Legatza zainzuri eta zizekin

Legatza patatekin eta perretxikoekin. IKER MARKINEZ
Iker Markinez.
2025eko apirilaren 26a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Iker Markinezek legatza hartu du oinarri aste honetako errezeta prestatzeko.

Legatza, 4 pusketa

Udaberriko zizak, 100 gramo

Zortzi zainzuri fresko

Baratxuria, 2-3 ale

Kaiena piper bat

Gatza

Oliba olioa

Irina
1. urratsa

Zainzuriak prestatzen hasiko gara lehenik. Horretarako, zainzuriak ipurdi aldean zentimetro bat inguru moztu, eta, ondoren, goitik behera zurituko ditugu. Kontuan hartu puntaren aldea ez dela behin ere zuritu behar.

2. urratsa

Lapiko handi bat urez bete, gatza bota, eta azukre pitin bat ere bai. Ura irakiten hastean, zainzuriak gehitu eta ordu laurden batez irakin; zainzurien lodieraren arabera, beharbada, denbora gehixeago eduki beharko ditugu irakiten. Ondoren, sua itzali eta zainzuriak bertan utzi.

3. urratsa

Patata berri batzuk egosi. Pataten tamainaren araberakoa izango da denbora, ordu erdi bat, gutxi gorabehera. Ondoren, hozten utzi eta zuritu.

4. urratsa

Legatza prestatzeko, lapiko zabal bat hartu, oliba olio txorrotada bat bota, eta bi baratxuri ale gehitu, ondo xehatuta. Baita kaiena piper pusketa bat ere. Su ertainean berotu, eta, baratxuria dantzan hastean, oraindik gorritu gabe dagoenean, bota koilarakada bat irin. Guztia ongi nahastu, eta zainzuriak egosteko uraren pare bat kazokada gehitu. Legatza lapikoan sartu, gatz pitin bat bota, eta su ertainean eduki 10 bat minutuz; suabe-suabe irakin. Zurituak ditugun patatak xaflatan moztu eta lapikoan sartu.

5. urratsa

Bitartean, sasoi honetako produktu nagusietako bat prestatzen hasiko gara: udaberriko zizak. Zortea baduzue, dagoeneko eskuragarri izango dituzue gure mendi eta azoketan. Zizak pixka bat garbitu eta xafla finetan moztu. Zartagin batean gatz eta oliba olio pitin batekin salteatu edo erregosi, su bizian, minutu batez. Ez da komeni gehiegi erregostea. Bota zizak legatzaren lapikora.

6. urratsa

Egositako zainzuriak ere uretatik atera, erditik moztu eta legatzaren lapikora bota. Guztia beste minutu batez irakin, eta prest dugu zerbitzatzeko.

7. urratsa

Platerean aurkezteko, patata xaflak jarri lehenik, legatza gainean ondoren, zainzuriak plateraren alboan kokatu, eta, azkenik, saltsarekin batera, zabaldu zizak platerean, osagai guztiak ondo bustiaz platerean zabaldu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.