Euskal Herriko lau Uharteek, euren arteko harremanak indartzeko asmoz, hitzarmen bat egin zuten 2002. urtean. Senidetze horretan, ordea, harreman instituzionalak soilik indartu zituzten. Aurten, elkarren arteko harremanak indartzeko, lau Uharteak batzen dituen mendiko gida bat sortu dute. Sei etapa eta 155 kilometro inguruko mendi ibilbidea da, Uhartehiri (Nafarroa Beherea), Uharte Garazi (Nafarroa Beherea), Uharte(Nafarroa) eta Uharte Arakil (Nafarroa) mendiz batzen ditu, eta lauretako biztanleen elkar ezagutza sustatzea du ezaugarrietako bat.
2018n hasi ziren gida osatzen.Juan Mari Feliu Iruñerriko Uharteko (Nafarroa) zinegotzia zen garai hartan, eta udalerrien arteko harremanak Hurbiltzen proiektuarekin betikotzea proposatu zion Udalbiltza Patzuergoari. Proposamen horretatik abiatuta eta Feliuren laguntzarekin egin da: kirola, turismoa eta kultura uztartzen dituen gida.
Harremanetarako hitzarmena sinatu arren, hitzartutakoa betetzen ez zela ikusita, alkateari berriz ere gaia berrartzea proposatu zion Feliu zinegotzi ohiak, eta lau Uharteak batzen zituen mendiko gidaren ideia proposatu. Ideia beste Uharteei ere azaldu zieten, eta, «originala eta polita» iruditu zitzaienez, proiektuarekin aurrera jarraitzea erabaki zuten. «Betidanik gustatu izan zait mendia, eta lau herri hauek harremanetan jartzeko, nik nekien horretatik jo nuen», nabarmendu du Juan Mari Feliuk.
Mendi ibilbidearen proposamena, 2020. urterako aurreikusi bazen ere, pandemiagatik alde batera utzi behar izan zuten. Feliuren hitzetan, «izugarrizko pena» eman zion proiektua alde batera utzi beharrak. Hala ere, pandemia ondorengo hauteskundeetan, berriz ere alkate eta udal talde berdinak jarraitu zuen, eta berriz ere ekin zioten, Udalbiltzaren laguntzarekin, lau Uharteak batzen dituen mendiko gida diseinatzeari. Gidan, mendi ibilbideak eta herri eta inguruen ondare historikoak aurkitzen dira.
«Ibilbidea egiten duen orok, agian oraindik ere ezagutzen ez dituen Uharte herriak ezagutzeaz gain, ondare historiko eta arkitektonikoak ikusteko aukera izango du», gaineratu du Feliu egileak.
Gidak, sei etapa proposatzen ditu: Uhartehirin (Nafarroa Beherea) hasiko da lehenengo etapa, eta bertatik Uharte Garazira (Nafarroa Beherea) joango da. Handik, Orreagara (Nafarroa) abiatuta, Nafarroako hainbat txokotatik igaroko da: Uharte, Aratzuri eta Irurtzun, besteak beste. Azkenik, Uharte Arakilen bukatuko da bidea, baina Artxuetako (Nafarroa) gailurrera luzatzeko aukera izango du nahi duen orok.
Helburua da egun bakoitzeko txanpa lasai egin eta bertan topa daitekeena ikusteko patxada hartzea. Mendizalearen hitzetan, jende asko dago gaur egun mendian korrika ibiltzen dena «baina: leku berriak, ondare historikoak eta herri interesgarriak ezagutzeko modurik onena, oinez egitea da».
Oinez zein bizikletaz egin daiteke, eta GR-65 eta E3 europarraren seinaleztapena betetzen du. «Ibilbidearen nondik norakoak erabakitzean, ahalik eta gehien erraztu nahi genuenez, Donejakue bidea aprobetxatzea erabaki genuen, baita inguruetan dagoeneko markatuta dauden hainbat ibilbide ere», adierazi du zinegotzi ohiak, eta ibilbidea diseinatzen lagundu duen mendizaleak.
Feliuk adierazi du, «ilusio» handiarekin bizi izan duela proiektua. Urte hauetan ikasieta ikusitako guztia herriari erakusteko aukera bezala bizi du:«Niretzat, orain arte egin dudanaren jarraipena da gida hau, nolabait, herriari eta gizarteari nik dakidan horretatik zerbait eskaintzea».
Gidaren nondik norakoak
Hiru hizkuntzatan egin dute gida (euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez), eta ibilbidearen argibideak, mapak, eta interesekoak izan daitezkeen hogeita hamar gune jasotzen ditu, ondare historiko eta arkitektonikoetan geldialdiak proposatuz. Gune horien artean, Itxasperriko (Nafarroa) etaAtondoko (Nafarroa) baseliza, Orreagako (Nafarroa), Zamartzeko (Nafarroa), eta Iharteko(Nafarroa) monasterioak edota Latsagako (Nafarroa) eta Uhartehiriko (Nafarroa Beherea) gazteluak aurkitu daitezke, besteak beste.
Gidak eskuragarri egongo dira honako toki hauetan: paperezko euskarrian, lau udalerrietako udaletxe, kultur etxe, zein turismo bulegoetan. Euskarri digitalean, Udalbiltzaren webgunean.
Lau Uharteak gida batean
Uharte izeneko lau herri daude Euskal Herrian. Gida bat egin dute laurak batuz. Sei etapatan egin daiteke mendi ibilbidea, eta lau udalerrietan eta Udalbiltzaren webean eskura daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu