Lau sortzaile garai zailetan

ETB1ek Bilbon girotutako 'Ekilibrismoaren artea' dokumentala estreinatuko du gaur, 23:15ean

Ainhoa Artetxe aktorea, bizkarrez, Ekilibrismoaren artea dokumentalaren fotograma batean. BEGIRA BIDEOAK.
urtzi urkizu
2021eko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Sortzaileei ahotsa emateko asmoz, Larraitz Zuazok eta Ane Rotaetxek dokumental berezi bat egin dute: Ekilibrismoaren artea. Bilbon girotua, lau diziplinatakoartistekin grabatu dute: Iñaki Garitaonaindia Gari musikaria, Erlea Maneros artista plastikoa, Katixa Agirre idazlea eta Ainhoa Artetxe aktorea. ETB1ek gaur estreinatuko du lana, 23:15ean, Ur handitan saioaren ostean.

Bilboko Udalak, Zinebi jaialdiak eta Arriaga antzokiak egindako laguntza deialdi bati esker eraman dute aurrera proiektua Zuazok —Begira bideoak ekoiztetxe txikia du— eta Rotaetxek. Gainera, Jon Gerediaga poetaren testuekin eta Arantzazu Callejaren musikarekin jantzi dute lana—Callejak Goya saria jaso berri du Maite Arroitajauregirekin batera, Akelarre filmerako egindako musikagatik—.

Rotaetxek azaldu du dokumentalaren ideia nondik nora sortu zen: «Bilboko kale hutsetatik eta apokalipsitik ateratzen ari ginen iazko uda hasieran, konfinamenduaren ostean, eta pentsatu genuen diziplina ezberdinetako sortzaileei ahotsa ematea, kontatzeko konfinamendu izozteak zer eragina izan duen haien sormen prozesuan». Halaber, pentsatu zuten hori Bilborekin lotzea. «Interesgarria izan zitekeen baita ere begirada bat ematea hiriari».

Maneros eta Artetxe sortzaileak Bilbokoak dira. Gari eta Agirre ez dira Bizkaiko hiriburuan jaioak, baina bertan bizi dira. Udazkenean grabatu zuten haiekin dokumentala. «Gure ezusterako, lau sortzaileek eman ziguten hasieratik baiezkoa», esan du Rotaetxek.

Iazko udaberriko Bilboko kale hutsen irudiak ere agertuko dira dokumentalean. Baleuko eta K2000 ekoizpen etxeek utzi dizkiete irudi horiek.

Rotaetxeren arabera, zenbait egoeratan kultura izaten da «kaltetuena». Hori azaleratu dute sortzaile protagonistek. «Sortzaile protagonisten sentimendua da estuasunak daudenean, kultura ez dela erakundeen lehentasuna. Hausnarketa bat beharko litzateke gai horren inguruan».

Konfinamendu garaia ez zen oso emankorra izan lanean ageri diren idazlearentzat, musikariarentzat eta artista plastikoarentzat. Salbuespena Artetxe aktorea —Hondar ahoak telesaila— izan zen, Miren Gotzone pertsonaia sortu eta umorezko bideoak egin zituelako sare sozialetan zabaltzeko. «Konfinamendua arintzeko» sortu zuen pertsonaia hura.

Agirre idazleak, bestalde, zaintzaren gaia aipatuko du. «Ez da dokumentalaren gai nagusia, baina zaintza da zeharka lantzen den gaietako bat», gaineratu du Rotaetxek.

Nahiz eta dokumentala Bilbon kokatu, zuzendariari iruditzen zaio «euskaldun orori» interesa dakiokeela. «Gu bilbotarrak gara, eta Bilbon kokatu dugu, baina edozein tokira esportatu daiteke». Lehen aldia da enkarguzkoa ez den lan bat elkarrekin sortzen dutena, baina Rotaetxek eta Zuazok espero dute halako gehiago egin ahal izatea.

Ekilibrismoaren artea eta beste bost lan zineman ikusi ahalko dira Bilboko Alondegian, apirileko lehen astean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.