Bitxigilea

Elodie Basagaistegi: «Lehen erabiltzen ziren teknikak erabiltzen ditut: burdinarekiko kontaktua eta indarra»

Bitxiak sortzeko aroztegia erabiltzen du gehien bat Basagaistegik, bitxigintzaren jatorrian erabiltzen zen teknika. Keinu zahar horiek atxikitzea eta biziaraztea da bere helburua.

Elodie Basagaistegi, Basa atelierrean, Baigorrin. PATXI BELTZAIZ
Elodie Basagaistegi, Basa atelierrean, Baigorrin. PATXI BELTZAIZ
julene muruaga
Baigorri
2024ko martxoaren 28a
05:00
Entzun

Tradizioa eta modernitatea nahasten ditu sortzen dituen bitxietan, bitxigintzaren hasieran erabiltzen ziren teknikak baliatuz; hori zen Elodie Basagaistegiren ttipitako ametsa (Donapaleu, Nafarroa Beherea,1987). Parisen bitxi fabrika industrialetan eta berantago haurtzaindegietan lan egin eta gero, Basa izeneko tailer bat muntatu zuen, orain dela hiru urte. Baigorri erdigunean du atelierra (Nafarroa Beherea), eta eguneroko lan bereziaz hitz egin du han.

Basa bitxi atelierrean lan egiten duzu. Nola sortzen da bitxi bat?

Berezia dena da badirela manera anitz bitxiak egiteko: hainbat teknika badira. Nik erabaki nuen jatorrian bitxiak egiteko erabiltzen zituzten teknikak erabiltzea. Aroztegia erabiltzen dut gehienbat: lehenik, lingoteak egiten eta urtzen ditut; ondotik, jotzen ditut, deformatzeko eta eman nahi diedan forma emateko. Laminatzea plakaz eta hariz bilakarazten dut, eta, ondotik, mozten ditut bitxiaren forma emateko. Aroztegiaren jatorrizko bitxigintzaren teknika da hori. Saiatzen naiz ene bitxiei itxura zahar bat ematen, herrixka batean antzemanen genukeen bitxi bat balitz bezala. Gaur egungo modekin ere jolastea atsegin dut, bien arteko nahasketa orekatu bat eginez.

Zergatik erabaki zenuen horrela lan egitea?

Pozgarria da pentsatzea aspaldiko keinuak erabiltzen ditudala; hainbeste pertsonak erabiltzen zituzten eta emaitza zoragarriak lortzen zituzten, nahiz eta baliabideak ez bikainak izan. Enetzat biziki garrantzitsua da lan egiteko molde horiek atxikitzea eta biziaraztea. Gaur egun, kontsumo jendarte batean gara; kantitateak, kantitateak, kantitateak eta errentagarritasunak dute inporta gehien. Eta, sistema horregatik, orduan erabiltzen zituzten jestuak galtzen ari dira. Eskolan nintzelarik, beste teknika batzuk ikasi genituen, baina interes gutiago nuen. Nik maite dut burdinarekin dudan kontaktua, indarra erabiltzea... Gustatzen zait burdin lingote lodi batetik abiatzea, eta bitxi fin-fin batera iristea.

Gaur egun, Baigorrin bitxigile zara. Denboran atzera eginda, zer izan zen zure ibilbidea?

Lau urte eta erdiz, Frantzia erdialdean zen eskola batean ikasi nuen, Saint-Amand-Mortronden. Horren ondotik, ikastaroak egiten hasi nintzen Parisen eta Bourgesen, marka handientzat; eta berantago, kontratatu ninduten. Baina 2007. urtean izan zen krisiarengatik kanporatu ninduten. Euskal Herrira itzuli nintzen, eta berriz harremana sortu nuen ene herriarekin; ez nuen gehiago hemendik joan nahi. Erabaki nuen lanbidez aldatzea; beraz, haur ttipien irakaskuntzako gaitasun profesionalaren agiria pasatu nuen, eta hamar bat urtez haurtzaindegietan lan egin nuen.

Berriz bitxigile bilakatu zinen. Nolatan?

Uste dut burua galtzen hasi nintzela. Ene lana, langileak, haurrak... maite nituen, baina hutsune bat sentitzen nuen ene bizian. Zerbait falta zitzaidan; bukatu gabeko zerbait bezala. Eta mementoa zen zerbait berria hasteko. Ttipitako ametsa bete behar nuen!

Garai batean enpresa handietan lan egiten zenuela erran duzu. Lan baldintzak desberdinak izango ziren...

Bai, bistan da. Egun batez laurogei bitxi egiten ahal nituen, dena lerroan. Biziki errepikakorra zen. Eta, azkenean, nik egiten nuena zen jadanik eginak ziren bitxiak garbitzea. Tarteka, gauza tipiak gehitzen ziren... Ez zen tipitan nuen bitxigile irudia. Egun, denbora har dezaket, eta askatasun osoa dut! Nihaurek ditut piezak sortzen hastapenetik bukaerara, eta, gainera, pieza bakoitza berezia da.

Tailerrean bezeroekin lan egitea proposatzen duzu. Elkarrekin sortzen dituzue bitxiak, ezta?

Plataforma bati esker, aukera ukan dut bezeroekin lan egiteko. Bikaina da! Manaketa egin ordez, bezeroa tailerrera heldu eta elkarrekin nahi duguna sortzen dugu. Enetzat plazer handia da bezero bakoitza bere pieza bereziarekin etxera itzultzen ikustea. Ene pasioa transmititzeko parada ere bada, erakustea nola lan egiten dudan ene balioekin.

Zer material erabiltzen duzu sorkuntzarako?

Baigorriko arotzaren garai bateko tresnak erabiltzen ditut; haren semeak eskaini zizkidan. Zahar-zaharrak dira, eta anitz erabiliak izan dira; horrek xarma sortzen du. Bitxiak egiteko, letoiarekin edo zilarrarekin lan egiten dut gehienbat, baina brontzea, kobrea eta urrea ere erabil ditzaket bezero batek eskatuz gero.

Zuk duzu bitxia sortzen eta apaintzen... Zein da bien artean gehien gustatzen zaizun etapa?

Anitz maite dut apainketa parte hori, harriak gehitzea, kolorea ematea... Baina zinez maite dudana da plaka egina delarik plaka horri bizia ematea: bolumena ematea, erliebea, zizelkatzea... Leuntze mementoa ere interesgarria iruditzen zait; prozesuan zehar, bitxia aski zikina da, eta bikaina da garbiketa egin eta gero bitxiaren egiazko itxura deskubritzea.

LOTSABAKO

Inspirazio iturri bat?
Antzinaroa.


Bitxi bat?
Petenta pare bat.

Zure lana deskribatzeko hitz bat?
Gordina, baina fina.


Gehien gustatzen zaizun materiala?
Letoia, deformatzeko oso atsegina baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.