ATZEKOZ AURRERA. Nextor eta Aitor Otaño. Grafitigileak

«Lazkao Txikiren irudiaren interpretazio bat egin dugu»

Euskara eta Lazkao Txiki bertsolaria ditu oinarri Aitor eta Nextor Otaño aita-semeek Ordizian egindako lanak. Grafitietan pertsonen erretratuak eginagatik, margotzen dituztenak «ez dira argazkiak».

RAUL BOGAJO / FOKU.
Aitor Garmendia Etxeberria.
Ordizia
2021eko abuztuaren 26a
00:00
Entzun

«Martxa honetan aurki erdaraz hitz egingo dugu, euskaraz ari garelakoan». Jose Migel Iztueta Lazkao Txiki bertsolariaren esaldi hori du oinarri Ordizian (Gipuzkoa) egin berri duten horma irudiak. Aitor eta Nextor Otaño aita-semeak (Pasaia, Gipuzkoa, 1973 eta 2003) dira grafitiaren egileak.

Emaneurre taldeak sustatu du proiektua, euskararen etorkizunak kezkatuta, gazte ugari biltzen den kalean bertako hizkuntzaren erabilera bultzatzeko. Otaño aita-semeek bat egin dute ideiarekin, eta Lazkao Txiki omentzeko ere baliatu dute horma irudia.

Zein da grafiti honen helburua?

AITOR OTAÑO: Asko gustatzen zaigu euskal kulturarekin erlazioa daukaten pertsonen erretratuak egitea. Maialen Lujanbio, Mikel Laboa, Joxean Artze eta Berri Txarrak margotu ditugu, esaterako.

Jose Migelek garai batean botatako esaldi horrek azaltzen du mundu global honetan hizkuntza arrotzak gurea aldatzen ari direla. Horrez gain, Jose Migeli omenaldi bat egiteko aukera ona zela ikusi genuen. Hari buruz ikasten, irakurtzen eta haren pentsaera ezagutzen aritu gara.

Beraz, horrelako lanetan testuingurua ezagutzen saiatzen zarete?

NEXTOR OTAÑO: Bai, beti saiatzen gara sakontzen.

Lanean aritu zareten bitartean, herritarrek zerbait esan al dizuete?

N.O.: Denetik. Batzuek, oso ondo dagoela; beste batzuek, aldiz, «hori ez da Jose Migel!» ere esan digute.

A.O.: Iritzi gehienak onak izan dira. Batzuek esan digute antza duen edo ez, baina erretratuetan hori normala da. Ez dugu egin argazki bat; Lazkao Txikiren irudiaren interpretazio bat egin dugu.

Gazteak ibiltzen diren kalea denez, parranda kalea, ez genuen gauza serio bat egin nahi. Errealismoa egiten dugu, baina komikiarekin nahastuz.

Sare sozialetan erantzun handia izan du, ezta?

N.O.: Dirudienez, Twitterren biral bihurtu da. Bizilagun batek argazkia jarri du, eta sekulako erantzuna jaso du.

A.O.: Euskal Herrian Lazkao Txikik daukan garrantziaz jabetu gara.

Diseinua ere zuek egin duzue. Zertan inspiratu zarete?

A.O.: Erretratu bat bilatuz hasi, eta, gero, testuingurua eta bizitza ezagutzen saiatzen gara, gaiek zentzua izan dezaten. Esaterako, txoriak jarri ditugu, Jose Migelek esaten zuelako bertsolari onenak direla.

Diseinurako bi pertsonaren iritzia izatea aberasgarria da, eta jende gehiagori ere galdetu diogu: Emaneurrekoei, emazteari...

Orduan, bion artean lan egitea onuragarria da?

N.O.: Bion artean, elkarri laguntzen diogu, eta denbora gutxiago behar dugu lanak amaitzeko. Tirabirak ere izaten ditugu tarteka.

A.O.: Nextor protagonismoa hartzen ari da. Horma irudi honetan, %90 berak margotu du, eta nik lagundu egin diot. Jendea galdezka etortzen denean, haiekin hitz egiten dut, Nextorri espraiak pasatzen dizkiot, eta behealdeko zatiak margotu ditut denbora aurrezteko. Beste guztia berak egin du.

Nolatan hasi zineten aita-semeak grafitiak egiten?

N.O.: Ni lagun batekin hasi nintzen grafitiak egiten, baina ez horrelakoak. Behin, furgoneta bat margotu nuen, eta honek [aitak] harrapatu egin ninduen. Orduan, aitak ikastaroak ematen zituen grafitigile bat topatu zuen; baina kurtsoa aurrera ateratzeko pertsona bat falta zen, eta berak eman zuen izena. Biok bakarrik amaitu genuen ikastaroa.

A.O.: Horrela hasi ginen. Aurrenetariko grafitian, [Nextorrek] Wiz Khalifa rap kantari estatubatuarra egin nahi zuen. Nik hemengo «rap kantari» bat margotuko nuela esan nion. Khalifaren ondoan Maialen Lujanbio margotu nuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.