GASTEIZKO JAIAK

Lehenago egin du eztanda

Urtero legez, Zeledonen jaitsiera baino bost minutu lehenago eman diete hasiera Gasteizko jaiei. Jende andana bildu da gaztetxeko patioan txupinazoa ikusteko.

Lehenago egin du eztanda.
unai etxenausia
Gasteiz
2022ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
B i ordu falta dira Zeledonen jaitsierarako, baina gazteek aurrea hartu diote jaien hasiera ofizialari; izan ere, 16:00etan hasi dira gaztetxea atontzen. DJak nahasketa mahaia prestatzen ari dira, asanbladako kideek hozkailuak edariz betetzen dituzten bitartean. Zeledonen jaitsierari ere aurrea hartuko diote, eta bost minutu lehenago egingo dute txupinazoa. Beraz, apur bat lehenago hasiko dira gaztetxera joaten direnen jaiak.

Gasteizko Alde Zaharreko muinoan dago gaztetxea. Udalak antolatzen dituen ekintzetatik aldentzen saiatzen dira urtero bertan antolatzen diren gazteak, eta jaiak beren erara prestatzen dituzte; kartel anitz eta giro alternatibo bat sortuz. Lehenengo egunerako ere gaztetxeetan ohikoak izan diren punk-rock kontzertuak antolatu beharrean, technoa jartzen duten Euskal Herriko sei DJ ekarri dituzte: DJ Raybon, DJ Mou, Santaklaux, Jokin Krakovia, Wary eta Papaltrauma.

Andoni Larrañaga gaztetxeko asanbladako kidea patioan dago, alde batetik bestera, adiskideekin batera dena prestatzen. Jaietarako prestaketa lanak «gogorrak» izan direla esan du, eta «denboraz larri» ibili direla: «Jende berri asko gaude asanbladan, eta normala da gaztetxeko ekitaldietan gauza batzuk atzeratzea. Halere, ondo joango da guztia, ziur».

16:30ean, bi gaztek txupinazo alternatiborako suziriak ekarri dituzte gaztetxera, eta pare bat bota dituzte. Jendeak irribarre egin du eztanda entzun bezain laster; igartzen da irrikitan daudela jaiei hasiera emateko. «Gogotsu» dago Markel Oleaga gaztetxeko asanbladako kidea ere. Azaldu duenez, lehen egunean tecno musika egongo da gaztetxean, baina jaietako egun guztietan askotariko musika ekarriko dute: «Technoa egongo da gaur, baina bihar reggaea izango dugu; etzi, berriz, oi! estiloko musika».

Ateak ireki dituzte 17:00etan, eta pixkanaka jendea sartzen hasi da: batzuk dantzan, beste batzuk zapia buruan... Askotariko jendea. 17:30ean dena beteta zegoen. Esti Kortabarria izan da iritsi diren lehenengoetako bat. Lagunekin dantzatzen hasi da barraren ondoan. «Txupinazo ofizialetik ihes» egin nahi duela nabarmendu du, eta horregatik etorri dela: «Giro ederra egon ohi da urtero Gasteizko gaztetxean, eta giro eder horren bila etorri naiz».

17:30etarako bete da gaztetxeko patioa. Denak izerditan daude, eta ez da beroagatik bakarrik, musikagatik baizik, jendea etengabe ari baita dantzan. Kortabarriak asko estimatzen ditu gaztetxearen moduko espazio alternatiboak: «Urte osoan zehar antolatzen diren ekitaldietara etortzen saiatzen naiz. Eta gogoko dutjaietako lehenengo eguna hemen eta txosnetan igarotzea ere».

Musika gelditu dute bat-batean, eta jendeak bere sakelako telefonoetan begiratu du ea zer ordu den jakiteko. 17:55 puntuan, txupinazo alternatiboaren suziria jaurtitzeko ordua. Ssssssshhh… danba! entzun bezain laster oihuka hasi da jendea. «Gu beti udalaren aurretik», azaldu du Larrañagak: «Hau gaztetxe bat da; beraz, ezin diogu udalak esaten digun guztiari men egin: gu beti kontrara goaz».

Jaietan, «errespetuz»

Gaztetxeak Gasteizko jaietan bete ohi duen eginkizuna ilundu arte giroari eustea da. Horregatik, ekitaldi guztiak txosnen gunekoen aurretik antolatu dituzte, ondoren jendea txosnetara joan dadin. «Jendea guregana hurbiltzeaeta kontzertuez gozatzea nahi dugu, ondoren txosnetara eta gazte karpara joan daitezen». Halere, gaztetxea irekita egongo da egunero gau osoan, jaiak amaitu arte.

Giro atsegina dago, elkarrenganako errespetuzkoa. Oleagak jendea animatu du «herri mugimenduak antolatu dituen jaiez gozatzera». Aldi berean, Larrañagarentzat garrantzitsua da, lehen ordu hauetan ikusi den bezala, jai guztian jendeak errespetua izatea: «Ondo portatu gaitezen eta elkar errespeta dezagun guztiok».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.