Liburu azoka kalean

Estilo guztietako eleberriak egongo dira salgai Zarautzen.Liburuez gain, musika eta euskal aldizkariek ere beren tartea izango dute

2015eko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Kultura trena herriz herri egitasmoaren barnean, Liburu Azoka egingo dute gaurtik aurrera Zarautzen (Gipuzkoa). Munoa kalean izango da azoka. eta argitaletxeak, banatzaileak eta liburu dendak batuko dira. Liburu batzuek, berrienek adibidez, %10eko beherapena izango dute, Asier Muniategi Euskadiko liburu ganbarako azoken koordinatzaileak adierazi duenez. Aukerako liburuak ere egongo dira, euro batean hasitako salmenta prezioa izango dute. Euskarazko literaturak garrantzi berezia izango du. Azken nobedadeak egongo dira salgai, baita horren berriak ez diren eleberriak ere.

«Errotuta dagoen azoka» dela dio Muniategik, eta bost egun iraungo du, hilaren 23 arte. «Izen handiko» liburu eta idazleen artean Unai Elorriaga azpimarratu du Muniategik. Gazteei begira, Katixa Agirreren lanak, «erakargarriak» direla dio eta «erraz saltzen» direla. Betiko egileak ere azokan egongo dira: Kirmen Uribe, Bernardo Atxaga...

Musikak ere bere lekua izango du. Diskoak ohiko taldeenak izango dira, besteak beste: Gatibu, Ruper Ordorika, Berri Txarrak eta Ezinean. Juan Carlos Irizar Oñatiko musikalgile gipuzkoarra han egongo da, eta haren lanak «polito» saltzen direla nabarmendu du Muniategik.

Euskal aldizkariekin erakusketa antolatua dute. «Mahai pare bat prestatuak ditugu aldizkarien argazki eta informazioarekin», zehaztu du Muniategik. Garziarena, Pamiela, Pott, Porrot eta Literatur Gaztea aldizkariak egongo dira, besteak beste.

Idazleak bertan

Poesiak ere bere lekutxoa izango du azokan, eta Miren E. Palacios liburuak sinatzen arituko da etzi, 13:00etatik aurrera. Jose Javier Abasolo, «euskal nobela beltzaren ardatza» Muniategiren hitzetan, Palaciosekin batera arituko da sinatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.