Aldaketaren seinale da beti mudantza. Izan etxearena, azalarena edo mamiarena. Eta eskatzen du denbora, eskatzen du lana, eta eskatzen du pazientzia. Bai, behintzat, hobe beharrez egiten denean aldaketa, eta hori da kasua: abiatu dute mudantza Koldo Mitxelena Kulturunean. Jada estaltzeko balio ez duen estalkia aldatzeko, itoginei ihes egiteko, eta fatxadatik askatzen diren piezak berritzeko. Bada letren mudantza, dokumentuen mudantza, eta kultur jarduera guztiaren mudantza ere.
Azken eguna da. Ez du albisteak inor ezustean harrapatu. Ez baita abisatu faltan gelditu. Ohar erraldoi bat dago atarian itxieraren berri ematen duena, pantaila bat sarreran, eta ohar txikiagoak barrenean. Zera azaltzeko: mailegu zerbitzua ematen jarraituko dutela Errege-erregina Katolikoen kaleko 16. zenbakian, Komikigunea egon izan zen tokian —60.000 dokumentu baino gehiago lekuz aldatuko dituzte—, eta uztailaren amaieran jarriko dutela martxan zerbitzu berria, eta ordutegi bera izango duela (08:30-20:30).
Hitzaldiak eta bestelako jarduerak, berriz, Parte Zaharrean egingo dituzte, Santa Teresa komentuko ekitaldi aretoan, astelehenetik aurrera. Liburutegiaren funts historikoa ere kontsultatzeko moduan egongo da Oñatin (Gipuzkoa), Gipuzkoako Probintzia Artxibo Historikoan, abuztutik aurrera.
«Falta sumatuko dugu»
Azken egunera arte ari dira erabiltzaileak gunea baliatzen. Ikasleak dira asko. Maria Rubio andoaindarra eta Odile Sanchez astigartarra tartean. Lexikografiari buruzko masterra ari da egiten bata, eta epaile izateko oposizioak prestatzen bestea. «Falta sumatuko dugu. Ezagutzen dugun liburutegirik egokiena da ikasteko. Ikerlari asko etortzen dira, dokumentazioa ere oso ona da... Esan digute orain toki ezberdinetan jarriko dituztela zerbitzuak, baina ez da gauza bera izango», azaldu du Rubiok.
Hasi dira toki berriaren bila. EHUko liburutegira joango direla diote. Sanchezek, ordea, han ez du topatzen Koldo Mitxelenan topatzen duen isiltasunik eta patxadarik: «Hau oso toki lasaia da, mahaiak handiak dira, nahi adina toki daukazu zuretzat, eta asko errespetatzen da aldamenekoa. Oposiziogile asko etortzen dira, BAME azterketa prestatzen ari diren beste asko...». Baina biek onartu dute «agerikoak» zirela kulturuneak zituen gabezia batzuk: «Irisgarritasunarekin zerikusia dutenak, batez ere».
Gurutzegramak egiten ari da erabiltzaile bat Hemeroteka gelan, eta egunkariak irakurtzen isilean beste zortzi erretiratu. Juan Inazio Zulaika puntista ohi eta BERRIAko kolaboratzailea tartean. «Gertu bizi naiz, eta egunero etortzen naiz egunkariak patxadaz irakurtzera. Bitartean jarriko dituzten tokiak ez ditut urruti, eta ez diot egoerari eragozpenik ikusten. Sekulako zerbitzua ematen du Koldo Mitxelenak, baina nabaritzen zen berritu bat behar zuela: korridore batzuetan, krak egiten du zoruak oinazpietan».
Aterperik gabekoak
Lanean ari da jendea ikasgeletan, pantailei so, aurikularrak soinean. Korridoreetan daudenak etorkin gazteak dira asko. Sakelakoaren bateria kargatzen eta eraikineko wifi sarea baliatzen ari dira. «Horientzat egiten dugun aterpe funtzioa galtzeak ere pena ematen du. Kultur zentro batek funtzio hori ere bete behar du», azaldu du Koldo Mitxelena kulturuneko zuzendari Patxi Presak.
Ez dute zerikusirik eraikinaren beheko parteak eta goikoak. Bulegoak jada hustuta daude, eta eraman beharrekoak, paketatuta. Mahai huts baten gainean du lantokia Presak. «Erabiltzaileei zer esan diegun? Bada, barkatzeko eragozpenak. Baina behar-beharrezkoak dira lanak. Orain hau horrela ikusten duzue, baina atzo arte baldeak jarrita geneuzkan. Itoginak izaten ditugu, aldiko. Azken urteetako euriteek erabat hondatu dute hau. Hoditeria osorik aldatu behar da, estalki guztia, fatxada...».
2015etik zuten horren guztiaren berri ematen zuen txostena, baina luzea izan da ibilbide administratiboa, eta luzea pandemiak eragindako etena. Hastear dira lanak, eta 21 hilabete iraungo dutela aurreikusten dute. 2025eko abendurako espero dute Koldo Mitxelena berria, mudantza eginda.
ATZEKOZ AURRERA
Letren mudantza
Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunea itxi egin dute, berritze lanak egiteko. Lekuz aldatuko dituzte mailegu zerbitzua, ekitaldiak eta bestelako jarduerak. Lanak 2025ean bukatzea espero dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu