Lehen mailako espioitza thriller britainiarra

'Black Doves'-eko protagonista Helen Webb da (Keira Knightley). Bizitza bikoitza du: Erresuma Batuko Defentsa ministroaren emaztea da, baina baita senarraren sekretu profesionalak argitzen dituen espioia ere. Londresen Gabonetan girotutako thrillerra da.

Keira Knightley aktorea, 'Black Doves' telesaileko fotograma batean. BERRIA
Keira Knightley aktorea, 'Black Doves' telesaileko fotograma batean. BERRIA
gaizka izagirre
2024ko abenduaren 7a
05:00
Entzun

Alex Gabassiren zuzendaritzapean eta Joe Bartonen gidoian oinarrituta, 70eko hamarkadako The Parallax View-ren (Alan J. Pakula,1974) edota The Conversation-en (Francis Ford Coppola, 1974) tankerako thriller handien esentzia duen telesail batean murgiltzeko aukera izango duzu. Erreferentziak aipatzen hasita, Killing Eve-renedota Slow Horses-en erako telesailak maite badituzu, proposamen honekin asko gozatuko duzu.

Sister Pictures dago lan honen atzean: HBOko Chernobyl txalotuaren eta Gangs of London edota This Is Going to Hurt aparten ekoiztetxea da, besteak beste. Elisabeth Murdochek, Jane Featherstonek eta Stacey Sniderek sortu zuten, 2019an, eta haien proiektuek, aipaturiko izenburuek frogatzen duten moduan, pertsonaia sakonak eta narrazio indartsuak dituzte oinarri.

Telesailean aktore zerrenda nabarmena topatuko dugu; ezagunenak Keira Knightley, Ben Whishaw eta Sarah Lancashire dira. Helen Webb, Knightleyren pertsonaia, bereziki interesgarria eta mamitsua da; anbiguotasun moralez betea dago, eta eremu gris etengabe batean bizi da. Hamar urtez, Black Doves izeneko erakunde misteriotsurako senarraren sekretuak filtratzen aritu da. Erraza da harenganako enpatia sentitzea, baina, aldi berean, haren jokabidea eztabaidagarria da. Ez da telesaileko gaiztoena, baina ezta zintzoena ere. Seme-alabak eta senarra goiko pisuan lo dauden bitartean hiltzaileei aurre egin beharko dien emakumea da. Ben Whishaw du bidelagun Knightleyk espioitza serie honetan, eta hark ere antzezpen lan nabarmena egingo du. Bi aktoreen arteko kimika oso sendoa da, eta istorioa asko elikatzen dute. Profil apur bat soziopata dute biek, eta horrek ukitu dibertigarriak ematen dizkie hainbat eszenari. Sarah Lancashire Happy Valley telesailean Catherine Cawood ahaztezinaren rola jokatzen zuen aktorearen presentzia ere azpimarratzekoa da.

Orainaldian girotzen da istorio nagusia, baina flashbacken bidez, apurka, gure protagonista nagusien geruza guztiak zuritzen hasiko gara; iraganeko erlazioak eta sekretuak, esaterako. Thrillerra eta espioitza generoaren kodeak eta narratiba klasikoa ditu oinarri, baina umore beltz handiko akzio eszenetatik abiatuta, kapituluek aurrera egin ahala, tonu zoro bezain samurrean barneratuko gaitu.

Gabonetan girotua egotea ez da ausazkoa. Eguberrietako atmosferan murgiltzeaz gain, garai jakin horrek eragina izango du gidoiaren zenbait pasartetan. Adibidez: Helenek «Gabonetako erosketak» erabiliko ditu etxera berandu iristeko aitzakia gisa. Testuinguru hori protagonisten sentimenduak eta jokabideak tindatzeko modu bat izango da.

Aitortu behar da egiantzik gabeko kontakizuna dela, hainbat egoera ezin sinetsizkoak direlako, baina ikus-entzunezko batekin katigatzeko gogoz bazabiltza, Black Doves paregabea da. Generoaren barruan ezer berritzailerik eskaintzen ez duen arren —umorearen, akzioaren eta thrillerraren arteko konbinazio horretan apur bat kulunkatzen da—, protagonisten antzezpen lan bikainei eta pantailaratze biribilari esker, ezin hobeto funtzionatzen du. Generoaren klixe guztiak topatuko dituzue, baina oso eraginkorra eta bizia da. Euskarazko azpitituluekin ikusteko aukera duzuen ikuskizun oso entretenigarria da, egunotan ikusteko ezin aproposagoa; lehen mailako espioitza thriller britainiarra.

FITXa

  • Sortzailea. Alex Gabassi. 
  • Aktoreak. Keira Knightley, Ben Whishaw, Sarah Lancashire, Lee Byford, Andrew Koji eta Kathryn Hunter.
  • Herrialdea. Erresuma Batua.
  • Urtea. 2024.
  • Non ikusi. Netflix.
  • Atal bakoitzaren iraupena. 50 minutu.
  • Generoa. Thrillerra, akzioa, espioitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.