Tinta jotzen duen laser baten laguntzaz, Victoria Lasterra Quitatoo enpresaren jabeak (Iruñea, 1970) damutuen larruko tatuajeak desagerrarazten ditu. Tribalak, maitagarriak, bikotekideen izenak... Lasterrak tinta partikula horiek ezabatzen ditu azaletik. Iruñeko Quitatoo enpresak hamar urte bete ditu.
Zein izan zen kendu zenuen lehendabiziko tatuajea?
Bezero batek 1980ko hamarkadan besoan egin zuen deabru bat.
Nola funtzionatzen du laserrak?
Laser fotoakustikoa da. Horrek zera esan nahi du: tintarik ez dagoen eremu batean ematen badut laserra, ez du erreakzionatzen. Tinta detektatzen duenean, indarrez jotzen du, eta tinta partikula txikitan disolbatzen da. Sistema linfatikoak gernutik ezabatzen ditu partikula horiek.
Zein da eremurik zailena tatuajeak kentzeko?
Eskuak eta oinak. Belaunetik beherakoa da eremurik txarrena, eta burua ere bai. Bihotzetik zenbat eta hurbilago, hobe.
Eta mingarriena?
Bezeroak jasaten duen minaren arabera, aldatu egin daiteke hori.
Zein izan da saiorik luzeena?
Luzeena hemezortzi saioko bat izan zen, tatuaje tribal bat kentzeko.
Tratamendua egin eta gero, nola geratzen da azala?
Tatuajea zegoen eremua beti geratzen da pixka bat suminduta. Bezero batzuei larruazala pixka bat sumindu edo handitu egiten zaie, eta beste batzuei anpulu eta ubeldura txikiak ateratzen zaizkie.
Nola zaindu behar da suminduta dagoen azala?
Hidratatu eta garbi eduki behar da.
Larruazala birsortu egiten da?
Larruazala primeran geratzen da, baina, tatuatu zaituzten moduaren arabera, aldatu egiten da. Gaizki tatuatu bazaituzte eta tinta gehiegi baduzu, marka txikiren bat gera daiteke.
Zer tatuaje kendu duzu gehien?
Iratxoak, maitagarriak, bihotz eta letra txinatar asko kendu ditut, ez zekitelako idatzita zer zeukaten ere. Tribal asko daude oraindik, eta bikotekideen izenak kentzea ere oso ohikoa da.
Zein da zure bezeroen batez besteko adina?
Batez besteko adina 25 urte da.
Tatuajeek lehengo betikotasuna galdu dute. Jendeak orain zalantza gutxiago du tatuaje bat egitean?
Bai, batez ere gazteek. Nire garaian, tatuaje bat egin behar zenuenean, asko pentsatzen zenuen zer eta non egin. Gertatu izan zait gazteak tatuajea egin eta astebetera etortzea ez zitzaiela gustatu esanez.
Zergatik uste duzu damutzen direla hain azkar?
Berehalakotasunaren garaian bizi dira, eta azkar tatuatu nahi dute, baina berehala kendu. Lehen, egiten zenuen tatuajea betiko zen; orain, esanahi hori galdu du.
Zergatik daude modan tatuajeak?
1990eko hamarkadan tatuajeak egiten hasi ginenean, amak esan zidan hori marinelen kontua zela, eta orain modan dago. Uste dut futbolarien errua izan dela, joera eta moda markatzen baitute. Gizarte beldurgarri honen puntu horretara iritsi gara, non mundu guztiak norbaiten antza izan nahi duen, gizabanakoa izatea erabaki beharrean. Denek sentitzen dugu moda jarraitzeko beharra. Gaur egun, arraroa da tatuajerik ez duen jendea egotea.
Zure lanbideari esker, tatuajeek izan duten eboluzioa ikusteko gai izan zara?
Bai. Tintak eta tatuatzaileek asko hobetu dute. Duela urte asko, tinta asko sartzen zuten; orain, gero eta arinagoa, finagoa eta leunagoa da tatuajea. Gainera, tintaren beruna eta metala kendu dituzte; orain, debekatuta dago hori.
Zer gomendio emango zenieke tatuaje bat egin nahi dutenei?
Tatuaje bat egin aurretik asko pentsa dezatela eta ez dezatela gaztaroko erokeriarik egin, mesedez. Bestela, Quitatoon bukatuko dute.
LOTSABAKO