La Mega irratiko esataria

Luigi Luna: «Latinoamerikarroi komunitatea sendotzen laguntzen digu La Megak»

Musika latinoa eta tokiko kantuak nahastuta, Lunak hainbat kultura eta belaunalditako entzuleekin konektatzea lortu du, irrati latinoaren energia eta Euskal Herriko eguneroko kezkak uztartuz.

Luigi Luna, joan den ostegunean, Gasteizen, La Mega irratiko estudioan. UNAI ETXENAUSIA
Luigi Luna, joan den ostegunean, Gasteizen, La Mega irratiko estudioan. UNAI ETXENAUSIA
unai etxenausia
2025eko urtarrilaren 24a
05:00
Entzun

16 urterekin etorri zen Euskal Herrira Luigi Luna (Caracas, 1990). Venezuelan jaioa eta Gasteizen ikasia, ustekabean hasi zuen bere bidea, baina berehala aurkitu zuen benetako bokazioa komunikazioaren munduan. Kazetaritzan trebatuta eta tokiko hedabideetan esperientzia handia zuela, La Mega irrati latinora iritsi zen, eta funtsezko figura bihurtu da programazioan eta entzuleekiko elkarreraginean.

Argi zenuen irratia egin nahi zenuela?

Ez, ez nuen argi. Gasteizera iritsi nintzenean, ez nekien zer egin nahi nuen. Baina jakin nuenean Unica FM izeneko tokiko irrati batean ahots berrientzako probak egiten ari zirela, nire lehengusu batek iradoki zidan joateko. 18 urterekin aurkeztu nintzen, aukeratu egin ninduten, eta horrek bultzada eman zidan Mendizabalan ikus-entzunezko zikloa ikasteko, eta gero EHUn Kazetaritza ikasteko.

La Mega irratira iritsi zinen. Mundu mailako irrati garrantzitsuenetako bat da; latinoamerikar sustraiak dituzuenontzat, behintzat.

Puerto Ricon sortu zen lehenengo La Mega, eta gero New Yorkera pasatu zen: hor dago mundu mailako La Mega ospetsuena. Ondoren, Latinoamerika osora hedatu zen, eta 2013an iritsi zen Euskal Herrira, Iruñera, eta ondoren, Gasteizera. Zinez garrantzitsua da irratia: latinoamerikarroi komunitatea sendotzen laguntzen digu La Megak.

Zure egunerokoa da hori indartzea... Nolakoa da egun bat irratian?

Nire eguna 07:20an hasten da, programa prestatzen ari garenean. 08:00etan hasten da goizeko programa, eta 12:00etan amaitzen dugu. Ondoren, arratsaldeko emanaldietarako publizitatea, programazioa eta edizioa grabatzen jarraitzen dut. Eguna amaitzean, hurrengorako plangintza egiteko esertzen naiz, irratia ez baita zuzeneko programarekin amaitzen.

DJa ere bazara, ezta?

Musika irratiari lotuta egon izan da beti. Asko gustatzen zait irratian entzuten den musikaren atzean dagoen lana. Musika nahasten ikasi nuen, eta DJ gisa lan egin dut Daddy Yankee, Romeo Santos eta Marc Anthony artisten ekitaldi eta kontzertuetan. Irratia gaur egun oso lotuta dago DJen munduarekin; beraz, plazera da niretzat biak uztartzeko aukera izatea.

Entzuleen kezkak ere entzuten dituzu: migrazio kontuekin laguntzeko gomendioak ematen dituzu, zozketak egiten dituzu, galderak...

Gure goizeko programan, entzuleak aktiboki parte hartzeko aukera dauka. Adibidez, hainbat gairi buruz galdetzen diegu: zein diren dastatu dituzten platerik arraroenak, ea baduten albiste bitxiren bat, eta horrelakoak. Adituak ere baditugu, besteak beste abokatuak, zuzeneko entzuleen zalantzei erantzuten dietenak. Horren ondorioz, jendea programaren parte sentitzen da, eta hurbilagoko komunitate bat sortzen du.

Akuilu ere bazarete, beraz.

Noski. Gero eta gehiago gara, gainera. Entzule askok, bereziki latinoek, ondo ezagutzen gaituzte, eta egunero entzuten gaituzte. Baina era askotako entzuleak ditugu, tartean euskaldunak edota munduko beste leku batzuetako pertsonak, gure musikaz edo konpainiaz gozatzen dutenak. Gure programan, Latinoamerikaz ez ezik, Euskal Herrian gertatzen denaz ere hitz egiten dugu, guztiak informatuta egon daitezen.

Orduan, Euskal Herriko eta Latinoamerikako albisteak nahasten dituzue?

Hori da. Han gertatzen denaz informatzen dugu, baina konprometitzen gara hemengo egitasmoekin ere. Adibidez, Korrikaren berri ematen dugu, eta, gure modura, euskarari toki egiten saiatzen gara. Ez gara irrati bakartu bat: hemengo irrati bat gara.

Irratitik kanpo, ekitaldiak antolatzen al dituzue?

Batzuetan, erakundeen murrizketak direla eta, ezin izaten ditugu ekitaldi handiak egin, baina leku txikiagoetan antolatzen ditugu jarduerak, hala nola tabernetan eta jatetxeetan. Erakundeek irrati finkatutzat har gaitzaten nahi dugu, etorkizunean ekitaldi handiagoak egin ahal izateko.

Hedatzea da asmoa?

Hori da. Hazten jarraitu nahi dugu, jendearen erreferentziazko irrati bihurtzeraino. Era berean, erakundeek laguntza handiagoa eman diezaguten lortu nahi dugu, ekitaldi handiak eta masiboak egin ahal izateko. Dena den, iaz, azaroko azken ikerketaren arabera, 62.000 entzule izan genituen. Kate handienen mailan gaudela esan nahi du horrek.

LOTSABAKO

Esatari erreferentea?
Tony Aguilar; asko gustatzen zait haren estilo naturala.

Gehien eskatzen dizuten abestia?
Karol G artistaren edozein; modako artista da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.