Jaiak

Legutioko Ikurrina jokoan

Guztira, hamabi batel ariko dira lehian bihar Legution, ikurrina nork eskuratuko; lehenengo txapelketa izango da

Batel txapeketa egingo dute Legutioko urtegian. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Gasteiz
2012ko irailaren 14a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Legutioko Ikurrinaren lehen batel txapelketa jokatuko dute bihar Legutioko urtegian. Parte hartzaileek eguerdiko hamabietan ekingo diote norgehiagokari. Lehengo txapelketa honetan, kadeteak eta gazteak arituko dira lehian. Josetxo Fernandez Euskal Arraun Federakundeko lehendakariak dio apustu «sendoa» egin dutela aurtengo estropadak gizartera zabaltzeko eta bihar jendea erakartzeko; izan ere, helburuetako bat da datozen urteetan aurten hasitakoa ospatzen jarraitzea.

Izan ere, Fernandezek azaldu du «EAEko olinpiar arrauneko pista bakarrak» direla Legutioko urtegikoak. Eta olinpiar arrauna inguruotan bultzatu eta sustatu nahian, aurten Legutioko Ikurrinaren lehen batel txapelketa egitea erabaki dute. Federazioko lehendakariak espero du «urte luzez» irautea bihar hasiko denak. Badaki berria den zerbaiti ekitea «zaila» dela, baina «hasi egin behar da». Arabako Arraun Federazioak antolatu du txapelketa, Legutioko Udalak babestuta.

Batel gazteak

Zortzi taldek parte hartuko dute kadeteen mailan, eta lauk, berriz, gazteen mailan. Guztira, zortzi estropada egingo dira bihar. Lehenik, kadete mailako bi kanporaketa egingo dira, guztien artetik lau batelik onenak hautatu ahal izateko. Hori lortuta, finala jokatu beharko dute sailkatutako kadeteek alde batetik, eta gazteek bestetik. Azkenik, finalera sailkatu ez diren kadeteek kontsolamendu estropada jokatuko dute. Irabazleek ikurrina eramango dute etxera, eta bigarren eta hirugarren postua eskuratutako batelei, berriz, garaikurra emango diete sari gisa.

Honako hauek izango dira parte hartzaileak: Pasai Donibane Koxtape (Pasaia), Tolosa, Hibaika (Errenteria), Arkote (Plentzia), Zarauzko, Isuntza, Itsasoko Ama (Santurtzi) eta Mundaka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.