Gandu artetik esnatzen ari da badia. Xarma nahasia du: garabi industrialen itzala eta burdinazko zeruertza han, eta XVIII. mendeko fragaten eta goleten distira hemen. Itsasoaz blaitzeko aukera da Itsas Festibala, baina, busti gabe, nekez. Lehorreko kresala da bisitarientzat.
Jaikitzen ari dira marinelak Ring Andersen zamaontzian. Katilukada kafe ketsu eta zigarreta bat ezpain ertzean. «Egunon» esanda, «good morning» erantzun du adeitsu kamarotetik irten berri den gazteak. Ortozik dabil ontzigainean. Tatuaje bat dauka besoan. Danimarkako Ring Andersen ontziolan eraikitako ontzia da. Ikurrina ere badaukate mastan zintzilik jarrita. «Herriak bizi behar du!», jartzen du, euskaraz.
Garaiz da, eta ez dabil jende asko oraindik. Pasarelari herdoila kentzen ari dira Shtandart ontziko ikasleak. Itxura ikusgarria dauka Oosterschelde-k. «Zenbat bandera dituen horrek!», esan du aitaren sorbaldara igota doan haur batek, begiak ireki-ireki eginda. «Arazoak dituzuela esan didate», esan die ontziko kideei Pasaiako portuko beharginak. «Problems, problems...», erantzun dio Oosterschelde ontziko kapitainak. Ontzia argindarrez elikatzeko zutoina ez dabil ondo; momentuan konpondu dute.
San Pedroko moilan daude festibaleko ontzirik handienak. Donibanera joan eta etorri dabil Gure Torre ontzi txikia bidaiariak eraman eta ekarri. «Lana pilatuko zaigu egun hauetan, baina espero genuen. Ona da hori guretzat», esan du irribarre batekin Matar lemazainak.
Kaioen kantuak Donibaneko Santiago plazan. Yola Berri eta Ziaboga jatetxeetan betetzear dituzte astebururako erreserbak. Herri oso batena da Itsas Festibala, eta haren onura. Dena itsasoko iruditeriaz apainduta dago, okasiorako. Etxe batzuetan ez dute horretan lan handirik egin beharrik izan: eskegita dituzten arrantzaleen atorra horiek eguneroko jardunekoak dira.
Haietako bat du soinean Xabier Agotek, Itsas Festibaleko zuzendari eta Albaola Elkarteko presidenteak. Hara eta hona dabil, harekin eta honekin. «Ikusgarria izan da hasiera, ontzien sarrera hori... Eguraldia ere alde izan genuen, nahiz eta euria ematen zuten. Badiako sarrera estu horrek asko laguntzen du, eta direnak baino oraindik handiagoak ematen dute ontzi hauek», azaldu du Marité ikusgarria aurrez aurre duela.
Alkandora zuri eta distiratsuak dituzte jarrita eskifaiako kideek eta Mathieu Alluin kapitainak. Bakailaoak arrantzatzeko eraikitako ontzia da Marité. Hiru masta eta hamabi bela. 45 metroko luzera. Distiratsu dago barrena. Egurrezko lemari eta imanorratzari buruzko azalpenak eman ditu Alluin kapitainak: «Pentsa zer izango zen duela 100 urte gain honetan lema hartuta joatea».
Aurten 100 urte bete ditu Normandiako ontzi horrek: «Bost kidez osatutako eskifaia dugu orain, eta hogei lagun aritzen ziren hemen duela 100 urte. Bakoitzak bere funtzioa zeukan: arrantza egiten zuten batzuk, bakailaoa garbitzen eta gazitzen zuten besteek; denak ziren kate luze baten parte. Eta tentuz egin beharreko prozesua zen, egindako lan guztia alferrik galtzen zen bestela».
Jendea iristen ari da. Shtandart ontzian marinel gazteak dabiltza lanean. Ontzia eta eskola baita. «Ongi etorriak gure ontzira», egin du diosala Vladimir Martus kapitainak. Ikusmin handia sortu du fragatak. San Petersburgon (Errusia) eraikitakoa da (1999), eta azken ordura arte zalantzan egon da etorriko ote zen. 1703an Olonetseko ontziolan uretaratu zuten Baltikoko flotaren lehen fragataren erreplika da. «Ederra da itsas ondarearen berri itsasontzi baten bidez ematea. Gure eskifaia, gainera, nazioartekoa da erabat, eta eskola ontzi bat ere bada. Gure lana da haiei irakastea zer den itsasoko lana, nola nabigatzen den, nola egiten diren mantenu lanak, eta zer den itsasontzi batean elkarrekin bizitzea», azaldu du bere kamarote ederrean Martus kapitainak.
Itsas festibal askotan egondakoak dira, baina azken bi urteak «oso gogorrak» izan direla aitortu du kapitainak: «Ez da festibalik egon, eta ez da bestelako mugimendurik ere egon. Are zailagoa izan da, gainera, Errusiako ontzientzat». Ukrainako gerrari buruz ari da kapitaina. Horregatik egon dira azken ordura arte zalantzan. Ez da arazorik egon. Beren lana kulturen eta herrialdeen arteko «zubigintza» ere badela dio Martusek: «Ukrainako kideak ditugu eskifaian, eta neuk ere badauzkat arbaso ukrainarrak. Horregatik egiten zait horren mingarria gertatzen ari den guztia. Familia daukat Ukrainan, eta saiatzen ari gara ukrainar errefuxiatuei laguntzen, hango haurrei, batez ere».
Pasaiako festibala «ederra» iruditzen ari zaio Shtandart ontziko kapitainari: «Oso toki berezian eta esanguratsuan dago. Albaolaren proiektua ezagutzen dut, eta bikaina iruditzen zait. Aurreneko aldia da hemen gaudela, eta, egia esan, bagenuen gogoa halako batean berriz parte hartzeko, jendea maskararik gabe ikusteko, jateko eta edateko, dantza egiteko, barre egiteko, eta elkarrekin egoteko». Eskifaia guztia elkartu du BERRIAren argazkirako.
Ilarak sortzen ari dira ontzi handienen aurrealdean. Porrotx, Marimotots eta Txo mikmak txikia ontziak erakusten ari dira badiako ikastetxeetako haurrei. «Hemen duzuen hau da jaialdiko handiena. Begira, begira, hiru masta erraldoi ditu». Oosterschelde da. 50 metro luze da. Itxura itzela du.
Galiziatik itsasoz
Herbeheretako erraldoi horren aldean txikia da Piueiro, eta haren gisakoak dira badian hara eta hona dabiltzan beste asko ere. Ez da tamaina kontua, ondare kontua baizik. Piueiro-koak A Guardatik (Galizia) iritsi dira, itsasoz. 11 lagunez osatutako eskifaia, hamabi metroko egurrezko volanteiro batean. Ez da erraza izan. «Erabaki genuen itsasoz egitea bidaia. Joan eta etorri mila itsas milia inguru dira. Coruña parean, ordea, matxura izan genuen: motorra lehertu zitzaigun. Belaz joaten gara ahal dugun guztietan, baina horrelako bidaia luze baterako motorra behar izaten da, eta ez aurrera eta ez atzera gelditu ginen. Hiru urteko ametsa, kareletik», azaldu du Joaquin Cadillak, Piueiro ontziko kideak eta izen bereko elkartearen presidenteak.
Vigotik joan ziren mekanikariak erreskatera, eta lortu zuten motorra konpontzea. «Diru-bilketa kanpaina bat egin behar izan genuen konponketa ordaintzeko. Jendeak bikain erantzun du. Badian sartu ginen unea benetan hunkigarria izan zen».
Errelebo faltak kezkatzen du Cadilla. «11 lagun etorri gara: 701 urte guztion artean, eta 500 urteko eskarmentua itsasoan guztien artean. Norbaitek horri jarraipena eman behar dio; gazteen bultzada bat behar dugu, eta horregatik ari gara gure itsas ondarea eta kultura zabaltzen joaten garen toki guztietan». Oraingoan, Pasaian.
Lehorreko kresala
Hasi da Pasaiako Itsas Festibala. 160 ontzi tradizional baino gehiago daude ikusgai badian, eta bihar arte egongo da handienak bisitatzeko aukera. Itsasoari begira eta itsasoaren bueltan atondu dute jaialdia, ondare horren erreferente bihurtzeko asmoz. Ikusmin handia sortu du bigarren ekitaldiak ere, eta jendetza espero dute asteburuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu