Lasa eta Zabala, bi euskal abizen

Tolosarren bahiketa eta hilketa pantaila handira eraman ditu Pablo Malo zuzendari donostiarrak

Unax Ugalde aktoreak Iñigo Iruin abokatuaren pertsonaia egiten du pelikulan. BERRIA.
Gontzal Agote.
2014ko urriaren 11
00:00
Entzun
Euskal Herriko gertuko historiaren pasarte beltzenetako bat eraman nahi izan du pantaila handira Pablo Malo zuzendari donostiarrak. Izenburuak argi uzten duen moduan, Lasa eta Zabala bi gazte tolosarren bahiketa eta hilketaren inguruko filma da. 1983. urteko gertaera horiek pelikula bihurtu ditu, eta orduko pasarte beltzak irudietara eraman ditu.

Zuzendariaren esanetan, ez du «onen eta gaiztoen» pelikula bat egin nahi izan, berriro halakorik gerta ez dadin lagundu nahi izan du filma egiteko orduan. Jakinik eremu labainkorra urratzen ari zela, gertatutakoaren aurrean «zintzo» jokatu nahi izan duela azpimarratu du behin eta berriz Malok.

Hala ere, eta espero zen moduan, filmak jakin-min handia piztu du, eta hura estreinatu aurretik, Espainiako hainbat hedabide saiatu ziren horren inguruko polemika pizten. Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten, lehiaketaz kanpo, eta bertan filmak era guztietako iritziak eragin zituen, besteak beste hunkidura eta kritika politiko gordina.

Torturaren inguruko sekuentziek zeresan handia eman zuten. Ez soilik gordinak zirelako, baizik ez delako ohikoa torturak horren xehetasun handiz pantaila handian erakustea.

Izatez fikziozko filma da Lasa eta Zabala, ez baita dokumentala, eta generikoki thriller judizialaren barruan egoten ahal da. Dena den, istorioa kontatzeko orduan, gertaeretatik ahalik eta gutxien urruntzen saiatu da zuzendaria. Horretarako, oinarri sendo bat zuen: sumario judiziala, han jasoak baitira frogatuta gelditu ziren gertaerak eta protagonisten deklarazioak.

Horixe da Lasa eta Zabala-k segitu duen hari nagusia, eta horregatik, hainbatetan dokumentaletik gertu-gertu dagoen pelikula da. Hala ere, filmak asmatuak diren elementu gutxi batzuk ere baditu. Pelikula euskaraz eta gazteleraz dago filmatuta, eta horrela estreinatuko dute zinema aretoetan, gaztelerazko azpidatziekin.

1983. urtean, Joxean Lasa eta Joxi Zabala bahitu zituzten Baionan. Haien arrastoa erabat galduko da, hamabi urte geroago haien gorpuak Alacanten lurperatuta aurkituko dituzten arte. Familien abokatuak eta bere laguntzaileak prozesu judizial luzea hasiko dute errudunak zigortuak izan daitezen. Azkenean, Intxaurrondoko kuarteleko hainbat guardia zibil epaitu eta kondenatuko dituzte bi gazteak bahitu, torturatu eta hiltzeagatik.

Lasa eta Zabala Pablo Maloren hirugarren film luzea da. 90eko hamarkadan bideogintzan trebatu zen donostiarra, eta 1995ean bere lehen film laburra zuzendu zuen, El ángel de mármol. Hurrengo urteotan hainbat pelikuletako gidoiak idatzi zituen: Olentzero: un cuento de Navidad; Arditurri...

Goya saria

2004an bere lehen film luzea idatzi eta zuzendu zuen, Frío sol de invierno. Adrian eta Gonzalo gazteen istorioa zen drama gordinaren ardatza, eta filmak oso harrera ona jaso zuen. Urte horretan Pablo Malok zuzendari berriaren Goya saria jaso zuen. Unax Ugalderekin lehen elkarlana izan zen pelikula hori.

Bigarren filmarekin ez zuen horrenbesteko zorterik izan.2006koa da La sombra de nadie, nahiko oharkabean pasatu zenIstorioa 60ko hamarkadan dago girotuta, eta misterioa eta drama uztartzen dituen thriller-a da...

'LASA ETA ZABALA'.

Zuzendaria: Pablo Malo.

Aktoreak: Unax Ugalde, Francesc Orella, Oriol Vila, Jon Anza, Cristian Merchan, Ricard Sales, Javier Mora, Iñaki Ardanaz.

Herrialdea: Euskal Herria.

Urtea: 2014.

Iraupena: 107 minutu.

Ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.