ATZEKOZ AURRERA

Lehia izan zena festa bihurtuz

XV. mendeko ohiturari jarraituz, teila bota zuen atzo Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek Izaro uhartearen aurrean. «Honaino heltzen dira Bermeoko itoginak», oihukatu zuen.

Idurre Bideguren alkateak zazpigarrenez bota zuen teila itsasora. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Bermeo
2017ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Erria txikota! Eta abiatu ziren itsasontziak Bermeoko (Bizkaia) portutik, urteroko itsas erromerian. Helmuga Izaro izan zuten, 675 metro luze den haitz zatia, kaioen bizilekua. Izarok Mundaka gertuago duen arren, Bermeok du haren jabetza, eta horixe aldarrikatu zuten atzo, hain zuzen ere, uhartearen aurrean: Izaro Bermeoko «teilatupean» dagoela.

Madalenak ospatu zituen atzo Bermeok, eta, urtero legez, milaka herritar bildu ziren giroaz gozatzera. Larunbata izanda eta eguraldia lagun, herriko kaleak gainezka egon ziren goizetik iluntzera arte.

Goizeko hamaiketarako jada mahon jantzita zegoen herria. Portu inguruko tabernetan lehenengo txikiteroak hasi ziren elkartzen, arrantzale zapia lepoan jarrita. Gazteak, ostera, autobus geltokian pilatu ziren, litroak eskuan, Elantxobera (Bizkaia) joateko autobusaren zain. Guraso batzuen oihuaren oihartzunarekin alde egin zuen autobusak: «Egin masa edan baino lehen, mesedez! Entzun duzu?».

Eupeme Deuna elizan ere jendetza elkartu zen Madalen eguneko mezarako. Atean, baina, ezohiko kartela zuen elizak:«Udalbatzak ez du hartungo parte elizkizunean». Aurten, udalak ez du sartu meza protokolo ofizialaren barruan, eta zinegotzi bakoitzak erabaki du elizara sartu ala ez.

Ekitaldi ofizialak, beraz, 12:00etan hasi ziren, agintarien kalejirarekin. Suak kiskalitako udaletxearen eskeletoaren begiradapean elkartu ziren txistulariak, erakundeetako ordezkariak, politikariak, kazetariak, auzokideak... Atzo ez zen gorbata edo soinekorik izan; denak mahon jantzita agertu ziren.

Kataluniatik bisitan

Kataluniatik bisitan etorritako politikariak ere uniforme urdinarekin agertu ziren, goitik behera, ingurura integratuta. Generalitateko Arrantza kontseilari Meritxell Serret eta Junts Pel Siko parlamentari Ferran Civit aurreneko aldiz joan ziren madalenetara, festa gogoz. «Guretzat harrigarriena da lehia izandakoa festa bihurtu dutela». Bermeoko armarria zuten zapiak ere jarri zituzten lepoan: «Baina saiatuko gara independentzia dioen zapiren bat ere lortzen».

Txistulariak jotzen hasi, eta abiatu zen kalejira Goiko plazatik porturaino. Agintarien aurretik, taldea gidatzen, Javier Naberan,suziriak botatzeko arduraduna.1985. urtean hasi zen artilleru, eta, 75 urte dituen arren, gogotsu egiten du bere zeregina, «trankil-trankil». Atzo hiru dozena txupinazo baino gehiago bota zituen: «Urte horietan guztietan ez dut inolako istripurik izan».

Irrintzi eta txalo artean heldu zen kalejira portura. Itsasontzia hartzeko momentua heldu zen.Udalaren ekimenez, hainbat herritarrek ere itsasontzi «ofizialean» joateko aukera izan zuten, zozketa bidez egindako hautaketan. Iraide Zabala eta Pamela Enzunza 18 urteko gazteak izan ziren aukeratutako batzuk. «Pozik» baina «lotsatuta» agertu ziren, agintariekin batera eta kameraz inguratuta Hegaluze Barria itsasontzian joateagatik.

Eta abiatu zen itsas erromeria. Patroiak abisua eman zuen: «Olatuak izango ditugu». Eta hala izan zen: dinbili-danbala, olatuetan dantzan abiatu ziren itsasontziak, olatuetan gora eta behera. Argazkilariren bati luze egin zitzaion hiru kilometroko bidaia: «Edan gabeko mozkorra daukat». Txistulariek, hala ere, ez zioten jotzeari utzi, olatuei desafioan.

Kaio bat buruan duen Xixiliren eskultura atzean utzi, eta Izaro agertu zen zeruertzean. Hamar minutu baino lehen, agintariek aurrez aurre izan zuten uhartea.

Eguneko unerik sinbolikoenaren txanda heldu zen orduan: Bermeoko alkate Idurre Bidegurenek teila hartu zuen, itsasora botatzeko asmoz. 30 bat itsasontzi elkartu ziren bertatik bertara ikusteko.

Itsasontzi ofizialean, euskal presoen aldeko aldarrikapenak ziren nagusi, Ongi etorri errefuxiatuak dioen banderola horiarekin batera. Herritarren txalupetan, ostera, denetarik: «Aupa Urdaibai», Athleticeko bandera zuri-gorria, bandera pirata... Eta, soinu-bandan ere, aniztasuna: Gora ta gora beti, haik gora Lapurdi! leloko abestitik hasi nazioarteko pop kantuetaraino.

«Honaino heltzen dira Bermeoko itoginak!», oihukatu, eta teila bota zuen alkateak, txalo eta oihu artean. Bidegurenek zazpigarrenez bota du teila, baina ohitura XV. mendetik dator. Kondairak dionez, Mundakak eta Bermeok estropada batean jokatu zuten irlaren jabetza, Elantxobe epaile zutela. Bermeotarrek irabazi zutenez, Izaro irla Bermeoko «teilatupean» dago geroztik.

Kondaira errealitatea izan edo ez, horrek ez zuen festa eragotzi. Bidegurenek hala laburbildu zuen jaia: «Bermeotarrok jai hau era hunkigarrian eta berezian bizi dugu; itsasoak eragin handia du gure izaeran, ohituretan eta identitatean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.