150 urte bete ditu Lekeitioko musika bandak, eta hark botako du jaiak hasten direla iragartzen duen suziria. Urtzi Iriondo zuzendariaren (Mutriku, Gipuzkoa 1975) esanetan, pozik daude kideak, eta eskertzen dute udalak egindako aitortza.
Nola doaz urteurreneko ospakizun emanaldiak?
Ondo; azken txanpan gaude jada. Urte osoa daramagu ekitaldiz ekitaldi, eta bakarra gelditzen zaigu. San Antolin eguneko urteroko kontzertuaz gain, urrian musika astea antolatu dugu.
Zein nabarmenduko zenuke?
Uztailaren 15ean Lekeition Donostiako Orfeoiarekin elkarlanean eskaini genuen kontzertuak ilusio handia egin zigun bandako kide guztioi.
Zer dakar 150 urte bete dituen banda bat zuzentzeak?
Pisu galanta da. 150 urteko talde baten buru izateak ardura handia dakar, baina baita ilusio handia ere.
Nola aldatu da musika banda azken urteotan?
Gizartea aldatuz doan heinean, taldea ere aldatu da. Iruditzen zait duela 100 urte banda izango zela herriko erreferente nagusia. Gaur egun, berriz, alternatiba asko daude esperimentatzeko aukera eskaintzen dutenak, eta jendea erakarri beharrean gaude, gazteak motibatu behar ditugu.
Zer du berezi Lekeitioko musika bandak?
Bandak baino gehiago, herriak du berezitasuna. Kontzertu indartsuak egiteko oso herri aproposa da Lekeitio, bai espazio bai publiko aldetik. Plazako kioskoan egiten ditugun kontzertuetan, jende andana batzen da.
Zer eskaintzen dio herriak musika bandari?
Demaseko babesa. Ezin gara kexatu, beti erantzuten dute: txaloak, etengabeko zoriontzeak. Ezin dugu ukatu herria gure pendiente egon dela, berezkoa baitute.
Eta musika bandak herriari?
Herrian musikarik ez faltatzea dabandaren betebehar nagusia, duela 150 urtetik hona. Horrez gain, publiko guztiarengana iristen saiatzen gara errepertorioarekin; klasikotik hasi, eta kantu modernoetaraino.
Urtzi Iriondo. Musika bandako zuzendaria
«Lekeitio oso herri aproposa da kontzertu indartsuak egiteko»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu