UDAKO SERIEA. 'Drag'-aren hegalen atzean (II)

Lehengo lepotik... transformismoa

Frankismoaren azken urteetan biziberritu zen diziplina, klandestinitatean. Bartzelonako kabaret antzokietan aritzen ziren eskarmentu handiko artistek hartu zuten lekukoa, eta garai hartako izarrak imitatzen zituzten.

(ID_17189757469635) Coccinelle artista frantsesa, oihalen artean eserita. CORDON PRESS
Coccinelle artista frantsesa, oihalen artean eserita. CORDON PRESS
inaki rubio
2024ko uztailaren 3a
05:00
Entzun

Irakurri hemen serieko artikulu guztiak

 

Francisco Francoren diktaduraren lehen urteetako hutsune existentzialaren ostean, errautsetatik suspertzen hasi zen gizartea, herabeki bazen ere. Errepresioak, ordea, bere horretan jarraitu zuen, eta askatasun saiakera urriak berehala zapaldu zituen erregimenak. Testuinguru horretan biziberritu zen transformismoa, drag kulturaren ama. Asier Bilbaok ikasgai izan zituen garai hartako transformistak, eta haiek imitatuz ondu du bere ikuskizuna: «Gerra aurreko izarren imitatzaile klasikoak ziren, baina profesionaltasun nabarmenagoa zuten».

«Artista ospetsua erretiratu edo hiltzen bazen, transformistak ere abituak uzten zituen».

ASIER BILBAOTransformista

Izan ere, garai hartako artista ospetsu baten «imitazio perfektuan» oinarritzen zen ikuskizuna. Abeslari folklorikoak izan ohi ziren, Sara Montiel, Lola Flores edo Rocio Juradoren mailakoak, baina baita Edith Piaf eta Liza Minelly bezalakoak ere. Esajerazioa erabiltzen zuten, eta «ikaragarrizko imitazioa» lortu. «Keinuak, hizkera, itxura, ahotsa... askotan artistak baino hobeki abesten zuten», esan du Bilbaok. Gainera, abeslari horien imitatzaile ofizialak ziren: «Artista ospetsua erretiratu edo hiltzen bazen, transformistak ere abituak uzten zituen».

Transformismoaren urrezko aroa

Di Carlo, Madame Arthur, Pirondello, Ocaña... hamaika izan ziren transformista aitzindariak, Bartzelonako undergroundeko erreginak. Izan ere, erregimenaren azken urteetan, Kataluniako hiriburuko gau mundua disidentzia sexualen egoitza bilakatu zen, eta han birsortu zen Espainiako Estatuko abangoardia kultural, artistiko eta sexuala. Horietako bat izan zen Jose Antonio Nielfa La Otxoa: «Sinestezina zen frankismo betean halako giroa egotea; Europako hiri liberalenetakoa zen». Artistak bertan ikasi zituen transformismoaren nozio guztiak, askatasuna eskuratzeko asmoz 17 urterekin gurasoen etxetik alde egin ostean.

Bartzelonako kabaret antzokietan ondu zen La Otxoa profesional gisa, artista kuttunenak ikusiz. Barcelona de Noche lokala izan zen horietako bat. «Espainiako New York zirudien 60ko hamarkadako Bartzelonak, eta Paral·lel etorbideko inguruak kabaret lokalez lepo zeuden». Ordea, Bartzelonara joan aurretik, Madrilen eta Torremolinosen [Andaluzia, Espainia] egon zen denbora batez. Espainiako hiriburuan zegoelarik, Coccinelle artista trans frantsesa ezagutu zuen, bere idolorik maitatuenetarikoa. «Briggitte Bardoten moduko celebrity-ak eklipsatzeko gai zen, ikaragarria». Bartzelonako akademia batean ikasi zuen abesten La Otxoak, giro homosexualeko taberna batean lan eginez bitartean. «Bizi ederra oso», erantsi du.

Errepresioa nonahi

Berri onek ez zuten asko iraun, ordea: Bartzelonako Urkinaona plazan zegoen lokal batean sarekada bat egin zuen Espainiako Poliziak, eta atxilotu egin zuten Nielfa, beste ehun lagunekin batera: «Homosexualak, transexualak, transformistak... bertan geunden guztiak eraman gintuzten atxilo». Izan ere, Francok onarturiko Alferren eta Gaizkileen Legea indarrean zen oraindik: II. Errepublika garaian sortu zuten, proxenetak, etxegabeak eta abar zigortzeko, baina homosexualen aurkako errepresioa gehitu zion Francok legeari. «Ziega batetik bestera mugitu gintuzten hilabete eta erdiz, terroristen modura, Burgosera [Espainia] ailegatu ginen arte», azaldu du La Otxoak, atsekabeturik. Bertan, usategi deitzen zioten homosexualentzako ziegetan sartu zituzten atxilo. «Errepublika garaiko presoak zeuden bederen, eta sostengua eman ziguten». 1968ko maiatzean askatu zituzten, Frantzian piztear zen matxinadarekin batera.

«Gonaren azpian praka eraman beharra zegoen Poliziak zigortzea ekiditeko».

LA OTXOATransformista

Gorabeherak gorabehera, Bartzelonara itzuli zen berriz ere artista, baina soldaduska egiteko deitu zioten ondoren, eta Euskal Herrian gelditu zen gero. Ordurako iritsia zen giro alternatiboa Bilboko karriketara, eta bertan murgildu zen Nielfa. Halako batean, berriz ere eraman zuten preso, eskandalu publikoa egotzita: «Edozergatik atxilotzen zuten jendea». Trabestiek, esaterako, gizonen arropa janzten zuten beren soineko eta jantzien azpian: «Gonaren azpian praka eraman beharra zegoen Poliziak zigortzea ekiditeko». 1970ean, disidente sexualak zigortzen zituen Gizarte Arriskutasun eta Errehabilitaziorako Legeak ordeztu zuen aurrekoa, eta, EITBren arabera, Euskal Herrian 4.000 pertsona baino gehiago atxilotu zituzten hamarkada horretan homosexual izateagatik.

 

 

Yogurinha Borova, aniztasunean heziz 

(ID_17180119577725) Yogurina Borova
Yogurinha Borova trabestia. YB

Oroz gaindi, jakintzagai anitzeko artista da Eduardo Gaviña (Laudio, Araba, 1969), ohiko drag erreginak ez bezalakoa. Errespetua, aniztasuna eta maitasuna aldarrikatzen ditu, eta gremioko artista askok darabilten «hizkera satsua» ez erabiltzearen aldekoa da. Umorea du ardatz, gizartea kritikatu eta eraldatzeko tresna gisa. Ilusio handiz bizi du lanbidea, eta harro ageri da bere ibilbideaz, kasualitatez hasi bazen ere. Eskolako inauterietan neskaz mozorrotu zenekoa elur pilota baten lehen maluta besterik ez zen izan: «Jende guztia zur eta lur gelditu zen».

Ondoren, Laudiotik Bilbora joan zen bizimodua ateratzera. Hiriko undergroundmugimenduan sartu zen, baina trabestiek sekulako ikara ematen ziotela aitortu du, «dezente maltzurrak» baitziren horiek. Hala ere, mamuak uxatu eta erosoago hasi zen sentitzen, harik eta hiriko transformista ospetsuenekin topo egin zuen arte: Felliniekin. Hamar urtez baino gehiagoz aritu zen horiekin lanean, baina bakoitzak bere bideari ekin zion geroago; Eduardo Gaviñak Yogurinha Borova sortu zuen.

«Nik soilik mezu politak dituzten abestiak egin nahi ditut, umeek dantzatzeko».

YOGURINHA BOROVATrabestia

Jada lehen urteetako klandestinitatea alde batera utzirik, pertsonaia eratzeari ekin zion. Elur pilota handitzen ari zen. Divinismoa eta gaueko mundua alde batera utzi, eta sortzen hasi zen buru-belarri: «Eutsi ezinezko sormena dut nire baitan». Harentzat prozesu intuitiboa izan da, «autodidakta oso», gaztetan erreferente askorik ez izateak horretara eraman baitu. Hortaz, iturri askotatik edanaz sorturiko pertsonaia da Yogurinha. Orain haurrekin dihardu lanean nagusiki, drag munduan batere ohikoak ez diren egitasmoak gauzatuz.

Estetikoki nabari da zertan dabilen, pailazo itxura hartzen baitu, haurrengana gehiago hurbiltzeko. «Nik soilik mezu politak dituzten abestiak egin nahi ditut, umeek dantzatzeko». Kontent mintzatu da etapa berriaz: «Hainbat ikuskizun prestatu ditut haurrentzat, eta Euskal Herriko ikastetxeetan ibili ohi naiz». Abestiek eta emanaldiek inklusioaz, ikusgarritasunaz eta aniztasunaz hitz egiten dute, eta heziketarako metodo alternatibo eta eraginkor gisa aldarrikatzen du trabestiak drag-a: «Ni neu ahalduntzen hasi, hurkoa ahalduntzen ari naiz orain». Elur pilota bueltaka dabil oraindik ere.

Asier Bilbao, ikuskizuna eta diziplina

(ID_17180120122945) Asier Bilbao
Asier Bilbao transformista. ASIER BILBAO

«Nahiko arraroa naiz, erradikala ere bai, agian», dio Asier Bilbaok (Bedia, Bizkaia, 1970). Hitzok Bilboko Keypub-a zeharkatu dute, eta isiltasuna nagusitu da ondoren. «Argi daukat zer nahi dudan eta nora joan nahi dudan; inork ez dit esan sekula zer egin beharra dagoen», jarraitu du. Aretoa ere berezia da, haren antzera. Atea zeharkatu orduko, barrak eta paretak sortzen duten pasabideak eszenatokira bideratzen du bezeroa. Lokala txikia den arren, eroso sentitu daiteke edonor. Izar distiratsuz beteriko horma arrosek ukitu maritxua ematen diote tokiari, oholtzan agertuko dena aurreikusiz bezala. Aulki eta mahaiek hornitzen dute ingurua, eta, aurrerago, artistaren tenplu iragangaitza begiztatzen da; kamerinoa. Guztiz debekaturik dago bertara sartzea, eta lankideek soilik dute baimena. «Jendeak transformazio prozesuan ikusten bazaitu, magia guztia galtzen da», adierazi du, seriotasun handiz.

Bizitza ia osoa eman du tarima eta barra tartekatuz, baina berak benetan gogoko duena azkeneko horretan aritzea da. Zerbitzari lanak egiten hasi zen Key pub-ean, eta kasualitatez hasi zen emanaldiak egiten: «Sekula ez nuen pentsatu niri egokituko zitzaidanik». Baina hala izan zen, eta, pub-eko transformistak huts egiten hasi ziren heinean, berak hartu zuen lekukoa, «gogo gutxirekin» bazen ere, eta geroztik astebururo aritu da bertan. Aretoaren tradizio transformistarekin jarraitzearren hasi zela dio, eta, egun, bera da jabea.

«Jendeak transformazio prozesuan ikusten bazaitu, magia guztia galtzen da».

ASIER BILBAOTransformista

Transformistatzat edo showman-tzat dauka bere burua Bilbaok; izan ere, drag-a moda bat dela dio, transformismoaren benetako balore eta ezaugarriekin bat ez datorrena. «Eskarmentua izatea da garrantzitsuena, publikoa entretenitzen jakitea, eta ez makillaje eta traje polit batekin play-back egitea». Izan ere, eskola zaharreko transformismoa sumatzen du faltan, horrek dakarren diziplina eta ardura. Halaber, alter ego-rik ez duela dio, bera baita une oro, Asier. «Nire paranoia propioa naiz». Binariotasuna ere gainditzen du pertsonaiak, emakume, gizon edota animalia batetik harago baitoa haren estetika. Bere artea mainstream-etik urrun dagoela esan du: «Ez dago lumarik, distirarik... ez du zerikusirik ikustera ohiturik gauden ikuskizunekin». Garai bateko kabaret estiloko kutsua dute bere ikuskizunek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.