Bakioko (Bizkaia) jaiak abuztua bukatu aurretik egiten dira. San Agustin egunean hasten dira, abuztuaren 28an, eta hileko azken egunera arte iraungo dute, abuztuak 31ra arte. Amets Jauregizar herriko alkateak honela dio: «Herritarrentzako jaiak dira; haiei begira antolatu ditugu ekitaldiak, goza dezaten».
Jaiak hasiko dituen suziria jaurtitzeaz Alaitasuna pilota taldeko kideak arduratuko dira, taldearen 25. urteurrena dela eta. Gaur izango da, 20:30ean, udaletxean. Suziriaren aurretik, berriz, festa giroa berotzeko, kalejira egingo dute txistulariek, fanfarreek, trikitilariek, buruhandiek eta herriko kuadrillek, bentako plazan hasi eta udaletxeraino. Bidean, auto zoroen lehiaketa egingo dute. «Kuadrillak kalejiran doaz karrozekin, eta horien lehiaketa egiten da: bakoitzak aukeratzen du gaia, eta karrozarik onenak saria eramaten du», azaldu du Jauregizarrek. Marta Txori elkarteak emango du kuadrilla irabazlearen izena, gauean. Jaiak hasiko dituen sua lehertuta, gastronomiaz, kirolaz eta musikaz gozatu ahalko dute bai herritarrek, bai Bakiora joaten direnek.
Egitaraua osatzeko, udalak jai batzordearen laguntza izan du, baita herritarren babesa ere. Herriko elkarteak batzen dira jai batzordean, Jauregizarren hitzetan: «Urtarrilean, jai batzordera deitu eta lehen bilera bat egiten dugu; gero, herritarrekin biltzen gara, eta pixkanaka egitaraua osatuz joaten gara».
Aurten, lehenengo aldiz, indarkeria matxistaren aurkako protokoloa diseinatu eta festetan zehar abian jarriko dutela azpimarratu du herriko alkateak. «Udalaren, Marta Txori elkartearen eta Ertzaintzaren artean diseinatu dugu protokoloa», azaldu du. Gaian sakonduz, ferietako kideei «irudi sexistak erakustea debekatu diegu», gehitu du. Horrela, erasoak eragoztea lortu nahi dute.
Janaria, kirola eta musika
Ekitaldirik nabarmentzekotan, igandeko herri azoka aipatu du Jauregizarrek: «Lehenengo aldiz, herriko ekoizleen azoka egingo da, frontoian». 11:00etan irekiko dituzte ateak, eta, jarraian, leku berean, eta 13:00etan, Bakioko V. Tomate Lehiaketa egingo dute. «Herrian soro ugari daude, eta ortuan tomateak dituen edonork parte hartu dezake lehiaketan, ekoizle izan gabe». Helburua aurtengo Bakioko tomate hoberena aukeratzea da. Horretarako, epaimahaia ortuz ortu joaten da tomateak bertatik bertara ikustera, baita aukeratzera ere, Jauregizarrek azaldu duenez.
Janariarekin jarraikiz, Sukalki txapelketa egingo dute gaur, frontoian. Herritarrek prestatutako kazolak lehiatuko dira, eta, ondoren, herri bazkaria egingo dute prestatutakoa jateko. Bihar, lehiaketa guztien artean urte gehien dituenaren txanda izango da: 25. Tortilla Lehiaketarena. Bakioko Abesbatza taldearen ardurapean, eta adinaren araberako hiru kategoriatan, ordubete izango dute parte hartzaileek tortilla egiteko. Bakeako karpan izango da. Azkenik, astelehenean, paella lehiaketa egingo da, Bakio kirol taldeak lagunduta.
Gaurtik, kirolak presentzia handia izango du jaietako egitarauan. 12:00etan, umeentzako futbol txapelketako finalak jokatuko dira, eta gurasoei begira Txetxu Arrillaga penalti txapelketa prestatu dute, ordu eta leku berean. Gaur arratsaldean, 17:00etan, areto futboleko txapelketako finalak izango dira. Kirol ekitaldi nagusia, dena den, hurrengo egunean izango da. Bihar, 11:30ean,Bakioko VII. Herri Milia egingo da. Korrikalariak erakartzeko karrera bat da, eta bi kategoriatan lehiatuko dira parte hartzaileak: umeak batetik, eta nagusiak bestetik. Laurehun korrikalari inguru irtengo dira Sabino Arana etorbidetik, eta, gehienak herritarrak izanda ere, kanpotik etortzen denik badela azaldu du Jauregizarrek.
Igandean, bestelako bi kirol ekitaldi egingo dira: Mus arina txapelketa, Gaueka taldearen ardurapean, eta txalupa jaitsiera, Bakio Surf taldeak eta Bizilorek antolatuta. Txapelketa 16:30ean hasiko da, eta jaitsiera, ordubete geroago, 17:30ean. Egun horretan bertan, Walkman ikuskizunaz gozatzeko tartea ere egongo da, 19:00etan, Bakeako karpan. Adin guztietako ikusleentzako clown ikuskizuna da, zeinetan aktoreak ez duen ahotsik erabiltzen, gorputzarekin eta mimikaren bidez komunikatzen baita pailazoa ikusleekin.
Musikarekin zerikusia duten ekitaldiei dagokienez, mota guztietako proposamenak daude aurreikusita. Batetik, bihar eta etzi, txistulariak eta buruhandiak ibiliko dira herriko kaleetan barrena, 10:30ean hasita. Gauez, kontzertuak egongo dira hilaren 28an, 29an eta 30ean. Ostiralean, En Tol Sarmiento eta Ingo Al Deu taldeek hartuko dute bakiotarrak animatzeko ardura, 23:00etan. Larunbatean, 19:00etan, Xaiborrek mozorro festa girotuko du, eta 00:00etan, On Diskofestaren txanda izango da. Azken kontzertua Akerbeltz taldeak emango du, igandean, 23:00etan.
Herritar guztiak festetan
Larunbaterako antolatu diren ekitaldi asko umeentzat dira. Arratsaldean, aukera zabala izango dute zerekin gozatu erabakitzeko. Puzgarriak egongo dira Bakeako karpan, 16:00etatik aurrera. Mozorrotzen diren herriko umeek Itxas-Alde taldeak antolatutako desfilean parte hartu ahalko dute, 18:30ean. Bakeatik Arezabalera izango da ibilbidea. Xaibor arduratuko da mozorro festa alaitzeaz. 20:00etan, mozorro hoberenei saria banatuko zaie, Arezabalen. Helduagoentzat, mozorro gaua ospatuko da, eguzkia itzaltzen denean.
Iraileko lehen asteburuan, 5ean eta 6an, herriko helduenentzako jaia egingo da. Jauregizarrek azaldu duenez, «berez ez dira jaiak, baina urtero prestatzen da nagusientzako jai asteburu bat». Larunbatean, Bakioko Baseliza eta Txakolindegien VII. Bidea egingo dute: oinez joango dira ermitara. Igandean, nagusientzako jaia egingo da Gure Etxean.
Sanagustinak Bakion
Lau eguneko partida aurretik
Abuztuari agur esan aurretik, gaur hasiko dira Bakioko jaiak, San Agustin egunez. Lau festa egun dituzte aurretik herritarrek, eta kirolaz, janariaz eta musikaz gozatzeko aukera izango dute. Jaietan, lehen aldiz, indarkeria matxista eragozteko protokoloa abiatuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu