Gorputza ez ezik, hitzak ere ongi jartzen ditu mugimenduan Aiala Etxegaraik (Erromo, Getxo, Bizkaia, 1987). Ideien eta hausnarketaren dantza ere bada harena. Ikastaro bat emango du gaur, bihar eta etzi Azpeitiko (Gipuzkoa) Dinamoa sormen gunean.
Ikastaroaren izena esanguratsua da: Gorputza mugimenduan. Alferrentzako da?
[Barrez]. Alferrentzako, ez. Tailer irekia da, edonorentzat. Eskarmentua ez da garrantzitsua, gogoa da garrantzitsua: interesa, kuriositatea eta gertutasuna.
Aurkezteko modu ederra topatu dute: «Sarritan ahaztu egiten zaigu gure gorputzari mugimenduak ematen diola bizitza».
Hortxe daukazu dena laburbilduta [barrez]. Klaseak emateko modua asko lotzen dut contact inprobisazioarekin. Ez dakit ezagutzen duzun.
Ez, ez dut ezagutzen...
Dantzaren alde fisikoa dago batetik, eta kontzientziaren aldea dago bestetik. Eta kontzientziaren alde horrekin berriz konektatzea da nire helburua: ez ikustea dantza urrun dagoen zerbaiten gisan. Dantzari profesionalek egiten dutena bakarrik izatea, edo forma jakin bat baino ez duena. Lehengora bueltatu nahi dut: guztiok mugitzen garela erakutsi. Jolasaren bidez eta mugimenduaren bidez, leku askotara iritsi gaitezke. Eta dantza hala sortzen da.
Galdu dugulako gure gorputzari buruzko kontzientzia?
Hori da. Hori lantzea gustatzen zait: zer den nire bizkar hezurra, zer den nire gerria... Bat-batean eta jolas baten bidez ohartzea: «Hara! Ari gara mugitzen!». Eta horrek ere forma bat dauka, dantza bat da, eta zer edo zer esaten du. Modu asko daude urruti ikusten den dantza horretara iristeko.
Eta hori guztia jolasaren bidez?
Guztia etiketatuz lortzen dena da zerbait zurruna, aurreiritziz betetakoa. Horregatik gustatzen zait mugimenduari buruz hitz egitea, ez bakarrik dantzari buruz. Mugimendu horretatik nora iristen garen, zer mugitzen den gure barruan, zer mugitzen dugun kanpoan, zer sortzen den. Eta hori jolasaren bidez, baina jolasa pauta batzuekin. Jolasek ere euren arauak eta tresnak dituztelako. Sormenaren mundu horretan sartzea da kontua.
Garaikidea, contact, inprobisazioa, antzerki fisikoa... Ez da erraza kontua.
Dantza aldatzen da, eta mundua aldatzen da. Ni 18 urterekin hasi nintzen; berandu. Hortik aurrera, ordea, gelditu gabe aritu naiz, erabateko pasioz. Hasten zarenean, garaikidea ikusten duzu modu batera, eta zure dantza, zure koreografia modu batekoa da. Nagusituz zoaz, eta aldatuz doa dena. Garaikidea jada beste zerbait da. Niretzat garaikidea kanal bat da, norberak eszenatokira nahi duena eramateko. Bakoitzak bere lengoaia topatzeko.
El arte de no ser izeneko zure lanean bizitzeko erritmo azkarrari eta sare sozialei buruzko hausnarketa eta kritika egiten dituzu. Dantza bada horretarako tresna ere?
Gizarte Langile ikasketak egin nituen dantza ikasi baino lehenago. Eta urteekin konturatu naiz nire lanek badutela osagai sozial hori. Kritika eta hausnarketa sozial hori beti dago nire lanetan presente, nire baitan daudelako.
Eta irakatsi ere egiten duzu.
Artistok pairatzen dugun prekaritatearengatik, askok hasi behar izaten dugu klaseak ematen. Soldata finkoa izaten da, eta ziurtasuna ematen du. Hezkuntzaren bidez ere lantzen dut nire informazioa emateko eta partekatzeko espazio hori. Eta asko ikasten dut: eman bai, baina jaso ere bai. Proposatzen dut, haiekin partekatzen dut, eta elkarrekin hausnartzen dugu. Hortik material gehiago sortzen da.
Zure hurrengo proiektua?
Neure azken lana aurkeztu nuenean, erabaki nuen urtebete libre hartuko nuela. Neure buruari oparitu diot distantzia apur bat hartzea eta ikustea nondik jarraitu nahi dudan. Sorpresa garai batean nago; ea zer datorren.
LOTSABAKO
Konpainia bat? Lia Rodriguez brasildarrarena.
Dantza estilo bat? Egunaren araberakoa da hori.
Dantzarako musika bat? Klasikoa niretzat atenporala da: beti da ona.