Street Art Cities atariak 2022an egin diren munduko 100 mural onenak argitaratu ditu, eta, hain zuzen ere, Lian artistaren mural bat dago zerrendan, Ondarroako Kamiñazpi auzoan dagoena: «Ohore bat da niretzat zerrendan egotea; maila ikaragarria duten artistekin batera egotea berezia bezain ederra da».
Ez da lehenengo aldia Lian muralgilea ehun onenen zerrendan sartzen dena. 2019an ere lortu zuen zerrendan sartzea, Leitzako Atekabeltzen egindako muralaren lanagaz, eta, bozketa burututa, 45. postua eskuratu zuen. «Oso pozik hartu nuen albistea, eta mundu mailan 45. postua eskuratzea zoragarria izan zen, baina ez nuen sariaren fruituak ikusteko aukerarik izan, saria jaso eta hilabetera pandemia etorri baitzen».
Ikusi gehiago:'Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza'-n
Bozketa. Ehun aukeratu horien artean irabazlea zein izango den bozka bidez aukeratuko da, eta bozkatzeko aukera zabalik dago, hain zuzen ere, urtarrilaren 30era arte. Street Art Cities aplikazioaren bitartez eman behar da botoa. «Botoa ematera gonbidatuko nuke jendea; aukera asko daude, eta, nor bere gustuen araberakoa izanik, badago non aukeratu».