Asko pentsatu gabe sortu zen lehen Aste Nagusia Bilbon. Hala ere, arrakastatsuak izan ziren lehen herri jai haiek. Eta badira oraindik ere. Itxura batean, 1978. hartako festak iragartzeko kartela egin zuen Juan Carlos Egillor artista eta sortzaileari (Donostia, 1947 - Bilbo, 2011) atzo egin zioten omenaldia ere gehiegi prestatu gabea izan zen. «Hau ez da abestu nahi nuen kantuaren musika. Playbacka hondatu didazue», esan zuen Jose Antonio Nielfa La Otxoa-k, ikuskizuna bat-batean etenda. Barrez lehertu ziren ikusleak. «Ni Pasodoble abertzale abesten ari naiz, baina entzuten den musika Arriba cachipurriana kantuarena da», ohartarazi zion soinu teknikariari, erabateko seriotasunez. Baina artista sena atera eta berehala egin zuen aurrera La Otxoak, musikaren laguntza barik, soilik bere ahots urratua erabilita: «Gudari, ay, mi gudari, eres lo mas abertzale que me he encontrado fuera de Euskadi».
Kartelean agertzen diren pertsonaiez mozorrotuta zeuden La Otxoa bera eta gainontzeko dantzariak. Tartean zeuden, besteak beste, K-Toño komikigilea eta Pedro Olea zinema zuzendaria. Sevillana soinekoarekin agertu zen abeslaria, apainorrazi gorri eta guzti. Eta arrakastatsu bukatu zuten ekitaldia, parean zituen dozenaka ikusleen txaloek agerian utzi zutenez. Hainbeste, omenduaren arreba Carmen Egillorrek ere negarrari eutsi ezinik eman zituen eskerrak: «Nire nebaren lanari bizirik eusteko eta jendearen artean gero eta gehiago ezagutarazteko egundoko lana egiten ari zarete», aitortu zien El perro chico, Egillor eta abar izeneko kofradiako kideei.
Zazpikaleetako Posta kaleak eta Areatzako pasealekuak bat egiten duten kantoian, Laboral Kutxaren eraikinean, «munduko beste bazter batean jaiotako bilbotar unibertsalak» 1978ko Aste Nagusirako diseinatutako jaietako kartela ipini zuten, zeramikaz egina. Aurtengo kartela irudikatua zuen oihal batek tapatuta egon zen, ekitaldiaren garaia iritsi bitartean. Eta, 11:00etan, suziriak eztanda egitearekin bat, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak lagunduta kendu zuen estalkia Egillorrek.
Itziar Urtasun Bilboko Jaietako zinegotziaren esanetan, aukeratu duten lekua «ezin aproposagoa» izan da. «Hiribilduaren iraganak, Zazpikaleek, eta etorkizunak, Areatzako pasealekuan hasten den Zabalguneak, bat egiten duten tokia da, tradizioa eta abangoardia uztartzen diren ingurua». Urtasunen esanetan, Egillorrek horiek guztiak bat egiten asmatu zuen bere sormen lanetan. «Donostian jaio zen arren —familia han zegoen oporretan—, bilbotar peto-petoa izan zen, eta bere garaiko Bilbori zorrotz erreparatzen jakin zuen, bere begirada ezkor eta gordinarekin».
Kaleko museoa sortu nahian
1960. hamarkadan hasi zen sortzaile lanetan. Irudigintzan ez ezik, poesian ere ibili zen. Unean-unean aukeratzen zuen diziplina artistikoa beti kritikarako erabili zuen. Euskarazko lehen lana Krisket eta popolo izan zuen. 1975 eta 1977 artean Euskal Herriko egunkari batzuek banatzen zuten Komikoa gehigarrian argitaratzen zuen tira izan zen. Bilbo izan zen Egillorren inspirazio iturri nagusia: «Munduan gehien gustatzen zaidan hiria da, beti lortzen baitu ni harritzea, egunero», aitortu zuen.
Bilbotar gehienek kasualitatez egin zuten topo irudigileak atzo jasotako omenaldiarekin. Izan ere, ez zen egitarauan ageri. Bukatzear zegoela, «hemen ez dute ezer oparitzen» esan, eta ospa egin zuen adineko andre bikote batek. Justu kontrakoa: bukaeran, kartelarekin egindako baldosen berri eman zuen Marino Montero BilbaoHistoriko elkarteko kideak. «Honako kartel hau udalak ordaindu du, baina Zazpikaleetan beste mural handi bat egin nahi dugu, Egillorrek sortu zituen pertsonaiak bilduta. Kaleko museo ireki herritar bat izango da. Baina horretarako dirua behar dugu. Baldosa karteldun hauek Zazpikaleetako Merkatarien Elkarteko kide diren lokaletan izango dituzue». Hamabost zentimetro zabal eta hogei luze dituzte, etxean apaingarri moduan jarri ahal izateko.
Jaietako zinegotziaren esanetan, kartela berreskuratu izanak «garrantzi handia» du. Aste Nagusiaren «gazi-gozoak» gogora ekartzeko balioko duela iruditzen zaio: «Gaur egun dugun jai eredu herrikoi eta parte hartzailea zelan sortu zen eta mantentzea zenbat kostatu den ez ahazten lagunduko digu».
Bilboko Aste Nagusia
Lehenengoa betiko
Juan Carlos Egillorrek 1978ko lehen Aste Nagusia iragartzeko sortu zuen kartela ipini dute Zazpikaleetan. Kopiak salgai jarri dituzte sortzaile bilbotar horren omenezko beste mural bat ordaintzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu