Irantzu Lekue (Gasteiz, 1987), artista garaikidea izateaz gain, aktibista ere bada. Bi arloak uztartu izan ditu bere ibilbidean, arte parte-hartzailea sustatuz; muralak, instalazioak eta margolanak egin ditu, besteak beste. Toberako (Araba) ur jauzietan egon da iragan astean, eta leku «berezia» aurkitu du.
Zergatik aukeratu dituzu Toberako ur jauziak?
Duela bi egun aurkitu nuelako lekua, eta izugarri gustatu zitzaidalako. Oso lasaia da, eta, ur jauziak ikusi nituenean, zerbait mugiarazi zuten nire baitan.
Zer sorrarazi zizun leku horrek?
Lasaitasun handia. Gainera, naturarekin dudan harremana azkartu egin zen, nolabait, bertan. Ez dakit, nire burua mitologiara eta gure sustraietara joan zen.
Mitologiara eta sustraietara?
Bai, azken boladan asko pentsatzen dut nolako harremana daukagun naturarekin, eta nola hiriek naturatik eta gu gatozen lekutik alde egin duten. Adibidez, Toberan zapatak kendu nituen, eta errekan ibiltzen hasi nintzen; oinutsik. Gero, baita belarretan ere. Beti zapatilekin ibiltzera ohitu gara jada, erosoagoa delakoan, baina ez da egia.
Pertsonalki zein artistikoki naturarekin lotura estua daukazu?
Bai. Uste dut oso inspiratzailea dela; batez ere, naturatik oso urrunduta gaudelako. Uste dut horrelako lekuak aurkitzeak barnea astintzen duela, eta kritikara ere eraman dezakeela: gaur egun nola bizi garen hausnartzera, eta nolako beharra daukagun naturara hurbiltzeko. Niretzat, hausnartzeko lekua da, eta baliagarria zait lasaitzeko eta neure burua aurkitzeko.
Toba kareduna kareharrizko arroka oso porotsua da. Urak bere bidea egiten du arroka zulatuz. Zerbaiten antza hartzen diozu?
Gaur egun oso zuzenduta daukagun bide bat irudikatzen duen metafora bat izan daiteke. Normalean, bide horretatik goaz, baina beste bide batzuk aurkitzeko aukera ere badaukagu. Eta ura ere ahal duen lekutik joaten da, ez?
Asko hitz egiten duzu Toberak ematen dizun lasaitasunaz. Gizartean badago topiko bat, artistak oso gorabeheratsuak zaretela esaten duena. Gorabehera horiek gainditzeko lekua da?
Uste dut jendarte osoa dabilela beti presaka, abiadura bizian, ez dugula pentsatzeko astirik izaten. Konfinamenduak ere lasaitzeko momentu bat ekarri du, eta, nolabait, barrura begiratzeko unea izan da. Nire ustez, lasaitasun horrek ematen dizu zure bidea aukeratzeko beta, pentsatzeko zer bide hartu nahi duzun.
Normalean ingurune urbanoetan garatzen dituzu zure lanak. Pentsatu al duzu inoiz Toberakoa bezalako naturgune batean artea sortzerik?
Bai, egia esan, asko gustatzen zait Land Art-a. Naturan egiten diren instalazioak dira, naturatik bertatik hartutako elementuekin. Duela pare bat urtetik hona pentsatzen ari naiz horrelako zerbait egitea.
MAITE DITUT MAITE... TOBERAKO UR JAUZIAK. Irantzu Lekue. Artista
«Leku honek zerbait astindu zuen nire baitan»
Lekuek duela gutxi ezagutu zituen Toberako ur jauziak; hala ere, lekuaz berehala maitemindu zen. Gure gizartea «abiadura bizian» bizi dela dio, eta naturara hurbiltzeko premia daukala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu