Bastidako emakume elkarteetako kideak

Naiara Etxezarreta Barandiaran eta Maria Pesos Argomaniz: «Legea aitzakia bat da gelditzen zitzaien baliabide bakarra kentzeko: ahotsa»

Bastidako emakume elkarteak elkartasun ekintzak egiten ari dira Afganistango emakumeen aurkako «beste eraso bat» salatzeko. Talibanen gobernuaren aurrean «ahotsa altxatzeko betebeharra eta erantzukizuna» aldarrikatu dituzte.

Naiara Etxezarreta Barandiaran ezkerrean, eta Maria Pesos Argomaniz eskuinean. BERRIA
Naiara Etxezarreta Barandiaran ezkerrean, eta Maria Pesos Argomaniz eskuinean. BERRIA
unai etxenausia
2024ko abuztuaren 29a
05:00
Entzun

Giza eskubideen urraketak ikusarazteko Un silencio que resuena —Durundi egiten duen isiltasuna— kanpaina abiatu dute Peña Toloño eta Bastidako (Araba) Neskak elkarteetako emakumeek; Afganistango emakumeek jasaten duten egoera salatzea eta horri aurre egitea da helburua. Izan ere, talibanek emakumeen ahotsa ofizialki debekatu dute espazio publikoan, beste hainbat neurriren artean. Egoera salatzeko, Bastidako emakumeek «emakumezkoen isiltasun uholdea» proposatu dute biharko, 12:00etatik 12:10era. Tarte horretan emakume guztiak espazio publikoan isilik egon daitezela eskatu dute. Naiara Etxezarreta Barandiaran (Donostia, 1980) eta Maria Pesos Argomaniz (Bastida, Araba, 1978) dira emakume elkarteko kideetako bi.

Durundi egiten du isiltasunak Afganistanen?

NAIARA ETXEZARRETA BARANDIARAN: Beti ikusten dugu urruti dagoen zerbait balitz bezala, eta jakina zen beraien egoera nolakoa zen, baina talibanen gobernuak onartutako azken lege horrek bultzatu gintuen kanpaina hau abiatzera. Lehenbizi komunikatua egin genuen, eta gero abiatu genuen kanpaina. Txikiok ere zarata atera ahal dugula erakutsi nahi genuen, eta ahotsa altxatzeko betebeharra eta erantzukizuna daukagu.

Talibanek atera duten Bertutea Hedatzeko eta Bizioa Prebenitzeko Legea salatzeko abiatu duzue kanpaina. Zertan datza lege berria?

MARIA PESOS ARGOMANIZ: Beste eraso bat da. Murrizketa handiak inposatzen ditu jokabide pertsonalari dagokionez. Lehen ere ezin zituzten hainbat gauza egin, eta orain ahotsa kendu diete. Emakumezkoen ahotsa haien etxetik kanpo entzutea akats moral gisa hartuko da aurrerantzean. Urruti ikusten ditugu, baina emakumeak eta pertsonak dira. Legea aitzakia bat da gelditzen zitzaien baliabide bakarra kentzeko: ahotsa. Dagoeneko ez zeukaten ez aurpegirik, ez duintasunik, ez ezer.

ETXEZARRETA: Jendeak jakin behar du Afganistanen zer gertatzen ari den. Islamiar xaria legearen ustezko betetzearekin mozorrotzen dute dena talibanek: erlijioarekin eta beldurrarekin engainatzen dituzte.

Zer eragin lortzea espero duzue proposatutako ekintzekin, bai tokian-tokian, bai nazioartean?

ETXEZARRETA: Zabaldu da. Gure asmoa herrikoak esnatzea zen, baina bidali genien beste herri batzuetako elkarteei ere. Ikusi dugu jendea ari dela sare sozialetan zabaltzen, eta horrek pozten gaitu. Jarri dira erakundeak gurekin harremanetan.

PESOS: Emakume musulman guztiek erlijioa zein bizitza aske bizi dezatela nahi dugu. Beraiekin gaude, emakume guztiekin.

Kanpainarako ateratako argazkia. BERRIA
Kanpainarako ateratako argazkia. BERRIA
Eta herritarrek zer erantzun edo erreakzio izan dute orain arte zuen proposamenei dagokienez?

PESOS: Jendeak eskertu egin digu ekimena.

ETXEZARRETA: Hainbat emakumek nork bere argazkia jarri dute sare sozialetan, ahoa estalita eta #UnSilencioQueResuena traolarekin. Poztekoa izan da nola adineko jendeak ere parte hartu duen ekinbidean. 50 urtetik gorako hainbat emakume batu dira, ez daudenak hain ohituta selfie-ak ateratzera. Bereziki haiei eskertu nahiko genieke, erakutsi duten prestasunagatik eta gogoagatik.

Isiltasun uholdea proposatu duzue biharko. Jendea oroituko al da Afganistango emakumeez?

PESOS: 12:00etatik 12:10era izango da. Tarte horretan emakume guztiak espazio publikoan isilik egon daitezela proposatu dugu. Ekintza ikusgarriagoa izan dadin, lanuzteak antolatzeko aukera ere plazaratu dugu, edota lanean, metroan, kalean zein edozein espazio publikotan isilik egotera deitu ditugu emakumeak. Elkarretaratzea ere egingo dugu Bastidan.

ETXEZARRETA: Imajinatu zer den jendearekin egonda hamar minutuz isilik egotea, eta, gero, pentsa Afganistango emakumeek horrela egon behar dutela betiko. Emakumeen larruan jartzeko modu bat da, hemengoak ez izan arren, emakumeak direlako eta bidegabekeriak jasaten ari direlako.

lotsabako

Zenbat jende batu da oraingoz?
Ehundik gora.

Aurrera begira, beste ekimenik?
Oraingoz ez, ikusiko dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.