BIDAIA ETA MENDI KRONIKEN LEHIAKETA (I).

Latitude handietan barrena, iparra orratz!

Latitude handietan barrena, iparra orratz!.
Iñaki Antiguedad Auzmendi.
2016ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Atzean utzi dugu Osloko aireportua. Iparrerantz joan ahala hasten gara Arktikoa sentitzen, leihotik baino ez izan arren. Aurton ere latitude handiko parajeak bizitzeari heldu diot. Granitoetan itxuratutako mendi soilak nonahi, hemen kamustuak zorroztuak han, belardi batzuk hegaletan, fiordoetan itsasoari bidea emanez. Bidaiaren lehenbiziko elur txaplatak gailurretan. Arktikoaren atarian gara, hiriburua utzi eta bi ordura Bodo herrira heltzean. 67 gradu pasatxoko latitudean gara, Nordland eskualdean. Aireportu xumea, 50.000 biztanleko herriaren neurrikoa. Garraio zintak bidaia poltsa gehiago ateratzen ditu maleta zurrunak baino, non gauden seinale.

Zamarra janzteko ordua, hozkirri. Bodo portuko jardueratik bizi dela dirudi, sasoiko arrantzatik eta merkantzien etengabeko joan-etorritik, laketontziena ahaztu gabe. Ejertzitoaren baseek ere badute eraginik lekuko ekonomian; izan ere, bidaian zehar hainbatetan izango dugu azken Mundu Gerran kostaldeotan izandako pasadizoen eta hondamenen berri. Ferryak nora nahi eta nondik nahi, ferrya baita hemen ingurukoarekin lotzeko ezinbesteko bidea, aurrez aurre hasten den Lofoten artxipelagoko herrixkekin, kasurako. Bidaiaren lehengo helmuga.

Hiru ordu eta erdian egin dugu Moskeneserako bidea, itsasoa bare-bare eta freskotasun gozoa airean. Lofotengo portuan gara, xumea hori ere. Etxe batzuk kaitxoaren inguruan, besterik ez. Gerora ohiko izango ditugun etxe itxurakoak… egurrezkoak, gorrixkak, multzo txikitan bilduak, eta itsaso-mendi mugartean egoki babestuak, begiek gozatzeko.

Horra Reine! Seguruenik Internetek ikusgarrien egin duen herrixka. Baina usaintzeko bertan izan behar! Bizigunearen ondoan egurrezko egitura batzuk daude, esekitoki modukoak, gerora ere sarri ikusiko ditugunak. Lehortegiak dira, arrantza sasoia heldutakoan, otsail-martxoan, hantxe eskegitzen baitituzte errenkada luzetan bakailao aleak lehortze aldera. Izan ere, bakailao buru lehorrak ikur bihurtu dira artxipelago honetako herrixketan. Espezie horren arrantzari begira bizi dira hemengoak, sasoian betiere, udaldian bidaiariei begira paratzen baitira, ekonomia iturriak zabalduz. Sasoian sasoikoa.

Irla kate katramilatsua da Lofoten, eta estua. Algen berde-gorrixka mareen lekuko han-hemen. Errepide sarea ere halakoa, orain kontinente aldeko itsasoari begira, orain bestaldeko ozeano zabalari begira, estua eta bihurgunez josia. Ez zuten erraza bidaia bizikletaz gozatzen ari ziren ehunka horiek. Kosta malkartsuaren sartu-irtenak saihesteko tunel luzeak hemen, eta zubi motz zutituak han. Kolore kontrasteak nonahi, goxo, itsasoko eta zeruko urdinaren ondoan eraikinen gorrixka eta granitoen grisaxka, elurtegi batzuen zuriaren ukituaz. Hortaz, deigarria egin zait han diren belardi eskasetan hainbeste belar fardel ikustea, plastiko zurian bilduak betiere; eta misteriotsua, fardel gehiago baitziren abere buruak baino, artalderen batzuk besterik ez. Edonola ere, belarra mundu osoan baliabide. Gauean rorbuer-etan hartu dugu ostatu. Bakailao sasoian kontinentetik erruz etortzen ziren langileentzako etxolak zirenak, gaur egun bidaiarientzat onduta daude, wifi eta guzti, egurra berritua eta eguraldiari eroso aurre egiteko aproposak.

Hau lasaitua gero! Sakelako telefonoa ere bakean bizkar-zorroko nonbait, erlojuaren ondoan, ez deirik, ezta mezurik ere. Egunak luze jotzen du, gaua apenas duela, lau bat ordu eskas. Gauez txizara altxa, eta ideiarik ez orduaz. Egunaz ere goizean jabetu, pastilla-kutxa zabaltzean. Osteguna! zurrut. Dena dela, bidaian zehar nabarmen egingo du gauak gora, egunaren kaltera. Latitudea eta sasoia! Gaur mendira jo dugu, kosta goitiko ikuspegiaz gozatzeko. Behinola, paraje hauetan ziren glaziarren higalanak utzitako paisaia bizigarria dugu aurrean, egurretan urria, altuera desberdinetan kateatutako lakuetatik urak fiordoa duela helburu. Alpeetako itxura, bai, baina itsasoaren parean!

Granitoa lagun

Iparrerantz egiten dugu, fiordoz fiordo, granitoa bidaide. Bideko etxeek masta aurrealdean, autoen eta traktorearen ondoan, eta mastek bandera lau haizeetara, non gauden gomutagarri. Bikingoen museora sartu-irtena, eta historiaren istorioak gertutik ezagutzeko beta izan dugu. Ferryandi-da batean Vesteralen gara.

Lainoz hartu gaitu irla kate honek. Atzean utzi dugu Lofotengo mendien zorrotza, eta erliebearen forma kamustuak ageri zaizkigu hemen, basoak eta guzti! Nysund herrixkan hartu dugu aterpe; kosta honetako beste hainbaten antzera, 70etan arrantzaren gainbeherak hustu, eta orain ez asko hurbileko eta urruneko bidaiarien joan-etorriak biziberrituriko herrixka da, udaldian behintzat. Gustu onez atondutako egurrezko etxe erosoak betiere. Senderismoa aukera paregabea da parajearen bazterrak bizitzeko, bazterrak nahastu gabe.

Iparra dugu orratz. Errepide lasaiak inondik ere. Koniferak eta urkiak bidaide; eta belar bola zuriak hor, abereak apenas ikusi arren. Biziguneen sakabanatuak estrategiko bihurtu ditu errepide bazterreko supermerkatutzarrak, zernahirako saltoki, inguruko jende etxezuloaren noiz behinkako batzoki. Janariz hornitzeko beta hartu dugu, bertoko arrainak lehenetsita, jakina! Marka askotako garagardo pote handiak apaletan nonahi erruz, baina ardoa amen Jesus!

Egia esan, ez dakit zeretik bizi diren bertakoak, inguruotan ez baita gurean ohikoa den ekonomiaren arrasto handirik. Finlandiaraino zabaltzen den Ovre Dividal natur parkeko basotik ibili gara, bidexka urtsuetan plisti-plasta. Han-hemen kartelak elebitan daude, samieraz eta norvegieraz, batzuetan eskualdeko dialektoa gehituta.

Tromson gara, Troms eskualdeko hiriburua eta Laponia izeneko iparralde zabaleko hiri nagusia, 70.000 inguru biztanlerekin,Ozeano Arktikora begira eta zubitzar benetan ikusgarria lotune duen uhartea da. 69 graduko latitudetik goratxo. Bestelako ekonomia nabari da fiordo handiaren bueltan, industria eta zerbitzuak. Portuko joan-etorriek ez dute etenik, kruzeroak hemen, zamaontziak hor eta arrantzontziak han. Hortik gertu, bai eta mendi magalean ere, eraikin zaharberrituak zahar eta berriekin nahasian, neurriko tamainan betiere. Bere osoan ukitu arktikoa ematen diote hiri zabalari. Kultur jarduerak noiznahi hamaika gunetan, aparteko katedrala ahaztu gabe. Unibertsitate giroa begi-bistakoa da, iluntzean batez ere. Diotenez, samieraz ere bizi da unibertsitatea. Historia aberatseko hiria da Tromso, hastapenak hamarnaka mendetan kontatzen dituena. Erdi Aroan erlijio eta ekonomia gune, eta berrikiago Arktikorako espedizioen abiapuntu, Bigarren Mundu Gerrako pasadizo askoren leku izan zen. Jakin-mina zirikatzen duen hiria, inondik ere.

Latitudean gora segitzen dugu, Nordkapperako helbidea helburu hartuta. Fiordoak gero eta fiordoago; arrainontzi txikiak eta laketontziak berean itsasoaren barea baliatuz. Ibaiak hara nonahi, izokinetan aberats, eta belar bolak bide bazterreko larredietan! Elurra gero eta bidaideago, atzera ari diren glaziarrak ere bistara; aitzakia Lyngen Alps mendikatetik gora-behera bat egiteko. Lur zatiz ehundutako kostako paisaia menditsuak baldintzatu egiten du argazki kameraren jarduna. Altan gara, Finnmark eskualdeko hiriburuan, 20.000 bat biztanle. Eta behiak! Azkenean bada belarra zeinek jango! Honezkero lasai egin dut lo, luzatzen ari den gauean.

Ipar-lurmuturretik oso gertu gaude, erliebea gero eta leunagoan landaretza eskastuz doa, urki meheak hotzak erreak direla. Eta elur-oreinak orain bidaide, taldeka bazkan bere kasa. Nordkappen gara, Davvinjárgga gielda samieraz, Europa kontinenteak iparren duen lurmuturrean, berez lekua uhartea bada ere. Hortik iparrerago Svalbard artxipelago zirraragarria dago, orain urte asko gozatu nuena. 71 gradu pasako latitudean gara. Bola handi batek, belarrekoa ez oraingoan, egiten du mugarriarena, inguruko zerbitzugune turistikoa seinalatzeaz batera. Baina zorionez benetako lurmutur geografikoa hortik bi ordura dago, kostako bidexka lasai batetik ibilita, eta hondartza batean: Knivskejlodden. Bertan, turistek ikusiko ez duten plaka xume batek gogoratzen die bidaiariei lekuaren garrantzia: 71 11' 08. Kanpin bateko egurrezko etxoletan hartu dugu aterpe. Eguna den gauerdian txiza egitera kanpora atera, eta hara! Elur oreinak inguruan bazkan!

Biharamunean Altako aireportuan gara, neurrikoa hau ere, hegorako bidea hartzeko prest. Tromso eta Oslorako hegalaldiak baino ez dira hemendik, kontuak atera! Gauean etxean izango gara, begizta itxita. Tira, hamaika argazki ikusi daitezke sarean, zeureak baino panpoxagoak, dudarik ez, kontrasteak trukatuta ere, baina argazki batek ezin ordezkatu bertatik bertara bizitakoa, begietaratutakoaz haratago. Izan ere, paisaiak, eta paisaietakoa, besterik izan baino lehen pertzepzioa dira, eta honetan nork berea. Goiko latitudeetatik egindako beste bidaia bat gogoan. Merezi izan du, burua hozteko ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.