Komiki alternatiboaren artista handienetako da Peter Bagge (Peekskill, AEB, 1957). Beti izan zuen gogoan marrazkilari izatea, baina ez zuen erronka serio hartu, 20 urte bete zituen arte. Robert Crumb komikigilearen lanek erruaren parte izan dutela aitortu du askotan. Bizi erditik gora darama istorioak sortzen, eta gai politikoei eta sozialei punta zorrotza ateratzen, komikiaren bidez. La Cupula argitaletxeak haren lan asko argitaratu ditu, gaztelaniaz. Getxoko Komiki Azokan da.
Getxora etorri zaren lehen aldia al da? Zer espero duzu?
Getxoko Komiki Azokan izango naiz lehen aldiz aurten, eta gogotsu nago. Azoka zoragarria dela esan didate, eta hiri ederra. Ezagutzeko irrikaz nago.
Gogoko al duzu halako azoketara joatea? Zer eskaintzen dizute azoka horiek?
Ipar Ameriketan egiten diren azokek ez dute zerikusirik Europan egiten diren azokekin; oso bestelakoak dira. AEBetan egiten diren azoketara, esaterako, dirua irabaztera joaten zara, eta zure postuan geratzen zara egun osoan, mugitu ere egin gabe. Europan egiten direnetan, aldiz, arteko azoka erakusketa bateko gonbidatu gisa hartzen zaituzte, eta turista moduan ibiltzeko denbora libre gehiago duzu.
Irakurleekin egoteko aukera ere izango duzu. Gustuko duzu irakurleekin iritziak trukatzea?
Inolako zalantzarik gabe, gogoko dut irakurleekin harremanetan egotea eta hitz egitea.
1980ko hamarkadaren hasieran zure lehen seriea argitaratu zenuen, bakarka: Neat Stuff. Beste hainbat istorio eta pertsonaia sortu dituzu gerora. Zein da zure pertsonaia gustukoena?
Asko dira sortu ditudan pertsonaiak, bai; baina, bat aukeratu beharko banu, Hate komikietako Lisa pertsonaia hautatuko nuke. Oso pertsonaia konplexua da, eta ezin iragarrizkoa.
Ba al da gogoan duzun eta sortzeke geratu zaizun pertsonaiarik edo istoriorik?
Asko. Buddy Bradley eta Lisa pertsonaien beste hamaika abentura sor nitzake, esaterako, baina ezin diot laneko denbora gehiago eskaini. Agian, egunen batean...
Zer behar du komiki batek arrakastatsua izateko?
Uste dut denek jakin nahi dutela galdera horren erantzuna! Lanari denbora eta dedikazio asko eskaintzeaz gain, garrantzitsua da denbora epeak zaintzea, eta hori guztia aurreikustea ezinezkoa da.
Normalean lantzen ez diren gaiak jorratzeko eta lantzeko bitarteko edo arma boteretsua dela uste al duzu komikia?
Bai. Oro har, filmak eta telebista bera baino pertsonalagoak direla uste dut. Komikiaren atzean ez dago jende talde bat nahastuta, eta ez duzu inbertsorerik azalpen eske. Komikigileek probetxu gehiago atera behar diote horri.
Proiekturen bat al duzu buruan bueltaka?
Oraintxe, komiki biografiko bat lantzen nabil. Rose Wilder Lane idazle estatubatuarraren ingurukoa da.
Zure ustez, zein da komiki alternatiboaren etorkizuna? Nola ikusten duzu hemendik urte batzuetara?
Marrazki eta komiki egileak libreki adierazteko aukera izaten duten bitartean, etorkizuna oparoa izango dela uste dut.
Peter Bagge. Komikigilea
«Libreki adierazten den bitartean, oparoa izango da etorkizuna»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu