Ahaztutako istorio bat kontatzen du Barro Rojo (Lohi gorria) antzezlanak: gayek Europako kontzentrazio esparruetan izandako baldintzak. Javier Liñera (Bilbo, 1975) da ikuskizuneko aktorea, eta antzezlana komedia gisa mozorrotutako drama bat dela dio. Sariak eta emanaldiak pilatzen ari da. Gaur, Zarautzen (Gipuzkoa) egongo da, eta, bihar eta igandean, Bilbon.
Kontzentrazio esparruetan gayek izan zituzten bizipenak kontatzen ditu antzezlanak. Ahaztuta geratu diren lekukotasunak.
Homosexualen istorioak, izan gizon edo emakume, eta ijitoen bizipenak bigarren mailan geratu izan dira beti. Kontzentrazio esparruez hitz egitean, beti juduen inguruan hitz egiten da, eta, horren ondorioz, kalte-ordainak lortu dituzte, baina gay, lesbiana eta ijitoek, ez.
Zergatik ahaztu da istorio hori?
Iraindutako kolektibo bat izan da beti. Espainian, esaterako, gaizki ikusiak ziren eskuindarren eta ezkertiarren aldetik. Sozialki arbuiatuta zeuden, eta ijitoak berdin. Eta horregatik ahaztu dira haien lekukotasunak.
Espainiako eta Alemaniako kontzentrazio esparruetan hartu zituzten preso gayak, ezta?
Baita Polonia edo Austrian ere. Alemaniarrak Espainiara etortzen ziren kontzentrazio esparru bat nola egin behar zen erakustera. Lasaiagoak ziren Espainiakoak; ez zeuden hiltzeko pentsatuta, baina bertako baldintza gogorren ondorioz jende asko hil zen. Kontzentrazio esparru horiek desagertu ziren, eta nekazaritzara bideratutako gune bihurtu ziren ondoren. Funtzionatzeko modua aldatu zen, baina Kanaria uharteetan gayentzako kontzentrazio esparru bat egon zen ostera.
Gayak «sendatzeko metodoak» ere orduan iritsi ziren.
Hala da, Espainian, 1970eko hamarkadan hasi ziren halako metodoak erabiltzen, baina, Europan, 1950 ingururako ari ziren horretan. Badajoz eta Huelvako espetxeak horretarako egin zituzten. Aktiboa edo pasiboa izan, batera edo bestera eramaten zituzten.
Benetan sailkatzen zituzten hala?
Bai, nahiko irizpide xelebreak ziren. Gizon edo emakume papera egin, horren arabera epaitzen zituzten gayak, eta batera edo bestera bidali. Galtza itsatsi batzuk eramanez gero, kartzelara bidaltzen zituzten. Gaur egun ere, itxura jakin bat izanez gero, kartzelara bidal zaitzakete zenbait lekutan.
Aste honetako albistea da Italiako parlamentuak gayen eta lesbianen ezkontzak onartu dituela. Aurrerapausoak ematen ari dira legeen aldetik, baina gizartean sumatzen da aldaketa hori?
Madrilen eta beste hainbat hiritan homosexualen aurkako eraso ugari izaten ari dira; ikasgeletan gero eta matxismo gehiago dago, eta baita homofobia ere. Ez dakit hori lehen ere gertatzen zen, edo ez zen salatzen. Baina irudipena dut sozialki atzerapauso bat eman dela. Zerbait gaizki egin dugula uste dut, gizartea atzera joan dela. Legeek normalizazioaren bidean laguntzen dute, babes bat sentitzen duzulako. Jendeak zer pentsatzen duen berdin dit, baina isilik gera daitezela, ez daukat zertan jakin zer pentsatzen duen. Legeek babestu arren, atzera goaz.
Alegia, aurrerapausoak eman ditugula dirudien arren, ez dela hainbesterako.
Ez dakit zergatik den, baina esan daiteke lasaitu egin garela. Eskubide batzuk bermatu direlako, badirudi dena eginda dagoela, eta atzetik datozenek berdintasun kontzeptuak barneratuta dauzkatela. Baina ez da horrela, eta alde horretatik zerbait gaizki egiten ari gara.
Hezkuntzaren arloa izan daiteke horretarako gako bat, ala?
Gakoetako bat, bai. Baina ez naiz gayen borrokaren inguruan hitz egiten ari bakarrik. Borroka feministak ere lagundu du LGTB mugimendua garatzen. Emakumeen eskubideak urratzen direnean,LGTBarenak ere urratzen dira. Hori guztia ondorengo belaunaldiei transmititu behar zaie.
ATZEKOZ AURRERA. Javier Liñera. Aktorea
«Legeek babestu arren, atzera goaz»
Gay eta lesbianek legeen babes handiagoa daukate azken urteetan, baina Liñerak atzerapauso bat sumatzen du gizartean. Kezkatuta dago gero eta homofobia kasu gehiago agertzen ari direlako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu