2022. urtean munduan egin diren muralik onenetan hirugarrena Euskal Herrian dago, Ondarroako Kamiñazpi auzoan (Bizkaia). Hala erabaki dute Street Art Cities atariaren erabiltzaileek: urtarrilaren hasieran iazko ehun muralik onenen zerrenda argitaratu zuten han, eta, orain, bozketa bidez, Ondarroakoa hirugarren onena dela ebatzi dute. Kataluniako Lian artistak egindakoa da murala, joan den udaberrian; esku batzuk ageri dira han, sare bat konpontzen.
Bozketaren irabazlea Herbehereetan dago, Tilburgen, eta bigarrena, berriz, Argentinan, Buenos Airesen.
Bozketa irabazi duen murala. Tilburgen dago, Herbehereetan.BERRIA
Lian muralgilearentzat ez da berria ehun onenen zerrendan sartzea. 2019an ere lortu zuen, Leitzako (Nafarroa) Atekabeltzen egindako muralarekin, eta, bozketa bukatuta, 45. postua eskuratu zuen. «Oso pozik hartu nuen albistea, eta mundu mailan 45. postua eskuratzea zoragarria izan zen, baina ez nuen sariaren fruituak ikusteko aukerarik izan, saria jaso eta hilabetera pandemia etorri baitzen». Hirugarren postua lortu du orain.
Artistak azaldu izan duenez, Ondarroako muralean sarea da batasunaren eta lanaren sinboloa, eta horregatik da koloreztatuta dagoen elementu bakarra. «Esku hiperrealistak emakume langile guztienak dira, babaz beteriko eskuak, umilak, baina trebeak». Gehitu izan duenez, mendeetan Ondarroako emakumeak herriko jarduera garrantzitsuenen arduradun izan dira, herri arrantzalea baita Ondarroa. Horregatik, hango emakume batek esan zion bazela garaia emakumezkoek egindako hainbat lan duintzekoa.
Bozketan bigarren postua eskuratu duen lana, Buenos Airesen.BERRIA