«Hauek gure sanferminak dira, gure jaiak, eta ez gara inora joanen». Mugimendu feministak zurian beltz utzi zuen iragan astearteko agerraldian: emakumeek eskubide osoa dute festaren eremu guztiak okupatzeko eta sanferminez nahieran gozatzeko, horren truke «bidesaririk» ordaindu gabe. Helburu hori bera «lehentasuntzat» jo zuen Iruñeko alkateak sanferminen lehen egunean, eta hori lortzeko, baliabideak hobetu eta eragileen arteko koordinazioa zorroztu du Iruñeko Udalak, jaiak «benetan parekideak» izan daitezen.
Besteak beste, sexu indarkeriari buruzko informazio gune bat paratzen du urtero udalak, Eraso sexistarik gabe, Iruñea aske kanpainaren barruan. 2014ko sanferminetan jarri zuten gune hori estreinakoz, eta hurrengo urteetan indartu egin zituzten bai zerbitzua, bai indarkeria matxistaren aurkako kanpaina instituzionalak, hiriko talde eta eragile feministekin elkarlan estuan. «Aurten, mugimendu feministaren eta udalaren arteko koordinazioa oso ona da», nabarmendu du Zaloa Basabe Berdintasun zinegotziak: «Informazioa trukatzen dugu, eta horren arabera artikulatzen ditugu sexu erasoen aurkako estrategiak eta erantzunak».
«Informazio gunera doazenek ikusten dituzten egoeren berri ematen dute: gizarteak begirada zorroztu du»
ZALOA BASABEIruñeko Udaleko Berdintasun zinegotzia
Gazteluko plazako informazio guneak ere ikusmin handia piztu du sanferminetako lehen bost egunetan. Hilaren 5etik 10era bitartean, 9.000 herritarrek baino gehiagok jo dute leihatila horretara informazio eta aholku eske, edo egunotan ikusi duten gertakariren baten berri ematera. Iaz, sanferminak iraun zuten bitartean, 16.000 laguni eskaini zieten arreta puntu more horretan, eta aurten, marka hori gainditzeko bidean dira. Kopuru horren garrantzia hobeto ulertzeko, entzierroko parte hartzearekin alderatu du Basabek: «Iaz, 13.000 lagunek parte hartu zuten entzierroetan, guztira; bada, horiek guztiak baino gehiago izan ziren sexu indarkeriaren kontrako informazio gunera jo zutenak».
Begirada «zorrozten»
Berdintasun zinegotziaren aburuz, informazio «gardena eta osoa» eskaintzea da Iruñeko Udalak hartu dituen konpromisoetako bat. Hori dela eta, egunero ematen dituzte sexu erasoei buruzko datuak. «Leporatu izan digute sexu eraso guztien berri ematea ez dela egokia, horrek sanferminen irudia orbantzen duela... Baina guk ez dugu ezkutatuko Iruñean gertatzen dena. Badakigu beste toki askotan ere badirela sexu erasoak, baina guk, behintzat, gertatzen den guztia salatuko dugu».
9.000Erabiltzaileak. Uztailaren 6tik 10era bitartean, 9.000tik gora herritarrek erabili dute Gazteluko plazako informazio gunea. Iaz, 16.000 erabiltzaile zenbatu zituzten bederatzi egunean.
Salatzeaz gain, neurriak jarri dituzte erasoak prebenitzeko eta, gertatzekotan, andreei laguntza emateko: «Koordinazioa hobetu dugu 112 larrialdi zerbitzuarekin. Telefono horretara deituz gero, emakumeek laguntza profesionala jasoko dute, bertaratuko diren langileek formakuntza espezifikoa baitute sexu indarkeriaren arloan». Gainera, ez da beharrezkoa salaketa aurkeztea arta jasotzeko: «Garrantzitsua da hori, emakume askok ez baitute salaketarik jarri nahi, edo erasoa pairatu eta bizpahiru egunera erabakitzen baitute salaketa aurkeztea».
Gizartearen bilakaera ere nabarmendu du EH Bilduko zinegotziak: «Orain arte izandako sexu erasoen kasuetan, inguruko jendeak berehala erreakzionatu du, eta horri esker atxilotu ahal izan dituzte erasotzaileak. Gazteluko plazako informazio gunera joan diren askok ere kalean ikusi dituzten jarrera desegokien berri eman diete hango langileei». Herritarren begirada ere «zorrozten» ari dela uste du Basabek. «Eta hori garrantzitsua da festa berdinzaleagoak izan ditzagun».