Jaiak. Elorrio

Leher egin du algarak

Gaur irakurriko dute pregoia Elorrioko Kirol Taldeko kideek, Ferixa Nausiko festak atzo hasi ziren arren

Elorrio
2012ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Aurtengo Ferixa Nausikoak hasi dira Elorrion. Abuztuko azken egunera arte itxaron behar izan dute hiriko biztanleek jaietan murgildu ahal izateko, baina orain bederatzi egun eta bederatzi gau dituzte festaz gozatu eta udari amaiera aparta emateko. Irailaren bederatzira bitarte, egitarau zabalak atseden hartzeko aitzakia gutxi emango die elorriarrei.

Atzo, Ferixen atariko egunak dibertitzeko abagunea eskaini zien adin eta mota guztietako festazaleei. Hasteko, egun osoan elizako arkupean bisitatu ahal izan zen Aukeren Azokak erosketak prezio onean egiteko parada eman zion ehunka laguni. Arratsaldean, Berri-Otxoa pilotazale taldeak antolatutako pilota partidek frontoia bete zuten, eta 21:00etan, Oihan Vegak Zergatik praktikatzen dugu sexua erdaraz? ikuskizuna eskaini zuen Arriola ateneoan. Bukatzeko, 23:00etan, Namek Planet eta Gorantz Erori Proiektua taldeen kontzertua izan zen, txosnagunean.

Gaur, berriz, goizetik izango dute elorriarrek jaietako ekitaldietan parte hartzeko aukera. 11:30ean, ume eta gazteentzako jolas parkeak irekiko dituzte frontoian, Urarka kalean eta Kanpokalen. Euria egingo balu, Hilario Azkarate kiroldegiko frontoira mugituko lituzkete parkeak, baina, modu batera zein bestera, herriko txikienak 17:00 arte ibili ahal izango dira puzgarri eta jokoen artean. Seguruenik, lagunartean lasterka eta saltoka ordu luzeak eman ostean freskatzeko gogoa izango dute ume eta gaztetxoek. Bada, 19:00etan frontoian egingo den apar jaiak helburu hori betetzeko parada ezin hobea emango die. 19:15ean, ostera, Ordiziako buruhandi eta erraldoien dantzek plaza kolorez beteko dute.

Txupinazoaren garaia

Jaiak atzo hasi arren, elorriarrek gaurko 20:00 arte itxaron beharko dute txupinazoa eta pregoia entzuteko. Aurten, Elorrioko Kirol Taldeko partaideek edukiko dute ekitaldiko protagonistak izateko ohorea. Horrez gain, Sugarri txarangaren musikak txupinazoa ikustera joango diren lagunak alaituko ditu. 23:00etan, plaza danborradaren barrunbaz beteko da, eta gaztetxean, The Last Strength eta Bellator taldeek kontzertua emango dute. 00:20ean, berriz, zezensuzkoen txinpartek korrika egitera behartuko ditu gazte eta ez hain gazteak. Amaitzeko, 00:30ean, Tony Ronald abeslariak eta Fiesta Guateque taldeak 1960,1970 eta 1980ko hamarkadetako doinu ezagunak gogora ekarriko dituzte Urarka kalean emango duten kontzertuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.