Lehen aldiak futbolari esker

Donosti Cup futbol txapelketa bihar amaituko da. Inoizko jendetsuena izan da: mundu osoko 750 taldetik gora izan dira 30. urteurrenean. Antolatzaileen esanetan, urteurrena «unerik onenean» ospatu dute. Aurten bi talde gonbidatu dituzte: Boliviako Momim, eta Palestinako Al Helal.

Bi taldekide, partida jokatzen ari ziren bitartean. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Amaia Jimenez Larrea.
Idiazabal-Pasaia
2022ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Idiazabalgo (Gipuzkoa) Arizkorreta futbol zelaian bada giroa. Harmailetan kolore ezberdinetako kamisetak ikus daitezke, eta zelaian 22 mutil baloiaren atzetik dabiltza korrikan, bi taldetan banatuta, norgehiagokan. Talde batek peto laranja bat du soinean, beste taldearengandik bereizteko. Ez zaie armarria ikusten, zaila da zein taldetakoak diren jakitea, baina hizkuntzak bereizten ditu kontrarioengandik: Palestinakoak baitira.

Donosti Cup txapelketaren barruan aste honetan jokatu diren partidetako bat da. Hogeita hamargarrenez egiten ari dira txapelketa hori; inoizko jendetsuena eta nazioartekoena: 166 taldeetako 754 jokalari ibili dira futbolean, Gipuzkoa osoko futbol zelaietan. Bihar amaituko da txapelketa, maila bakoitzeko finalekin. Aurten ere, Donosti Cup fundazioak talde gonbidatuak ekarri ditu: Palestinako Al Helal akademiako talde bat, eta Boliviako Momim erakundeko beste bat.

Al Helaleko jokalariek 14 eta 16 urte bitarte dituzte, eta bidaia luze eta konplikatua izan dute Euskal Herriraino etortzeko. Gazatik irten eta Egiptoraino joan ziren gazteak, euren arduradunekin, eta Egipton bertan etorri zitzaien zailena. Fadi Hassanek, Al Helaleko kideak, hamabost gazteak aireportura heldu bakar batez lagundurik joan zitezkeela, eta gainerako helduek deportatu edo atxilotu gisa joan behar zutela azaldu du. Gainera, jokalarietako bat ezin izan zen Egipton ere sartu, hango informazio zerbitzuek eragotzi zioten sarrera. Hassan izan da Donosti Cupen eta palestinako taldeen arteko lotura, bera Donostian bizi baita.

Palestinarrek Idiazabalen Guadalajarako (Espainia) talde baten aurka jokatu dute, eta neurketa oso parekatua izan da. Jokatzeko estilo desberdinak nabaritu dira zelaian, baina horrek ez die Al Helalekoiei amore emanarazi, eta, azkenean, partida 1-0 irabaztea lortu dute.

IIbrahim Husein, taldeko bigarren entrenatzailea da, eta «erabat pozik» agertu da taldearen emaitzarekin. Husein ondo prestatuta etorri da Donosti Cupera, aurkariek nola jokatzen zuten aztertuta baitzeukaten. Entrenatzaileak pozik dio aurretik jokatutako partida batean bigarren minutan gola sartzea lortu zutela, eta Donosti Cupen 30 ediziotan ez dela talderik egon, hain azkar golik sartu duenik. Eurek baino baliabide gehiago dituen talde bati irabaztea lortu dute, eta «hori izugarria da», esan du harro Huseinek.

Su artifizialak bonben ordez

Taldeko jokalari gehienak Gazako errefuxiatuen kanpamentuetan bizi dira. «Oso familia xumeetatik datoz», argitu du Hassanek. Lehen aldia da sorterritik ateratzen direla, baita hegazkin batera igotzen direla ere. Ahmed Shtiwi, taldeko jokalaririk gazteena da, 14 urte besterik ez du. Tamainaz ere kideak baino txikiagoa da, eta hortik datorkio Messi ezizena. Ezabatu ezin duen irribarrea du aurpegian, eta aitortu du taldea hurrengo fasera pasatu denez oso pozik dagoela. Shtiwik bederatzi urte zituenetik jokatzen du Al Helalen, eta kontatu du hemengo taldeen aurka jokatzea zailagoa dela: «oso onak» dira.

Khaled Jhaishek argi du bere bizitzako egunik onena Donosti Cupeko inaugurazio ekitaldia izan zela: «Su artifizialak izugarrizkoak izan ziren, baina, begiak itxiz gero, beste gauza bat ziruditen». Bonbez ari da Jhaish. Taldeko kiderik gehienak 2006an jaioak dira, eta ,zenbat gerra bizi izan dituzten galdetzean, denek «lau!» diote, aho batez.

Donostiara jokatzera etortzeko egin beharreko lana izugarria izan da. Al Helalek Gaza Cup txapelketa irabazi zuenean, jokatzera etortzeko saria lortu zuen. Orduan hasi zen lan guztia: baimen eta dokumentu guztiak lortzekoa. Hortaz arduratu zen Ayed Abu Ramadan, Al Helal akademiaren presidentea. Futbolak berebiziko garrantzia du hango gazteentzat. «Guretzat, futbola energia negatibo guztia atera eta positibo bilakatzean datza», argitu du presidenteak.

Benetan eskerturik ageri dira, bai jokalariak, bai entrenatzaileak, bai eta akademiako presidentea bera ere: «Gure helburuak lor ditzakegula erakutsi digu Donosti Cupek, lehenengo geure buruari erakutsi behar baitiogu hori», esan du Abu Ramadanek.

Gazara bueltatzeko bidaia ere konplikatua izango da—bertan arkumearen festa ospatzen ari direnez, uztailaren 11tik 17ra Gazako muga itxita dago—. Taldea igandean ateratzekoa da, eta ez dakite sartzerik izango duten, eta zer egin dezaketen.

Esperientzia biziz

Al Helal ez da talde gonbidatu bakarra. Momim, munduko emakume indigenen mugimendua da, eta herrialde indigenetako emakumeak ahalduntzea du helburu. Bolivian badu delegazio bat, eta bertako komunitateetako emakumeekin ekintza ugari egiten ditu; tartean futbolean jokatzea. Duela 10 urte, Momimeko talde bat etorri zen txapelketa jokatzera, eta, aurtengoan, lehenengo talde hartako batzuen alabak edo bestelako senitartekoak etorri dira jokatzera; 15 eta 17 urte bitartekoak.

Maria Ramos eta Aurelio Martinez ozen ari dira Boliviako taldea animatzen. Izan ere, ezaguna dute elkartea: «Momimen Euskal Herriko delegazioa guk sortu genuen», oroitu dute, jada delegazio hori martxan ez dagoen arren. «Izugarrizko ilusioa egin zigun berriz ere jokatzera etorriko zirela jakiteak», esan du Martinezek.

Zaila izan da txapelketarako entrenamenduak prestatzea, kide guztiak ez batira komunitate berekoak, eta entrenatzeko lekura joateko zailtasunak izaten baitituzte. Ikasketek ere badute eragina, guztiek ez baitute ordutegi bera. Ekonomikoki ere baliabide gutxikoak dira, eta horrek ere ez du laguntzen. «Askok duela egun gutxi estreinatu dituzte euren lehen oinetako takodunak», dio Karin Gemiok, Boliviako Momimeko arduradunak.

Donostia leku «magiko» bat dela kontatu du Gemiok, esperantza handia eman dien leku bat baita: duela hamar urte, eta baita orain ere. Euskaldunen adeitasuna ere goraipatu nahi izan du Momimeko kideak. «Boliviako herrikide batzuk ere etorri dira gu ikustera», esan du.

Saray Flores jokalariak gehitu du: «Itsasoa ezagutzeko eta bertan bainatzeko aukera izan dugu, eta, benetan izugarrizko esperientzia izan da». Floresi aurretik izandako futbol entrenatzaile batek eman zion Momimeko taldearen berri, eta, proba egin ostean, talderako aukeratu zuten.

Taldea, klub ezberdinetako jokalariz osatuta dago, Donosti Cupera etortzeko bereziki prestatu dutena. Yamil Vargas da taldea zuzentzeko arduraduna, duela bizpahiru hilabetetatik. «Irabaztera baino gehiago, esperientzia bizitzera etorri gara dudarik gabe», argitu du Vargasek; haren esanetan, bai teknikoki eta bai fisikokialde handiak baitaude.

Vargasek jakitera eman du euren azpiegitura falta dela herrialdean kirola hain garatuta ez egotearen arrazoietako bat: «Aldea izugarria da». Bestalde, jokalarietako askok ez dute kirola egiteko behar beste jaten, etxean janariz justu ibiltzen baitira; ondorioz, elikagai gutxirekin joaten dira entrenatzera. Komunitateen egoera dela eta, deskantsatzeko baldintzak ere eskasak izaten dira.

Bai Al Helaleko eta bai Momimeko kideek, eskerrak ematean, izen berbera dute ahoan: Iñigo Olaizola. Berari esker, bi taldeek bizi baldintza gogorretatik irten, eta gehien gustatzen zaiena eginez, bidaiatzeko aukera izan dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.