PROPOSAMENAK

Lehengo Euskal Encounter

Bihartik astelehenera egingo dute aurtengo Euskal Encounter, Barakaldoko BECen. 5.000 ordenagailurentzako tokia egongo da. Euskaltelek 60 gigabyteko sarearekin hornituko du

Emakume bat iazko Euskal Encounterren, Barakaldoko BECen. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
amaia igartua aristondo
Bilbo
2022ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Euskal Encounter digitalki egin behar izan zuten 2020an, eta, iaz aurrez aurre antolatu ahal izan bazuten ere, %10eko edukiera baino ez zuen izan. Alabaina, aurten lehengora itzuliko da. Bihartik astelehenera egingo dute, ohiko tokian, Barakaldoko (Bizkaia) BECen, eta edukiera osoa berreskuratuko du; hau da, 5.000 ordenagailurentzako tokia. «Inoizko azkarrena» izango da, Xabier Iturbe Euskalteleko presidentearen arabera: 60 gigabyteko sarea edukiko du.

Encounterrek lehengo itxura izango du, baina berrikuntza batzuk ere eskainiko dituzte. Berez bost ataletan banatuta egoten da: Hardwarea, Arte Digitala, Bideojokoak, Software Librea eta beste ekintza batzuk hartzen dituen gunea. Bada, aurten, seigarren bat izango du, streaming-ari dedikatutakoa. «Ikusgaitasuna eman nahi diogu: lehendik ere bazegoen arren, urte hauetan indarra hartu du fenomenoak», Sabino San Vicente antolatzailearen hitzetan. Besteak beste, txoko berrian kontzertu txikiak egingo dituzte, baita lehiaketak ere. Pandemia osteko aldietan, moldaketak egin behar izan zituzten, eta horien arrastoa nabarituko da oraingoan: «Erlazionatzeko modua aldatu egingo da», antolatzailearen irudiko.

Era berean, Encounter partekatzeko egitasmo bat ere bada, eta, horiek horrela, orotara 300 bat norgehiagoka antolatu dituzte, tarteka norberaren ordenagailua utzi eta elkar ezagut dezaten parte hartzaileek. Halaber, bestelako jarduerak egingo dituzte: esaterako, hiru dimentsioko arkatzak sortzeko eta droneak erabiltzen hasteko ikastaroak. «Encounterren helburua da batera egotea, ezagutzak partekatzea, eta gauza interesgarriak sortzea aurrera begira», antolatzaileak dioenez.

Bide horretatik, aurten ere Opengunea egongo da BECeko bosgarren pabiloian. Encounterren izena eman gabe sar daiteke gune horretan. Ikastaroak eta kontzertuak izango dira han, eta informatika enpresa batzuek euren ekoizpenak aurkeztuko dituzte.

3.000 partaide inguru

Ohiko parte hartzaileen erdiak berreskuratzea zuten helburu aurten, 2.500 inguru, eta dagoeneko gainditu dute langa: 3.000 lagunek eman dute izena. Nolanahi ere, kopurua handituko dela aurreikusi dute antolatzaileek: aurreko urteetan ez bezala, izen emate «gutxi» egon dira hasieran, baina azken egunetan nabarmen ugaritu dira. «Izena emateko epea zabaldu zenean, oraindik maskararekin genbiltzan. Normala da beldurra izatea».

Parte hartzaileen profila betikoa da, gutxi-asko: gizonak dira nagusi —%85—, eta Arabatik, Bizkaitik eta Gipuzkoatik kanpo etorritakoen proportzioa ere bere horretan mantendu da.

Bestalde, bertaratutakoak babesteko, Puntu Morea ipiniko dute pabiloian. Eraso matxistez gain, homofoboak eta arrazistak ere ez izateko balioko du, San Vicenteren iritziz. Puntua aurrez aurrekoa zein digitala izango da, jazarpen birtualari erantzuteko, orobat.

Euskal Encounter



Bihartik astelehenera, 10:00etatik 00:00etara, Barakaldoko BECen (Bizkaia).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.