Amaia Abanda. Datu zientzien ikerlaria Tecnalian

«Legea eta gizartea baino bi pauso aurrerago dago teknologia»

Esparru zientifikoan erreferenteak sortzearen «garrantziaz» aritu da Abanda, baita adimen artifizialak azken urteetan izan duen eboluzioaz ere: «Legea baino askoz azkarrago doa garapena, eta ez dakit nora iritsiko den».

MAIALEN ANDRES/ FOKU.
itsaso jauregi 2
2023ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Amaia Abanda ikerlariak (Iruñea, 1989) jaso berri du Gladys saria. Ingurune digitalean ari diren emakume gazte euskaldunak saritzen ditu, gazteentzat erreferenteak sortzeko eta egiten duten lana gizarteratzeko asmoz. Abandak Matematikako gradua ikasi zuen Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan, eta Informatikako master batekin hornitu zuen bere ibilbidea. Gainera, Emakumea Zientzian egitasmoan parte hartu du, emakume zientzialarien lana azaleratzeko asmoz. Orain, Tecnalian ari da lanean, eta bere ikerketa lan praktikoetan adimen artifiziala baliatzen du.

Nola hartu duzu Gladys saria?

Ez nuen espero. Ezagutzen ditut zientzia, informatika eta emakumeak batzen dituzten egitasmoak, eta horregatik ezagutzen nuen saria. Deitu zidatenean, sorpresa handia izan zen, eta ilusio handiz hartu dut.

Zailtasunak dituzu sariak onartzeko?

Bai, konfiantza faltagatik. Imajinatzen dugu sarietan jende pila batek ematen duela izena, eta erabakitzen dugu ez dugula parte hartuko. Ez dugu geure buruan sinisten; ez dugu sinisten sari bat merezi dugunik. Oraindik hori pentsatzen dut: «Zer egin dut nik sari hau irabazteko?». Gladysen gisako egitasmoak hurbilekoak egiten zaizkit, eta sari gehiagotan izena ematera animatzen naute.

Gladys sariak esparru teknologikoko emakume zientzialariak saritzen ditu. Lanbidea maskulinizatuta dago?

Bai, nire inguruan gutxienez. Beti lan egin izan dut gizonez beteriko espazioetan. Nire lanbidean, informatikariak, matematikariak eta ingeniariak nagusitzen dira, eta gradu horietan gizonak dira gehienak. Oraindik ere gizonezkoen lanbidetzat jotzen baitira, nahiz eta benetan horrela ez izan.

Inguru maskulinizatu horretan aritzen diren emakumeen artean ahizpatasuna dago?

Bai, ezinbestekoa da. Eremu batzuetan, hitza hartzea zaila da, eta galdetzea kostatzen zaigu; halakoetan, elkarri laguntzen diogu. Oso gutxi garenez, harreman estua dugu. Emakumeen talde txikietan askoz ere ausartago eta erosoago sentitzen gara.

Hasi zinenetik aldaketarik sumatu duzu?

Entzun dut unibertsitatean gauzak aldatzen ari direla, baina nire inguruan ez da horrela izan oraingoz. Unibertsitateko Informatika graduan emakume gehiago daude, eta gradu berri bat sortu dute EHUn: Datu Zientzia. Gradu hori ez dago hain maskulinizatuta, eta ez dago hainbesteko estigmarik; agian horrek ere erakartzen ditu emakume gehiago. Pixkanaka-pixkanaka gizartean egiten ari den lanari esker, gauzak aldatzen ari dira.

Emakumeak Zientzian egitasmoan parte hartu duzu; emakume zientzialariak ikusaraztea eta estereotipoak apurtzea da horren helburua. Estereotipoen ondorioz zientzialari asko galdu direla uste duzu?

Bai, estereotipo horiek kaltegarriak dira. Ongi aztertuz gero, konturatzen zara tontakeria bat dela lanbide batek generoa edukitzea. Erreferenteak falta zaizkigu; beti ikusi izan ditugu informatikariak, zientzialariak eta, oro har, sariak dituztenak gizonezkoak direla, eta asko kostatzen zaigu pentsatzea guk bide hori har dezakegula. Hori da landu behar dugun gauza bat; erreferenteak sortu eta ikusarazi behar ditugu

Nola apurtu estereotipo horiek?

Garrantzitsuena erreferenteak sortzea da. Erreferenteak ikusi behar ditugu, eta ahalduntze tailerrak behar ditugu. Nik uste dut enpresa guztietan egon beharko litzatekeela emakume talde bat, haien artean hausnarketak egiteko.

Inspira (Inspiratu) proiektuarekin, eskoletara joan zinen generoari eta lanbideei lotutako estereotipoak lantzera. Zer topatu zenuen ikasleen artean?

Ezusteko ikaragarria hartu nuen, eta asko poztu nintzen. Behin bakarrik parte hartu nuen: seigarren mailako neska batzuekin egin nuen lan. Ikusi nuen oso ahaldunduta zeudela. Feminismoa eskoletara, umeengana eta gizartera iritsi dela ikusi nuen.

Betidanik argi izan duzu matematikaria izan nahi zenuela?

Ez. Ez neukan batere argi. Bigarren batxilergoan aukeratu nuen, matematikak maite nituelako, baina aukeratzeagatik egin nuen. Matematika gradua hasi nuenean, ere ez neukan lanbide bat helburutzat. Nire bidea egin nahi nuen, poliki-poliki.

Gaur egun dena da matematika?

Beti egon da gauza guztien oinarrian. Nik uste dut orain, teknologiaren garapenarekin, gehiago ezagutu duela gizarteak. Baina beti egon da gure artean.

Datuak dira ondasun berria?

Bai, guztiz. Nik uste datu pila bat daudela, zaborra bezala, biltzen eta biltzen.

Eta datu horiek nola kudeatu?

Jende asko ari da lan egiten esparru horretan, baina oso garrantzitsua da jakitea nola kudeatu behar diren datuak eta zertarako erabiltzen diren.

Zer duzu orain esku artean?

Orain hiru proiektutan nabil Tecnalian, eta gure helburua da garapen teknologikoa sortzea eta ikerketa artikuluak ateratzea. Horietako bat aerosorgailuena da. Aerosorgailuak plataforma batzuetan daude, itsasoan. Plataforma horiek lurrera lotuta daude kate batzuekin. Ingeniarien laguntzaz, itsasoaren simulagailuak eratzen ditugu, plataforma horri eusteko behar diren kateak aukeratzeko. Ikerketa praktikoa da batez ere nik egiten dudana.

Alde praktikoa ikertzea ezinbestekoa da zuretzat?

Bai. Faltan ematen nuen egiten dudan zerbait zertarako erabili daitekeen ikustea; kasu praktiko batean erabiltzen denean ondo funtzionatzen duela ikustea. Ikerketa metodologikoa ere garrantzitsua da, noski.

Ikerketa lana egunerokora ekartzea, beraz?

Hori da. Dibulgazioak hori egiten du, gehienbat. Ikerketa zentroen eta errealitatearen arteko lotura bezeroek eskatutako proiektuetan ikusten da. Tecnaliak bi proiektu mota ditu, finantzaketa publikokoak eta bezeroenak.

Tecnalian adimen artifiziala erabiltzen duzue. Adimen artifiziala mugatu daiteke?

Zaila da. Legea baino askoz azkarrago doa garapena, eta ez dakit nora iritsiko den. Nik uste programa berriak sortzen diren heinean horien fidagarritasuna ziurtatuko duten programak ere sortuko direla. Baina noizbait egin beharko dira legeak; legea eta gizartea baino bi pauso aurrerago dago teknologia.

Sortu den eredutik harago joatea posible da?

Duela bost edo hamar urte, ezin zitekeen pentsa gaur egun gertatzen ari dena. Orduan, ez dakit zer gertatuko den hemendik hamar urtera.

Gizartean ezjakintasuna nagusitzen da adimen artifizialari dagokionez?

Bai. Jendeak galdetzen dit pixka bat sentsazionalista delako: «Adimen artifiziala noizbait gailenduko zaio gizakien adimenari?», edo «robotek kontzientzia izango dute?». Nik lan egiten dudan tokian, hortik oso urruti dago kontua. Gure adimen artifiziala ez dago maila horretan.

Nola erabiltzen duzu zeuk?

Badut problema konkretu bat, eta, adimen artifizialari esker, bildutako datuak sailkatzen ditut; informazioa sailkatzeko eta patroi desberdinak zehazteko erabiltzen dut.

Non ikusten duzu zeure burua etorkizunean?

Ikerkuntza maite dut, eta bertan lan egin nahi dut. Oinarrizko ikerketan postu bat lortzea oso zaila da, baina, oraingoz, pozik nago zentro teknologiko batean egiten dudan lanarekin.

Zergatik da zaila ikerketan lana lortzea edo lanari eustea?

Baldintzak gero eta okerragoak dira. Benetan oso argi eduki behar duzu hori nahi duzula. Gainera, oso elitista da; lanpostua lortzeko,atzerrian aritu behar duzu lanean, gero bueltatu, eta ea lortzen duzun. Hori oso zaila denez eta ez dagoenez guztien esku, jendea unibertsitateko irakasle bihurtzen da. Irakasteko ordu batzuk dituzu, eta ikertzeko ordu batzuk.

Bizitzarik dago ikerkuntzatik kanpo?

Ez zait batere interesatzen enpresentzako produktuak egitea. Normalean ez baitago nahi duzuna egiteko aukerarik. Baduzu epe bat, helburu konkretu batzuk, eta dena azkar egin behar duzu. Emaitzak lortzeko bidean gauza interesgarri asko galtzen dira.

Ikerlaria izateko sormena behar da?

Bai. Sormenezko lanbidea da, guztiz. Behar baituzu irudimena landu, pentsatzeko gogoa izan, eta ezarritako mugetik pixka bat atera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.