Antzara jokoa egin zuten atzo Lekeition (Bizkaia), bertako jaiei ospe gehien ematen dien jokoa, hain zuzen. Proba egin baino ordu erdi lehenago hasi zen portua ikuslez betetzen, eta lauretan puntu-puntuan hasi zen. Guztira, 84 potinek parte hartu zuten, eta lehian hasteko lehenengo txanda Taketa ontzikoei egokitu zitzaien. Hala, arraunak uretan sartu, eta antzararen lepoaren bila joan ziren, baita lortu ere. Jasoaldi bakarra lortu zuen tripulazio berezi horretako harrapatzaile Jon Akarregik, baina animaliaren lepoa moztea lortu zuen.
Bigarrenak, hirugarrenak, laugarrenak... hurrengoek ez zuten antzara bururik lortu. Baina jokoaren erdirako, hamabi lepo moztu zituzten; animalia osoa eraman zuen kasuren bat ere izan zen, lekeitiar guztiak harritu zirelarik. «Hurrengo urterako plastikozko antzarak ekarri beharko ditugu, hauek oso txarrak izaten ari dira eta», txantxan hasi ziren bozgorailutik. Izan ere, gehienek ez zuten lortu antzara luzez heltzea, eta jasoaldi bakarrarekin edota birekin moztu zioten lepoa animaliari, Drogosuak eta Allakuidaus potinetakoen kasuan bezala.
Musika eta jaia nagusi izan zen parte hartzaileen artean. Txandaka itxaroten zuten ontzietako kideek, baina urduritasuna ez zen nabaria horien guztien artean. Izan ere, bozgorailuetatik zetorren musikaz alaiturik, potinetakoak etengabe aritu ziren dantzan eta bata besteari ura botatzen ur pistolekin. Hala ere, ontzitik ura ateratzen zebiltzanak ere ikus zitezkeen, potina hondoratuko zen beldurrez. Antzara jokoa amaitu ostean, festari heldu zion Lekeition bildu zen jendetzak.
Izan ere, arratsalde polita geratu zen, goizean goiz eguna kaxkar hasi bazen ere. Orduek aurrera egin ahala, arratsalde partean eguzkia nagusitu zen Lekeition.
Hamarretarako herria urdinez jantzitako jendez betetzen hasi zen, baina, hasierako eguraldi txarraren eraginez, jende uholdeak espero zen baino txikiagoak izan ziren, eta txandaka biltzen ziren. Hala ere, ez zen asko itxaron behar izan Lekeitioko plazak betetzeko. Lehena Eskolapekoa izan zen, inguruko tabernek musika jarri eta goiztiarrenek parrandari ekin baitzioten. Bigarrena, berriz, Foru plaza izan zen, antzara probarako pisatzea eta postuen banaketa bertan egin baitzuten.
Lekeitiarrak larunbatetik dabiltza jaietan, baina atzo ospatu zen Antzara Eguna da kanpoko jende gehien erakartzen duen ospakizuna. Orain dela 350 urte baino gehiago hasi ziren egiten jai hori; hasieran, marinelek baino ez zuten jokoan parte hartzen, baina, gaur egun, potinean igotzen den edonork lor dezake antzararen lepoa. Proba horretan normalean gizonak nagusitu izan badira ere, urtetik urtera, neska gehiago hasi dira parte hartzen.
Aldarrikapenetarako tartea
Festa giroaz aparte, aldarrikapenetarako momentuak ere izan ziren Antzara Egunean, baita jokoan bertan ere.
Potin bakoitzak mezu bat agertu zuen. Horien artean gehien errepikatu zena 2009an, egun horretan bertan, Lekeition izandako «Ertzaintzaren erasoa» eta atxilotutako zortzi herritarrekiko elkartasuna izan zen. Antolatzaileek ere babesa eskaini zieten atxilotuei. Hala, antzara jokoaren zortzigarren txanda haiei eskaini, eta hutsik utzi zuten. Izan ere, liskar horietan atxilotutakoak Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituko dituzte datozen egunetan, eta fiskalak bi eta hiru urteko zigorra eskatu du herritar horientzat.
Lekeitio, antzararen lepoaren bila
Ohi bezala, jendetza bildu da Lekeitiora antzara jokoa ikustera. Guztira, 84 potinek parte hartu dute, eta ohi baino lepo gehiago lortu dituzte jokoan aritu diren harrapatzaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu