Lehen urratsa Ilargirako bidean

Igandean itzuli zen 'Orion' ontzia, espazioan 26 eguneko bidaia egin ondotik. Artemis programak Ilargira eraman nahi ditu gizakiak berriz ere. Oraingoan, jaurtitzeko sistema eta ontzia probatu dituzte, hurrengo bidaia gizakiek egin dezaten. NASAk esan du «arrakastatsua» izan dela.

6. Ur hartuta. Uretan buruz gora eusteko, pilota flotagarriak ditu Orion-ek. MARIO TAMA / EFE.
Iker Tubia.
2022ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Ilargiraino eta buelta. Orion ontzia Lurrean da jada, 26 eguneko bidaiaren ondotik. Artemis I misioa burutu da, beraz, eta NASAk ontzat eman du. Artemis programak Ilargia du jopuntuan, eta bide horretan lehenbiziko urratsa izan da Orion ontzia eta SLS suziria probatzea. Hurrengo misioan tripulazioa joanen da Orion-en barnean; 2024. urtean, naski. Igandean ur hartu zuen ontziak, Ozeano Barean, Guadalupe irlatik gertu. Egun hartan itzuli zen, duela 50 urte, Apolo 17 misioa.

Virginia Garcia Aranzadi zientzia elkarteko Astronomia Saileko zuzendariak esan duenez, Artemis programa «sekulakoa» da: «Helburu handiak ditu: batetik, jendea Ilargiraino berriz eramatea, eta orain emakumezkoak izango dira, gainera. Bestetik, Ilargian base finko bat instalatu nahi dute, eta, Ilargiaren orbitan, espazioko estazio bat». Programa luzea da, noski, eta oraingoz lehenbiziko urratsa baino ez dute egin: probena. Emaitza ona izan da: «Bere helburua oso ondo bete du. Suziriak satelite kubo batzuk askatu behar zituen Ilargiaren orbitan zenbait azterketa eta neurketa egiteko, eta baten batek ez du ondo funtzionatu; beste guztia oso ondo joan da».

Orion-en buelta zen arazorik handiena sor zezakeena. Izan ere, Lurraren atmosferara sartzean ontziaren kanpoko tenperatura 2.800 gradu ingurukoa da, marruskaduraren eraginez. Beraz, igandean atmosferara sartzeko sistema probatu zuten: ezkutu termikoa. Ontzia orduko 40.000 kilometroko abiaduran sartzen da atmosferan, eta, uraren gainazala ukitzerako, orduko 30 kilometroko abiaduran doa. Abiadura ziztu bizian jaisteak eragiten du ontziaren kanpoko aldea hainbeste berotzea.

Badirudi ongi funtzionatu duela, baina sakonago aztertu beharko dute dena. Bill Nelson NASAko administratzaileak esan zuen misioa «zeharo arrakastatsua» izan zela: «Hasiera berri baten hasiera da hau». Vanessa Wyche NASAren Johnson Espazio Zentroko zuzendariak azaldu zuenez, Artemis I misioan lortutako informazioa zuzena bada, heldu den urte hasieran Artemis II misioan ontzian joanen diren lau lagunen izenak eman ditzakete.

SLS (Space Launch System) suziria estreinakoz erabili dute misio honetan. Espaziora pisu handiak bidaltzeko sistema horrek eman du aukera Orion Ilargira arriskurik gabe bidaltzeko. 98 metrotik gora neurtzen du, eta 2.600 tona pisatzen ditu. Ateak urik ez sartzeko diseinatuak ditu, eta orduko 136 kilometroko haizeari aurre egiteko gai da. Orain arte eraiki diren suzirien artean ahalmenik handiena duena da.

Bosgarrenean atera zen

Kostata, baina, azkenean, azaroaren 16an aireratu ziren SLS suziria eta Orion ontzia, Euskal Herrian 07:48 zirenean. Arazo teknikoak eta meteorologikoak direla eta, lau aldiz atzeratu behar izan zuten Artemis I misioa abuztuaren 29az geroztik. Behin espazioan zenean, 25 egun eta erdiko bidea egin zuen ontziak; Ilargira joan eta itzulita. Ontziak probatzeaz gainera, satelite txikiak askatu dituzte bidaia horretan, ezkutuko izotza aurkitzen saiatzeko eta Ilargiaren gainazaleko plasma aztertzeko, besteak beste. Bidaia osoan argazkiak atera dituzte, gainera.

Bada beste berezitasun bat: gizakiak eramateko gai den ontzi bat ez zen inoiz egona Lurretik hain urrun; 450.000 kilometrora egon baita Orion. Apollo 13 misioan, 400.000 kilometroraino ailegatu ziren.

Lehenbiziko misioan, ez da pertsonarik joan ontziaren barnean. Ez zegoen hutsik, aitzitik. Hiru manikik egin dute Ilargirainoko bidaia: Moonikin Campos, Zohar eta Helga. Azken bi horiek emakume heldu baten hezurrak, organoak eta ehun bigunak antzeratzen dituzten materialekin eginak zeuden. Zohar manikiak erradiaziotik babesteko elastikoa zeraman; Helgak, ez. Modu horretan, astronautek jasan beharreko erradiazio mailen inguruko informazioa jaso nahi izan du NASAk.

Duela 50 urteko itzulera

Ilargia 1969. urtean zapaldu zuten hara bidaiatu zuten lehenbiziko gizakiek. Apolo programa izan zen hura, eta azkenengo misioa Apolo 17 izan zen, 1972an egindakoa. Ordukoa izan zen gizakiek Ilargia zapaldu zuten azkenengo aldia. «Astronomiarentzat bainoago, Apolo astronautikarentzat izan zen garrantzitsua; bultzada handi bat. Sekulako erronka zen garai hartan», kontatu du Garciak. Gerra Hotz betean, Ilargira ailegatzeko lehian aritu ziren AEBak eta SESB. NASA aurreratu zen.

Ikerketa zientifikoaren ikuspegitik, bestelakoa da balorazioa: «Garai hartan, astronautak ez ziren zientzialariak; militarrak ziren. Misio horietan, esperimentuak egin ziren: sismografoak jarri zituzten, neurketak egiteko ispiluak... Baina, adibidez, Ilargitik ekarritako harri lagin gehienak antzekoak ziren. Geologo batek hobeto jakingo zuen zer ekarri».

Oraingoan, teknologia hobearekin eta helburu zientifiko argiagoekin eta «serioagoekin» joanen dira, Gomezen ustez. Hala ere, epe luzerako programa dela gogorarazi du, eta zalantzatimintzatu da: «Badakigu edozer dela-eta murrizketak izaten direla zientzian: NASAri askotan murriztu diote aurrekontua, eta, horrelakoetan, proiektuak gelditzen dituzte. Mundua nola dagoen ikusita, ez dakit noraino iritsiko garen».

Oso urruti ikusten ditu Ilargirako planak; are urrutiago Ilargitik Martera joateko bidea. Hori baita azken helmuga: «Ilargian basea jarri nahi dute, Martera joateko anezka gisa erabiltzeko. Izan ere, Lurretik ateratzea kostatzen da gehien». Hori egitea zaila dela ohartarazi du: «Ilargian ez dagoenez atmosferarik, badirudi bideragarriena basea lur azpian egitea dela, Eguzkiaren erradiaziotik eta meteoritoetatik babesteko».

Zail ikusten du Ilargiaren orbitan espazio estazioa eraikitzea ere: «Urteak beharko dira, eta izugarrizko inbertsioa. Orain Lurraren orbitan dugun estazioa zahartuta gelditu da. Lehenengo, berri bat martxan jarri behar da, eta gero etorriko da Ilargikoa». Nolanahi ere, Artemis I burututa, NASAk egina du lehen urratsa Ilargirako bidean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.