Borborka dago Txanporta plaza Abadiñon (Bizkaia). Lasterkari gehienak beroketa eta luzaketa ariketak ari dira egiten, eta beste batzuek taldekako argazkiak ateratzen ematen dute lasterketa hasi arteko tartea. «Giro mundiala zegok!», esan dio korrikalari batek lagunari. Txistulariak dena emanda ari dira txosnaren inguruan; handik gertu, anoa postuan, laranja eta platano zatiak, fruitu lehorrak eta litxarreriak banatzen dizkiete lasterkariei. Kirola eta festa, aldarrikapena eta giro ona eskutik doaz Abadiñoko kaleetan.
Kirol ekitaldia da Lasterbidean, hamar kilometroko herri lasterketa, baina aldarrikapenerako gunea ere bada, euskal preso eta iheslarien etxeratzearen alde egitea baitu xede. «Elkartasun ekitaldi bat da, presoekin, kanpoan dagoen jendearekin eta haien senitartekoekin», azaldu du Oihana Azkorbebeitia mendi lasterkari eta antolatzaile taldeko kideak. «Orain dela hamar urte sortu zen, eta asmo horri eutsi dio denbora honetan guztian. Ez da lasterketa soila: bi eguneko jaialdia ere bada».
Pausoak ekar dezake pausoa goiburua ageri da plazan jarritako pankartan. Aurtengoa azkenengo pausoa izatea erabaki dute antolatzaileek: «Egoera asko aldatu da onerako, eta hau azkena izango da, aurrerantzean gehiago egin behar ez izateko esperantzaz», esan du Azkorbebeitiak. «Arazo guztiak ez dira oraindik konpondu, baina hamar urteren ostean eta zenbaki borobila denez, egokia da ziklo honi amaiera ematea».
Erlojuari begiratu gabe
Beñat Lizeaga Urkidi Zumaiatik iritsi da lagunekin (Gipuzkoa). Ez dute lehenengo aldia; dioenez, dozena bat aldiz parte hartu dute lasterraldian: «Hasierako asmoa zen bezperatik etortzea, baina beste konpromiso batzuk eduki ditugu, eta gaur goizean iritsi gara, eguna luze hartzeko asmotan». Haren esanetan, Lasterbidean «aldarrikapen eguna» da, eta preso eta iheslarien egoera gogoan hartu nahi izan dute, baina, aldi berean, «izerdi pixka bat atera eta momentu on batzuk pasatzeko gogoz» ere badaude. Hori bai, markarik hausteko batere asmorik ez dute: «Gu erlojuari begiratu gabe ibiltzen gara, badaezpada ere».
310 lagunek eman dute izena oinezko martxan parte hartzeko, eta 535ek lasterketa luzerako. Hamar kilometrokoa da bidea: «Erdiak herrigunean daude, eta beste erdiak, baserri gunean; aspaldi honetan hiritartu garen arren, gurea baserri giroko herria da, eta hori erakutsi nahi genion Euskal Herriari», esan du Endika Zarrabeitia abadiñarrak.
Lasterketa luzea hasi aurretik, lehenengo hamabi dortsalak Durangaldeko presoen senitartekoei eman dizkiete, eta omenaldi txiki bat ere egin diete. «Hiru, bi, bat... Bagoaz!». Arrapaladan abiatu dira korrikalariak. Hamar kilometro luze dituzte aurrean, eta iluntzera arteko egitarau aberatsa ere bai.