AZTE elkarteko kidea

Ander Arteaga: «Lehiakortasunik gabeko lehiaketa bat da hau»

Hirugarren aldiz jarri dute abian Euskal Herriko elektrotxarangen lehiaketa Azpeitian. Maiatzeko lau asteburuetan zazpi elektrotxaranga izango dira.

Ander Arteaga, atzo, Azpeitian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ander Arteaga, atzo, Azpeitian. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
urko iridoy alzelai
2024ko maiatzaren 7a
05:00
Entzun

Erabat girotuta egongo da Azpeitia (Gipuzkoa) maiatzean. Euskal Herriko hirugarren elektrotxaranga lehiaketa abian da, eta maiatzeko lau asteburuak musikaz beteko ditu. AZTE Azpeitiko alde zaharreko tabernen elkarteak antolatuta, hainbat elektrotxarangak zeharkatuko dute herriko erdigunea. Ander Arteaga (Azpeitia, Gipuzkoa, 1996) AZTEko kidea da, eta bertatik bertara bizitzen ari da lehiaketa antolatzeko lana. 

Lehiaketak hirugarren urtea du aurtengoa. Bidea egiten ari da.

Hori da. COVIDak eragindako itxialdiaren ondoren, herriko tabernei bultzada bat emateko eta lehenago genuen giroa berreskuratzeko, hainbat proposamen egin genituen. Azkenean, elektrotxarangen lehiaketa probatzea erabaki genuen, eta lehenengo urtean bertan ikusi genuen ideia oso ona izan zela. Horregatik, hurrengo urtean berriz egitea erabaki genuen, eta aurten, berdin.

Zenbat elektrotxaranga izango dira aurten?

Zazpi. Aurreko larunbatean Elektrotxuflak jo zuen. Maiatzeko asteburuetan egiten da lehiaketa. Urtero, Domusa mendi lasterketa egiten dute maiatzean, eta larunbat horretan elektrotxaranga bat bakarrik izaten da beti, baina, bestela, larunbatero bi.

Zer moduz joan zen lehenengo eguna?

Oso polita izan zen. Giro itzela sortu zen. Domusa mendi lasterketarekin, jendez gainezka zegoen Azpeitia. Oso gustura egon ginen denok Elektrotxuflarekin.

Zer ibilbide egiten dute?

Azpeitiko plazatik beste plaza txikiago batera joaten dira, Erdikalea igaroz. Eta beste taldeak alderantzizko ibilbidea egiten du. Ez da buruz buruko bat, baina formatu hori irudikatzen du apur bat.

Badago lehiakortasunik haien artean?

Batere ez. Haien artean oso giro ona sortzen da, elkar asko ezagutzen dute eta. Eguneko lehenengo elektrotxarangari begira egoten da beti bigarren taldea, eta alderantziz. Lehiakortasunik gabeko lehiaketa bat da hau.

Zer sari izaten da irabazlearentzat?

6.000 euro da saria. Elektrotxaranga batek irabazten du, eta, diruaz gain, San Inazio jaietan jotzeko aukera ere izango du.

Nork osatzen du epaimahaia?

Azpeitiko musikariek osatutako epaimahaia da. Larunbatero elektrotxarangekin ibiltzen dira, eta haien artean antolatuta hainbat ezaugarri baloratzen dituzte. Hala nola musika, euskararen erabilera edo jendearekin egiten duten hartu-emana.

Aurten berrikuntza bat txertatu duzue baloratzeko garaian, ezta?

Bai, hori da. QR kode bat jarri dugu tabernetan, eta jendeak, hori eskaneatuz gero, iritzia eman dezake. Horrela, jendearen balorazioa ere kontuan hartuko da irabazlea aukeratzeko.

Zein izan ziren irabazleak lehen bi urteetan?

Iaz, Elektrokela, eta 2022an, Elektrotxufla.

Zergatik dira hain gustagarriak elektrotxarangak?

Ba, ez dakit zehazki. Musikalki bertsioak kantatzeak asko eragiten die, baina nire ustez, bereziki, sortzen den giroa da arrazoi nagusia. Horrez gain, maiatzean lehen eguzki izpiak jasotzen ditugu hemen, eta negua pasatuta kale giroa asko hobetzen da. Denaren batura bat dela uste dut.

Kanpoko jendea ere inguratzen da?

Bai. Hasieratik oihartzun handia izan du lehiaketak, eta, poteatzeko eta parranda egiteko gogoa dagoen heinean, badakigu jendea etorriko dela.

Ba al dago beste herririk horrelako lehiaketarik egiten duenik?

Badakigu topaketak egiten direla, baina oraingoz ez dugu aurkitu beste lehiaketarik. 

LOTSABAKO

Elektrotxaranga bati entzundako kantaren bat? Aurreko urtean, Doctor Deseoren Corazón de tango.

Pelikula bat? Origen, Cristopher Nolanena.

Euskal Herriko txoko bat? Hondarribia [Gipuzkoa].

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.