Lehen aldiz Michelin izar bat lortu dute Axpeko (Atxondo, Bizkaia) Txispa jatetxeak —Tetsuro Maeda— eta Kabo Iruñeko jatetxeak —Aaron Ortiz—, Bartzelonan egin duten Michelin izarren gala nagusian —Martin Berasategik eta Jose Maria Goñik beste izar bat lortu dute Madrilgo El Club Allard jatetxearekin—. Orain arteko hiru Michelin izarrei eutsi diete, berriz, Donostiako Akelarre (Pedro Subijana) eta Arzak (Juan Mari Arzak) jatetxeek, Lasarte-Oriako Martin Berasategik eta Larrabetzuko (Bizkaia) Azurmendik (Eneko Atxa).
Horrez gain, Sukaldari Mentore Onenaren Sari Berezia jaso du Juan Mari Arzak sukaldariak. Haren alaba Elena Arzakek jaso du saria, eta eskerrak eman dizkie bertaratu diren guztiei eta Arzak familiari. «Badakit aitari ilusio handia egingo diola. Harrigarria da urteotan guztiotan hiru Michelin izarrei eutsi izana». Eta Michelin izar berdea jaso du Urdaitzeko El Molino de Urdaniz jatetxeak.
Iaz, hiru Michelin izar lortu zituzten Azurmendi, Akelarre, Arzak eta Martin Berasategik; bi izar lortu zituzten Errenteriako (Gipuzkoa) Mugaritzek, Donostiako Ameliak eta Urdaitzeko (Nafarroa) Molino de Urdanizek; eta izar bana Hego Euskal Herriko beste hemeretzi jatetxek —Bizkaiko hamarrek, Gipuzkoako lauk, Nafarroako hiruk eta Arabako bik—.