Aurten 150 urte bete dira Olinpiar Jokoetan aritu zen lehen euskal herritarra jaio zenetik. Jose Ametzola puntista izan zen, hain zuzen, Olinpiar Jokoetan domina bat irabazi zuen lehen euskal herritarra. Arabarra bera, 1896an hartu zuen parte estreinakoz, Atenasen; handik lau urtera, 1900. urtean Parisen jokatu zituzten Olinpiar Jokoetan, urrezko domina bat irabazi zuen, zesta-punta Olinpiar Jokoetako kirol ofiziala izan zen aldi bakarrean. Esku hutsik itzuli zen etxera, ordea, eta ez zuen inoiz jakin izan Olinpiar Jokoetan parte hartu zuenik ere; Olinpiar Batzordeak ez zion domina aitortu 2004ra arte.
Urkabustaizen (Araba) jaio zen Ametzola, 1874an. Haren ama ere arabarra zen, Baranbiokoa; aita, berriz, Jose Ametzola hura ere, Bizkaiko jaun ospetsu bat izan zen, trenbide eta meategi industrietan aritua. Hark ere bide oparoa egin zuen kiroletik harago: zezen eta antzerki enpresari ospetsua izan zen Bizkaian, baita Bilbao bankuko batzordekidea ere. Politikan aritzeko denbora ere izan zuen: Espainiako Kongresuan diputatu kontserbadore aritu zen, eta monarkiari emandako babesagatik aitoren seme izendatu zuen Alfontso XIII.ak; laguna zuen.
Francisco Villota madrildarrarekin batera joan zen Ametzola Parisko Olinpiar Jokoetara, garai hartako Espainiako taldea ordezkatuz. Beste finalistak, Frantziako taldeko ordezkariak, Ipar Euskal Herrikoak ziren: Durquetty-Etxegarai bikotea. Ipar Euskal Herrikoak partida hasi eta segituan deskalifikatu zituztela diote iturri batzuek; beste batzuek, berriz, antolakuntzarekin eta txapelketan jarritako arauekin ados egon ez, eta jokatu gabe lehiaketa uztea erabaki zutela. Irabazle izendatu zituzten Ametzola eta Villota, baina domina barik itzuli ziren etxera. Ehun urte igaro ziren, azkenean, lehen txapeldun olinpikotzat hartu zituzten arte.
1998an, Bill Mallon historialariak Parisko Olinpiar Jokoen berrikuste kritikoa egin zuen, Olinpiar Batzordeak eskatuta, eta pilotariei domina zegokiela ondorioztatu zuen orduan. Hala onartu zuen ofizialki Olinpiar Batzordeak, 2004an. Ametzola Olinpiar Jokoen liburuan agertzera mugatu zen, ordea. Hala ere, 2008ko abuztura arte ezer gutxi jakin izan zen Villota eta Ametzolari buruz, 1900eko Olinpiar Jokoen liburuan haien abizenak eta jatorrizko hiriak baino ez baitziren geratu erregistratuta.
Fernando Arretxea (Tarragona, Herrialde Katalanak,1972) kirol historialariak —gaian espezializatuak— bi kirolari horien identitatea eta istorioa azaldu zituen ikerketa berezi bat egin zuen duela sei urte; argitalpen batean azaldu zuen istorioa, olinpismoaren inguruko gaiak jorratzen dituen blogean. Historialariak berritasun gehiago aurkitu ditu orain, eta guztiak aletu dizkio BERRIAri.
Ezezaguna ezagutarazten
Mallon historialariak eman zituen txapeldunei aitortza egiteko pausoak. 1900eko Parisko proba guztiak aztertu zituen, eta zehaztu zuen zeintzuk har zitezkeen olinpikotzat eta zeintzuk ez. «Lan horri esker, Ametzola eta Villota 1900eko dominadun olinpiko gisa aitortu zituzten lehen aldiz, nahiz eta haien ezizena ere ez zen ezaguna», hasi du azalpena Arretxeak. Ametzola, gainera, Villota bere bikotekidea ez bezala, ez zen ibilbide luzeko kirolaria izan: «Taldekideak ibilbide luzeagoa izan zuen, 1903an Atletico Madrilen sortzaileetako bat izan baitzen. Halere, 2004ra arte inork ez zuen jakin, ezta berak ere, olinpikoa edo medailaduna izan zenik».
Arretxeak baieztatu du 1900. urtean ofizialki ez zela Olinpiar Jokorik izan. «Nazioarteko Erakusketaren programazioaren barruan kirol lehiaketa batzuk ordezkatu zituzten. Pierre de Coubertinek [Frantziako pedagogo eta historialaria, Olinpiar Joko modernoen sortzailea izateagatik ezaguna], bere porrot pertsonala ezkutatzeko, esan zuen lehiaketa haiek Olinpiar Jokoak izan zirela, nahiz eta ez zuten hitz hori esan». Baina ez zen sariak banatzeko ekitaldirik izan, eta ez zuten dominarik banatu.
«Ametzolaren nortasunaren aurkitzaile eta gaiaren ikertzaile naizen aldetik, iruditzen zait ez zitzaiola ia inori interesatu; euskal pilotaren esparruan ere ez zuen inork interesik adierazi».
FERNANDO ARRETXEAKirol historialaria
Lehiaketa haietan ikasleentzako, militarrentzako, amateurrentzako eta profesionalentzako probak bakarrik izan ziren. Erakustaldi unibertsal bat zen, eta amateurrentzako egitarauaren parte zen zesta-punta txapelketa, besteak beste. Frantziako prentsak asko kritikatu zuen zesta-punta bertan egotea. «Eta euskal kirol horri iseka egiten zioten artikuluak argitaratu zituzten», azaldu du Arretxeak. Horrek ez zuen kirolzaleen gogoa oztopatu. «Eta paristar batzuek zesta-puntako txapelketak inposatu zituzten egitarauaren barruan».
Oraindik zalantzak daude kirol historialarien artean Pariskoa Olinpiar Jokotzat har daitekeen edo ez. «Hori guztia ezin zen 1900eko Olinpiar Joko bezala hartu», esan du Arretxeak. «Nazioarteko Olinpiar Batzordea anbiguotasunez mugitu zen gai horretan, harik eta 2004an Mallon historialariaren lanak aitortu zuen arte». Parisko Olinpiar Jokoen ondoren, zesta-punta hiru aldiz baino ez da egon Olinpiar Jokoetan, hiru kasuetan erakustaldi kirol moduan: Parisen 1924an, Mexikon 1968an, eta Bartzelonan 1992an.
Interes gutxiko anekdota
Ametzolaren balentria anekdota bat besterik ez da egun. Prentsan oihartzuna izan zuen Ametzolari domina eman ziotenean, eta, Olinpiar Jokoak hurbiltzen direnean irabazlearen izena gogoratzen bada ere, gero ez da haren izena gehiago aipatzen. «Ametzolaren nortasunaren aurkitzaile eta gaiaren ikertzaile naizen aldetik, iruditzen zait ez zitzaiola ia inori interesatu; euskal pilotaren esparruan ere ez zuen inork interesik adierazi», kritikatu du Arretxeak.
Nazioarteko Olinpiar Batzordeak gaiaren inguruko«apatia handia» izan duela ere salatu du Arretxeak. «Izan ere, Villaviciosa de Asturiasko markesari ez diote domina aitortu oraindik ere. 1900. urtean, usakumeari tiro egiteko proba batean bigarren izan zen, eta urte askoan arku proban parte hartu zuela esaten zuten. Eldarnio bat...». Hain justu, interes falta horren ondorioz, ikerketa pribatua eta autofinantzatua izan zela nabarmendu du Arretxeak.
Beste inoren laguntzarik gabe, historialariak berak deskubritu zituen Arabako puntistaren heriotzaren nondik norakoak ere. Ametzola gazte hil zen, tuberkulosiak jota, Madrilgo Cercedillako erietxean, 1922an —48 urte zituen—, Teresa Garai alargun utzita. Bi seme-alaba izan zituzten: Jose eta Soledad. Emaztearen familiaren panteoian lurperatuta dago, Artziniegako hilerrian (Araba).
Ametzola hil zenetik urte asko igaro ziren euskal herritar bat berriz ere txapeldun olinpiko izan zen arte. Anberesen (1920) eta Los Angelesen (1984) Euskal Herriko kirolariek zilarrezko dominak lortu zituzten, Frantzia eta Espainia ordezkatuz. Baina urrezko dominak ez ziren iritsi 1992ko Bartzelonako Olinpiar Jokoetara arte: David Billabonak eta Mikel Lasak urrea lortu zuten gizonezkoen futbolean, Espainiarekin, eta Nagore Gabellanesek, Silvia Manriquek, Teresa Motosek eta Maider Telleriak beste hainbeste, emakumezkoen belar hockeyan, Espainiako selekzioarekin haiek ere.