«Lemkoak, inongo ez den jendea». Andy Warhol margolari rusiniarraren hitzak dira. Eslovakian bizi diren lemkoen herrikoa zen. Haren gurasoek AEBetara emigratu behar izan zuten, lemkoen lurraldeak bizi zuen egoeraren ondorioz. Lemkera da lemkoen hizkuntza. Haien egoera izango du oinarri Jonmikel Intsausti (Lazkao, Gipuzkoa, 1967) informatikariak, Hitz Adina Mintzo zikloaren barruan. Gaur emango du hitzaldia, Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean, 19:00etan.
Kulturaren, hizkuntzaren eta erlijioaren arabera, talde rusiniar baten parte dira lemkoak. Zeintzuek osatzen dute talde hori?
Rusnak eta lemkoak dira talde rusiniarraren parte. Halere, lemko hitzaXX. mendekoa da; antzina, guztiak ziren rusnak. Eta horiek, berriz, ruteniarren barruan daude, doliniarrekin, boykoekin edota hutsulekin batera. Finean, herri senideak dira, eta hizkuntza oso antzekoak dituzte. Polonia, Eslovakia, Errumania eta Ukraina artean dauden Karpatoetako mendialdean bizi izan dira lemko, rusiniar eta ruteniar gehienak, XX. mende erdira arte.
Talde rusiniarrean, Polonia aldekoak lemkoak dira; Eslovakiakoak, berriz, rusnak. Ba al dago ezberdintasunik haien artean?
Herri bera dira, baina lemkeraren dialekto ezberdinak hitz egiten dituzte. Bestalde, lemkoak bizi diren Karpatska Rus'-eko mendialdea ez da oso malkarra, eta mendiak baxuagoak dira. Horrek aukera eman zien elkarren artean harremana edukitzeko.
Zer da Karpatska Rus'?
Karpatoetako lurralde osoari eman zioten izena da Karpatska Rus'. Euskaldunentzako Euskal Herriak duen kontzeptu bera adierazten du haientzat. Horren barnean, bada beste lurralde bat lemkoendako garrantzitsua: Lemkovyna. Lemkoek hala deitzen diote euren jatorrizko herrialdeari. Dakigunez, XV. mendetik aurrera bizi dira Karpatoetan.
Eta, ordutik, erresistentziari eutsi al diote lemkoek beren izena eta izana babesteko?
Esaterako, egin zituzten saiakerak errepublikak sortzeko. XIX. mendean, lemkoek adierazi zuten bazutela ukraineratik aparteko hizkuntza bat, eta, gainera, esan zuten ez zirela ukrainarrak. Izan ere, ukrainartzat jotzen zituzten ukrainarrek. Lehen eta Bigarren Mundu Gerren artean, Komancza Errepublika sortzeko saiakera egin zuten, Europako erdialdeko mugak kolokan zeudenean. Saiatu ziren euren estatua garatzen, eta Europari erakutsi zioten moldatu zitezkeela. Poloniak ez zien utzi, eta bere barnean sartu zituen.
Izan ere, agintari zenbaitek jazarri egin diote herri horri urteetan.
Bai. Lehen Mundu Gerran lemkoak jazarriak izan ziren, eta Talerhoffeko kontzentrazio esparruan akabatu nahi izan zuten haien intelligentsia. Gero, II. Mundu Gerran, sobietarrek 100.000 lemko deportatu zituzten. 1947an, berriz, Akcja Wisla operazioan, agintari komunistek geratzen ziren lemko guztiak—70.000 gutxi gorabehera— Polonian sakabanatu zituzten. Garbiketa etnikoa egitea zuten helburu.
Gainera, deportazio basatiak izan ziren. Indarkeria eta tortura protagonista izan al ziren?
Deportazioak ganadua garraiatzeko bagoietan egin zituzten. Tren geltokietara joateko, distantzia luzeak egin behar izan zituzten oinez, eta janaria ere eskasa zuten. Jazarriak ere izan ziren. Poliziek eta militarrek indarkeria erabili zuten. Ondorioz, zenbait lemko hil ziren.
Eta identitatearengatik ere diskriminatuko zituzten...
Diskriminatu eta jazarri. Komunismo garaian ezin ziren euren hizkuntzan mintzatu, euren dantzak dantzatu. 1970eko hamarkadan, lemko haurrei ere jazarri zitzaizkien; esaterako, Jerzy Starzynsdki koreografoari. Lemko herriaren alde lan handia egin du hark. Kyczera kantu eta dantza lemkoen taldea ere sortu zuen, eta helburu zuen tradizionala zena transmititzea.
Horren ondorioz, lemkeraren hiztun kopurua ere apaldu al zen?
Bai. Horrekin guztiarekin lemkoak asimilatzea zen helburua, poloniarrak bihur zitezen. Akcja Wisla operazioan, lemkoak herrietan sakabanatu zituzten; sarritan, familia bat herri bakoitzean, eta, ondorioz, familia klanak banandu zituzten. Bigarren Mundu Gerraren ostean, aurretik multikulturala zen Polonia hura kolore bakar batez margotu nahi izan zuten agintari komunistek.
Lemkoak gutxiengo etnikotzat aitortu zituzten 2005ean. Halere, berandu al zen horretarako?
Aitortu bai, baina mina betiko egina dago. Asimilazio prozesua 40 urtez ezarri zuten. Orain, jatorrizko egoerara itzultzeko egin behar den lana izugarria da. Bizirik irauteko lanean ari da lemko herria. Halere, eskuineko gobernuak ez du laguntzen. Gainera, ez dute instituzio propiorik ere.
ATZEKOZ AURRERA. Jonmikel Intsausti. Informatikaria
«Lemko herria bizirik irauteko lanean ari da»
Polonian bizi den talde rusiniar baten parte dira lemkoak. Karpato mendialdean dute jatorrizko lurraldea. Urteetan, erresistentzia egin arren, jazarriak izan dira. Intsaustik haien egoera aztertu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu