Eman egin ote zenion, edo berak zuri. Ez zenekien zer egin mingainarekin. Ezta arnasketarekin ere. Itxi zenituen begiak? Hatsari hatsa ote zerion jakiteko bota zenuen hatsa airera lehendabizi. Eta sudur hori? Planifikatuta zeneukan, eta entseatuta ispilu aurrean. Edo ezustean harrapatu zintuen berak. Gustatu egin zitzaizun. Edo goragale apur bat eragin. Lehen musua izan zen. Akordatzen zara?
Erantzuna (ia) beti da baiezkoa. Psikologoek memoria autobiografikoa esaten diote: norberaren bizitzaren narrazioa, alegia. Eta narrazio horretan badira kapituluak: bizi mugarriak esaten diete. Izan daitezkeenak beldurra, poza, lotsa... sekula ahazten ez diren horiek. Eta kapitulu horietako bat da lehen musuarena.
Memoriaren ganduetan eta iruditeria erromantikoaren hitz belaxketan geratzen da galduta askotan, baina bada ikergaia ere. The Guardian egunkariak duela aste batzuk eman zuen Japonian egindako ikerketa baten berri. Hezkuntza Sexualerako Elkarteak egin du hango gazteen artean inkesta bat, eta «minimo historikoetara» jaitsi da jada lehen musua eman duten 15-18 urteko gazteen kopurua. 2023an egindakoa da inkesta. Mutikoetan: %22,8. Nesketan: %27,5. Ondorioa: gazte horiek «sexu aktibitate fisiko errealetik» aldendu egin direla, eta horrek eragina izan dezakeela Japoniako «jaiotza tasan». Arrazoien artean bat: pandemia. Ikastetxe asko itxi egin zituztela, aurrez aurrekoa debekatu egin zutela, eta askorentzat «oso une delikatuan» gertatu zela hori: «Euren arteko kontaktuan eta sexualitatean interesa agertzen hasten diren garaian». Tamaki Kawasaki soziologoarena da hausnarketa: «Gazteok gero eta joera handiagoa dute etxean gelditzeko eta eduki sexualak bakarka kontsumitzeko. Gure nerabeek, gure herrialdearen etorkizunaren giltza duten horiek horrela jarraitzen badute, oso zaila izango da hobekuntzaren bat egotea lehendik ere behera ari den jaiotza tasa horretan». Lehen musutik jaiotza tasetaraino joan dira han.
Itsaso Bakedano sexologoak ere gogoan du bere lehen musua: «Bai, oroitzen dut. Aritu naiz arakatzen, eta badu nire biografian toki garrantzitsu bat. Prozesu luzea izan zela ere gogoan dut. Badakizu euskaldunon artean zeintzuk diren erritmoak», esan du txantxetan. Haren kezka, ordea, beste bat da: «Lehen aldiaren mamu hori beti daukagu atzetik segika. Nik askotan galdetzen dut: ‘Lehen aldia, baina zerena?’. Batzuetan inpaktu handiagoa izan dezake lehen musuak, beste edozein lehen aldik baino. Izan ere, gaur egun, oraindik ere, eta sexu hezkuntzako saioak-eta ematen ditudanean, hori izaten da nire erronkarik handiena: lehen aldi hori deszentralizatzea koitotik».
«Dudarik gabe, lehen musuak markatu egiten du. Eta lehen musua eman aurreko prozesuek eta gogoetek ere markatzen dute. Nerabeen zalantzetako bat izaten da. ‘Jakingo dut musu bat ematen?’. Zalantza asko daude»
ITSASO BAKEDANOSexologoa
Lehen musua «une funtsezkoen» artean beste bat dela dio Bakedanok, eta inportantea: «Zeren lehen aldi asko ditugu bizitzan. Bizikleta bat hartu nuen lehen aldia, eskolara bakarrik noan lehen aldia, etxeko giltzak ematen dizkidaten lehen aldia… Horrelako momentu asko daude gure bizitzan, giltzarriak izan daitezkeenak, eta sexualitatean ere badira halako giltzarriak, baina ematen du penetrazio bat dagoenean bakarrik dela lehen aldia. Hori oso ikuspegi mugatua da. Hortik ateratzea da gaur egun sexologoen artean dauzkagun erronketako bat».
Eta badago gazteen artean lehen musuari buruzko kezka. Ez da uste erromantiko eta iruditeria txepela bakarrik. Bakedanok topatu ditu bere kontsultan lehen musuari buruzko «bizipenak» eta «abenturak». Eta atera du lehen ondorioa: «Dudarik gabe, lehen musuak markatu egiten du. Eta lehen musua eman aurreko prozesuek eta gogoetek ere markatzen dute. Hau da: nerabeekin edo haurrekin nabilenean, zalantzetako bat izaten da. ‘Jakingo dut musu bat ematen? Jakingo ote dut non jarri behar ditudan mingaina-eta?’. Zalantza asko daude».
Eta Bakedanok dio lehen musua badela inportantea, baina musuak eman eta jaso egiten direla, eta nerabezaroarekin lotzen dugula lehen musu hori, baina egia dela lehen musu inportante asko egoten direla lehen musu deitzen den hori baino lehen. «Eta aurretik jaso edo eman ditugun horiek ere markatzen dute bai gure erotika eta bai harremanak izateko dugun modua. Alegia, gure izaera». Baina lehen musuak ere bai? «Lehen musua osagarri edo elementu bat da izaeraren sorreran. Haurtzaroan eta nerabezaroan bizi izandako esperientzia guztien osagarri bat izango litzateke, baina ez oinarria. Esperientzia horiek, keinu txiki horiek zaku batean gehituz doaz. Eta zaku horretan badira pilota handiagoak eta pilota txikiagoak. Pilota horietako bat litzateke lehen musua».
Ikerketak egin dituzte lehen musuaren inguruan. 2018an Connecticuteko (AEBak) Unibertsitateko ikertzaile Eva Lefkowitz eta haren lantaldeak argitara emandakoaren ondorio nagusia da norberaren nortasunaren isla dela nerabezaroan, gazteek «ontzat» jotzen duten zerbait dela, zerikusia duela «motibazioarekin» eta «autoestimuarekin», eta nerabezaro-helduaro trantsizio horretan dauden sexu jarrerak hobeto ulertzen lagun dezakeela. Texasko (AEB) Unibertsitateko ikerlari Sheril Kirshenbaumek badu liburu bat The Science of Kissing izenekoa (Musu ematearen zientzia). Besteak beste, lehen musuaren garrantziaz mintzo da bertan, baina azaldu du jendeak gogoratzen duena ez dela izaten lehen musua bera, baizik eta haren testuingurua: «Gogoratuko zara neska edo mutil hartaz, baina baita tokiaz ere, egiten zuen giroaz, eta beste hainbat xehetasunez. Ordea, nekez erreproduzituko duzu sentsazio hura bera».
«Gogoratuko zara neska edo mutil hartaz, baina baita tokiaz ere, egiten zuen giroaz, eta beste hainbat xehetasunez. Ordea, nekez erreproduzituko duzu sentsazio hura bera»
SHERIL KIRSHENBAUMTexaseko Unibertsitateko ikerlaria
Bakedano sexologoak beste elementu bat nabarmendu du: lehen musuak guztiei eragiten diela. «Eta aldentzen gaituela dena genitaldu behar horretatik ere. Horregatik eman behar diogu garrantzia eta eman behar diogu lekua. Musua ematea hartu-emana da, eta bi mingainek elkarren ahoan sartuta lortzen dutena da hori: biok dugula mingaina, eta zu sar zaitezkeela nirean eta ni zurean. Hor dagoena magia da. Gero erritmoak daude, hatsaren usainak daude, txikleak, zigarretak, listuak… Hor ere badago mundu bat. Baina bai, egia da musuak berdindu egiten gaituela».
Baina ez da hala kultura guztietan. Nerea Osinalde EHUko Biokimika saileko irakasleak musuen jatorria aztertu du BERRIAren Argi Aldian zutabean. Gehienok musua «afektuarekin eta maitasunarekin» erlazionatzen dugula dio, «baina pertzepzio hori ez da unibertsala eta ez da kultura guztietan gertatzen». 2015ean musuei buruz egindako ikerketa baten berri eman du Osinaldek: munduko 168 kultura ezberdini egindako inkesta bateko emaitzek erakutsi zuten soilik kulturen %46k dutela elkarri musu emateko praktika erromantiko eta soziala. Kultura batzuetan «nazkagarritzat» hartzen dituztela ere azaldu du, eta dokumentatutako lehen musu erromantikoa Mesopotamian emandako bat dela, K.a. 2500. urtean —buztinezko oholtxo batean agertzen da irudia—.
«Badago, bai, kimika musuetan: hormonak, endorfina, dopamina... Musua eta maitasuna hori baino gehiago da, baina baditu osagai kimikoak»
NEREA OSINALDEEHUko Biokimika saileko irakaslea
Eta ezpainetan musu emateko ohitura hedatu ahala, ahoz aho transmititzen diren birusen infekzioak gehitu eta hedatu ziren. Eta egungo primateen higiene erritualak aipatu ditu, eta nola amaitzen dituzten garbiketa saioak musuka, eta nola zituzten lehen gizakiek ere antzeko jokabideak higieneari dagokionez, eta nola ikertzaileek uste duten garai bateko portaera erritual haien aztarna direla musuak.
Baina badute kimikarik musuek? «Badago, bai, kimika musuetan: hormonak, endorfina, dopamina... Musua eta maitasuna hori baino gehiago da, baina baditu osagai kimikoak». Osinaldek dio «maitasun erromantikoan» hiru fase bereiz daitezkeela: «Desira, erakarpen erromantikoa eta atxikimendua». Eta fase bakoitzaren azterketa kimikoa egin du. Desira fasea: «Sexu hormonek, hots, estrogenoak eta testosteronak gidatzen dute». Erakarpen erromantikoaren fasea: «Euforia sentimenduak gailentzen dira; antza, garunean gertatzen den dopamina eta noradrenalina neurotransmisoreen askapenari esker». Atxikimendu fasea: «Egonkortutako bikotekidearen ondoan sentitzen den barealdi eta batasun emozionalaren garaia. Garuneko oxitozina eta basopresina neurotransmisoreen mailek gora egiten dute».
Lehen musua: akordatzen zara?