MAITE DUT MAITE... LEITZALARREA. Abel Barriola. Pilotari profesional ohia

«Leitzalarreak gogora ekartzen dizkit txikitan aitarekin bizitakoak»

Duela hiru urte erretiroa hartu zuenetik, bizitza zeharo aldatu zaio Abel Barriolari: gurasotasuna, ikasketak, erronka profesional berriak... Hala ere, ez ditu ahaztu Leitza inguruko parajeak.

IDOIA ZABALETA / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2020ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Abel Barriola pilotariak (Leitza, Nafarroa, 1978) lotura sentimental berezia du Leitzalarrea bailararekin. Maite du hango pagadien artean pasieran ibiltzea.

Zer da Leitzalarrea zuretzat?

Hunkitzen nauen toki bat da. Munduko toki politena, niretzat. Pagadiz eta hariztiz inguratuta dago, eta eremu osoak badu sorgin kutsu berezi bat; batez ere, behe lainoak dena estaltzen duenean. Han ez da inor bizi. Borda batzuk daude, garai batean artzain dezente bizi zirelako han, baina, gaur egun, apenas geratzen den artzainik. Gure aitak ere bazituen ardiak, behorrak-eta; hortaz, bagenuen borda bat, eta betidanik joan izan naiz hara, txiki-txikitatik. Niretzat, plazer ikaragarria da zakurrekin zelai horietan barna ibiltzea: batetik, toki ederra delako, eta, bestetik, gogora ekartzen dizkidalako haurtzaroko bizipen asko.

Adibidez?

Familiarekin bizitako pasadizoak eta, batez ere, aita zenarekin pasatako uneak: ardiekin laguntzen nionean, zizak biltzera joaten ginenean, edo arrantzara... Amarekin eta anaiekin ere bai, noski. Eta lagunekin ere asteburu bikainak igaro izan ditugu borda horretan. Zaila da esplikatzea. Denok dugu tokiren bat bizirik sentiarazten gaituena. Niretzat, toki hori Leitzalarrea da.

Iruñerrian bizi zara orain. Faltan sumatzen dituzu paraje horiek?

Bai, badira sei urte Berriobeitin bizi naizela, eta oso gustura nago, e? Baina Leitzalarrea eta inguru horien mira dut, jakina. Zehazki, errekaren falta sumatzen dut. Hemen ez dut aditzen errekaren soinu berezi hori. Eta mendian gora zabiltzala, oinetakoak kentzea eta hankak uretan sartzea... Gauza txiki horiek zoragarriak dira!

Iruñerrian ere badituzu naturgune ederrak...

Jakina baietz, toki zoragarriak ditugu hemen ere; baina paisaia ezberdinak dira: Atlantikoa bata, mediterraneoagoa bestea, baina ederrak biak. Gertatzen dena da, txikitatik nonbait bizi izan bazara, baduzula lotura sentimental bat toki horrekin, eta horixe gertatzen zait niri Leitza inguruko mendiekin.

Leitzatik Berriobeitira mugitu, erretiroa hartu... Goitik behera aldatu zaizu bizitza azken urteetan.

Bizitzea, finean, etapak betetzea da. Zaila da etapa bat bukatzea eta hurrengoa hastea, hutsetik hasi behar duzulako. Alde batetik, beraz, gogorra da eta ikara ematen du, baina, bestetik, izugarrizko poza eta lasaitasuna ematen dizu hartu beharreko erabakiak garaiz eta egoki hartzeak. Eta ziur naiz erretiroa 2017an hartzeko erabakia egokia izan zela. Hura zen pilota profesionala uzteko garai aproposa: batetik, neure buruarekiko errespetuagatik, baina baita pilotari zor diodan errespetuagatik ere. Ordurako, egina nuen nire ibilbidea, eta garaia zen gazteei bidea emateko.

Zertan aritu zara pilota profesionala utzi zenuenetik?

Ikasketetara bueltatu nintzen. Nazioarteko Merkataritza graduan eman nuen izena, eta bukatu dut jada. Hiru hilabeteko praktikak egitea falta zait orain. Praktika aldia amaitzean, gustatuko litzaidake horrekin lotutako lanen batean aritzea, baina zaila da. Horrez gain, hasieratik argi nuen pilotarekin nolabaiteko harremana izaten segitu nahi nuela, eta ETBn ari naiz, esatari.

Partiden falta nabarituko duzu, hala ere...

Kirolari profesionala izatea pribilegio bat da. Amets bat. Hortaz, zenbait gauza faltan sumatzen ditut? Bada, bai, baina, partidak jokatzea? Ez. Fase hori bukatu zen, eta ez dut atzera begiratzen. Beste modu batean gozatzen dut pilotaz orain. Gainera, erretiroa hartu izanari esker, gehiago gozatu dut aitatasuna. Pilotari profesionalaren bizimoduak tentsio handiak dakartza, eta egoera berri honek beste lasaitasun bat eman dit, emaztearekin batera, gure bi alabez disfrutatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.