Baionako bestak

Lehertu dira festak Baionan

Baionako errugbi taldeko kideek, Beñat Marmissolle korrikalariak eta Cap Optimist desafioan parte hartu duten bost kidek bota dituzte giltzak. Herriko etxearen baldintzak salatu dituzte ostalariek

Besten irekitze ofiziala, atzo, Baionan. GUILLAUME FAUVEAU.
Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2023ko uztailaren 27a
00:00
Entzun

22:00 joak ziren Baiona herriko etxeko ordulariaren ezkil hotsa entzun zenerako. Hamar kolpe jo zituen, mikrofonotik goitik behera zenbatu zituztenak. Aturri ibaitik botatako suziriak zeruan lehertzen hastean Henri Laque Baionako besta batzordeko presidentearen ahotsa entzun zen: «Hasiak dira 2023ko Baionako bestak!». Horrela eman zioten hasiera, atzo gauean, Lapurdiko hiriburuko ospakizunei. Igandera arte eromena izanen da nagusi Baionako karriketan, bertan bildutako milaka bestazaleek markatutako erritmoan.

Ikusi gehiago:Argazki galeria

Eguna iluntzerako hasi ziren animazioak herriko etxeko plazan, eta pixkanaka bildu zen jendea, osoki betetzeraino. Herriko etxeko teilatuak uniformea jantzitako poliziak, azpiko plazan zuriz eta gorriz jantzitako masa, orain txaloka, orain oihuka edo kantatuz, zapi gorria eskuetan hartu eta dantza egiten zuela. Noizean behin, pertsona bat taldean altxatu eta besoz beso pasatuz publikoaren gainean hegan egitera eramaten zuten. Baionako harmoniak alaitu zuen gaua, besten hasieran ohikoak den kantu sorta zabala emanez, baina Baionako errugbi taldearen ereserkiaren notak hastearekin piztu zen sua publikoan; garrasika ekin zioten talde kutunaren kantuari.

Balkoi gainetik, Izarrak hirukoteak abiatu zuen ekitaldia Txoriak txori kantatuz, eta okzitanierazko ohiko agurra irakurri zuen Farid Amziane umoristak. Bi hizlari izan ziren zeremonia buru: frantsesez egin zuten aurkezpen gehiena, eta euskarari tarte urria eman zioten, aurkezpen batzuetan izan ezik, artistei eta gonbidatuei «txalo bero bat» eta «milesker» errateko lekua bakarrik utzita.

Urtero bezala, hainbat pertsona omendu nahi izan dituzte aurtengo bestetan ere. France Bleu Pays Basque irratiari gorazarre egin zioten, eta Jean Claude Mailly goizetako aurkezlea omendu zuten, aurten hartuko duelako erretiroa. Horrez gain, Baionako hiru elkarte ere goraipatu zituzten, «urte guzian herritarren zerbitzura jarduten dutenak». Aspaldian gimnastak prestatzen dituen Vigilante elkartea, Atalante zinema aretoa kudeatzen duen elkartea, eta Santakurutze auzoko herritarren elkartea. Honako hauek izan ziren bestaren abiatzearen sinbolo, hiriaren giltzak publikora bota zituztenak: Gregory Patat, Denis Marchois eta Camille Lopez Baionako errugbi taldeko kideak, Beñat Marmissolle korrikalaria eta Cap Optimist desafioan parte hartu duten bost kide.

Kasu, ostalariak kexu

Goizean goizetik hasi zen giroa berotzen Baionako karriketan; bai eta ostatuetan ere. Baionako zenbait ostalari, Kasu, Ostalariak Kexu kolektiboan batzen direnak, haserre agertu ziren herriko etxearen kudeaketarekin. Emakumezkoen komunen eskasia azpimarratu zuten, hasteko —Xingar Ferirako komun berezi bat oparitu zioten herriko etxeari—, baina fite hasi ziren bestetako ezartzen dituzten baldintzak gaitzesten. Kanpoko ostatuak ezartzeko sari bat eskatzen diete, eta %6 emendatu da aurten. Bestei esker diru anitz irabazten dutela onartu bazuten ere, gastuak ere gorantz doazela nabarmendu zuten.

Soinuaren bolumena kontrolatzeko herriko etxearen asmoa ere ez dute gustuko. Egunean 92 dezibelen muga ezarri du udalak; gauerako, 95ekoa. Azkenik, edalontzi berrerabilgarrien kontsigna emendatu izana ere salatu dute: 25 zentilitrokoa lortzeko, euro bat utzi beharko da, bi euro 50 zentilitrokoarentzat, eta lau euro pitxerrarentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.