin liburua argitaratu zuen argitaletxean, eta bolada batez hotel horretan bizi izan zen.
Txarnela da tailerraren izena.
Txertoa izena ezin nuen erabili; Elkarren esku geratu zen. Antzeko izen bat bilatu nahi nuen, eta Txarnela topatu nuen; liburuaren parte bat da: txanga.
Nolakoa da prozesua?
Lehenengo, orriak prentsan sartzen dira orrien artean dagoen airea kentzeko; gero, moztu egiten da, eta eskuz josten da, jostorratzarekin. Ondoren, babesorriak jartzen zaizkio, liburua eta azala heltzeko. Gero, bizkarrean kola eman, eta muturgoikoa jartzen zaio, eta gero tapak. Dena eskuz egiten da. Erritual bat da.
Tresna bereziak beharko dira...
Zizaila eta gillotina. Hauek oso zaharrak dira, ehun urte baino gehiago dituzte. Aitak Madrilgo inprenta batean ikusi zituen, eskailera baten azpian.
Liburu bereziren bat baduzu?
Denak dira bereziak. Enkargu bakoitza desberdina da, eta pasio berarekin koadernatzen dut inkunable bat edo familia baten argazki albuma. Donostiako estatutuaren inguruko liburuxka batekin ari naiz orain. Liburutegikoa da. Ikerlari batek joan behar du, eta txukuntzeko eskatu didate. Donostiako Liburutegi Nagusiaren kontserbazioaz eta mantenuaz arduratzen naiz. Oso liburu bereziak daude, altxor bat dira, adibidez otoitz orduen liburuak, eskuz margotutakoak. Liburuek informazio asko daukate: liburu bat zer garaitakoa den jakin daiteke nola koadernatu duten ikusita.
Zuretzako lanak ere egingo dituzu.
Tarte bat dudanean. Parisen Eduardo Arroyoren liburu bat erosi nuen, sinatuta eta zenbakituta, eta niretzat koadernatzen ari naiz. Amaren errezetak ere koadernatu nituen. Dilistak nola egiten zituen galdetu genion, eta gero errezeta guztiak idatzi zituen, eskuz. Ikasle batek ur margoarekin ilustratu zituen. Oso polita geratu zen.
Liburu bat ere idatzi zenuen.
Encuadernando con Helena. Apunteak liburu batean sartzea pentsatu nuen. Liburuak euskarazko glosario bat dauka.
Eta Woody Allenen pelikularako liburu bat egin zenuen.
Ingmar Bergmanen liburu bat atera nahi zuten, baina ezin zen originala izan, egile eskubideengatik. Erreprodukzio bat egin genuen. Allen agertzen da pelikulan, liburua esku artean duela. Berak eraman zuen liburua, eta gero nik beste bat egin nuen, berdin-berdina, bitxikeria hori oroitzeko.
LOTSABAKO
Irakurri duzun azken liburua?
Irene Vallejoren Infinitua ihi batean.Erreferente bat?
Juan Antonio Fernandez Argenta. Nire lagun onena ere bada.