Jabier Lazkano. Arkeologiazalea

«Larrutu egin gintuzten aztarnategi bat topatzeagatik futbol zelaian»

Igandeetan lurrera edo lur azpira begira ibili da Lazkano azpeitiarra 40 urtez. Inoiz kobratu gabe, amateur, zale, baina hutsik egin gabe ibili da Euskal Herriko historiaurreko gizaki eta animalien aztarnarik bikainenetako batzuk topatzen.

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Edu Lartzanguren.
Azpeitia
2017ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Dantzaria, mekanikaria, dendaria... baina, ezer baino luzaroago, arkeologiazalea izan da Jabier Lazkano (Azpeitia, Gipuzkoa, 1948). Ia 100 aztarnategi, arte labarra duten kobazuloak eta beste sekulako aurkikuntzak egin ditu Antxieta arkeologia taldeak mende erdi pasatxoz, eta horietako gehienetan parte hartu du begi zorrotzeko sator nekaezinak.

Dantzaria zinen gaztetan, eta, halere, kobazuloetan eta beste aztarnategietan lau hankatan eta arrastaka ibiltzea erabaki zenuen. Nola hasi zinen arkeologiazale?

Mekanikari hasi nintzen koinatuarekin, eta, gero, motor elektrikoak egiten. Tailerra itxi zenean, mertzeria bat ireki nuen. Egokitu egin behar! 16 urterekin dantzari hasi nintzen, Andoni Arbizuri txistulariarekin. Hura historiaurrea ikertzen zebilen, eta Ekaingo kobazuloa [Deba, Gipuzkoa] aurkitu zuen 1969. urtean, Rafael Rezabalekin. Hark esan zidan arkeologian hasi nahi ote nuen, eta nik, baietz. Orain arte.

Txistu eta dantza taldetik arkeologiara pasatzea horren erraza izatea ulertzeko, orduko giroa aipatu behar da. Orduan euskal kultura dena bat bezala ulertzen zenuten?

Francoren garaian berdin zen txistularia edo arkeologiazalea izatea: euskal kultura zen guztia. Arbizurik horrenbeste maite zuen Euskal Herria, non gauza guztietan sartzen zen. Euskal kulturako gauza bat bazen, Andoni han. Kuartelera hots egiten zion Guardia Zibilak; fitxatua zuten, eta sekulakoak hartu zituen. Kobazuloetara jaistea gure arbasoen bizimodua nolakoa izan zen jakiteko modu bat da, eta hori oso garrantzitsua da. Nondik gatoz? Zergatik margotzen zuten kobazuloetako paretetan? Hipotesiak daude, baina, nire ustez, erlijioarekin du zerikusia, sinesmen batekin. Athleticen elastiko eta banderarekin dabilenak ere erlijio bat du. Erlijioa ez baita elizako kontua, baizik eta talde baten errepresentazioa eta sinboloa; haren atzetik ibiltzen zara. Hori ez da inoiz galduko, elkartu egiten baikaitu.

Frankismoko kultur basamortuan kobazuloetara jaitsi zineten argi bila?

Euskal Jai ospetsua egiten zen Urretxun [Gipuzkoa] orduan. Hilabeteak eta hilabeteak entseatzen jardun, eta, bezperan, gobernadoreak debekatu. Orduan sekulako gosea zegoen: edozein hitzaldi antolatu, eta bete egiten zen aretoa; esaterako, Jesus Altuna [arkeologoa] ekarri genuenean Aitzgaizton [Deba, Gipuzkoa] Neolitoko kaskezur bat topatu genuenean [1974. urtean aurkitu zuten aztarnategia]. Orain, berriz, gertatu izan zaigu hitzaldia antolatzea eta geu bakarrik agertzea.

Jendeak informazio gehiegi dauka orain?

Bai. Euskal Jaia antolatu genuen orduan Azpeitian bertan, eta nortzuk eta Eduardo Txillida, Mikel Laboa eta euskal kultura bultzatu nahi zuten guztiak agertu ziren. Sekulako arrakasta. Ikurrin bat agertu, eta sekulako oihartzuna zuen. Orain inork ez du hartzen ikurrinik. Normaldu egin da.

Nolakoa izan zen lur azpira sartu zinen lehen aldia?

Oso interesgarria. Aitzgaizton izan zen. Mutil gazteak ginen orduan; neu nintzen ezkonduta zegoen bakarra, baita autoa zuen bakarra ere: Seat 850 bat. Auto hartan 15 bat pertsona sartzen ginen [barreak]. Neuk neukan Seat 850ik zabalena. Granadaerrekara joaten ginen orduan; han dago Amalda aztarnategi garrantzitsua, Aitzorrotz, Erralla... Eta hango etxea Baserri bertsolariaren jaiolekua da. Aldapa gogorra zegoen han, baina, Seat 850 hark atzeko trakzioa zuenez, primeran igotzen zuen. Gero, Renault negargarri batzuk ekarri zituzten, aurreko trakzioarekin. Nireari barre egiten zioten, baina hark igo egiten zuen aldapa.

Baina zuk ordurako emaztea eta haurra zenituen. Kobazuloetan ibiltzeak badu arriskua. Nolatan sartzen zinen halako lekuetan?

Beondegin [Albiztur, Gipuzkoa] sartu ginen behin. Bazen pasarte estu bat leizean sartzeko. Arnasa bota, eta bizkarra eta bularra estutu behar zenituen pasatu ahal izateko. Orduan emaztearekin eta haurrarekin gogoratu nintzen, eta atzera egin nuen. Sarreran geratu nintzen. Besteak gazteagoak ziren, eta argalagoak, eta sartu egin ziren. Halako batean, oihuak: «Hi, Jabier, gizakien kaskezurrak hemen!». Hori entzun, eta agur beldurra! Bi minuturen buruan barruan nintzen. Hiruzpalau kaskezur zeuden. Beldur guztiak pasatzen zaizkizu zerbaitetarako gogoa duzunean.

Pako Etxeberria auzi medikua ere zuekin ibiltzen zen orduan?

Amaldako indusketan batera sartu ginen. Hura Dyane 6 batekin etortzen zen. Talde ona sortu zuen Jesus Altunak orduan: bere ikasleak, Koro Mariezkurrena, Pako Etxeberria, Xabier Zabala... Orduan hasi ziren diziplina anitzeko taldeak; ez bakarrik arkeologoak, baita botanikariak ere, geologoak, biologoak...

Nondik ateratzen da kemena 40 urtez asteburu guztiak halako zaletasun zikin eta nekagarri batean aritzeko?

Igandero ibiltzen gara orain ere. Goizeko zortzietan Astotegian egoten gara; hori dugu elkartzeko lekua; garai batean azokara ekartzen zituzten astoak han egoten ziren. Polita da gure elkartzeko lekuak Astotegia izena izatea. Bulegora etortzen gara, jantziak hartu, eta egin behar dugun lanaren araberako tresnak. «Zer eguraldia dator?» Hori izaten da galdera.

Zer axola dio eguraldiak eguna kobazulo batean pasatzeko asmoa duen bati?

Oso gauza interesgarriak ari gara aurkitzen aire zabalean ere. Erlo mendian ari gara aire zabalean lan egiten. Lehen uste genuen gure arbaso denak kobazuloetan bizi zirela. Ez da horrela. Kanpoan bizi ziren; kontua da kanpoan aztarnak topatzea oso zaila dela, dena sasiek eta basoek hartzen dutelako. Baina, Erlon, zorionez, lagun bat izan dugu, huts egiten ez duen horietakoa: arkeologorik hoberena satorra da. Satorrek lur azpikoa ateratzen dute, eta haien lur multzoetan suharriak, zeramikak eta bestelakoak agertzen dira. Aitzurra sartzeko beharrik gabe, badakizu han aztarnategi bat dagoela. Baserritarraren etsairik handiena izango da satorra, baina, guretzat, lagunik hoberena da.

Horren sakon ibiltzen da satorra, ala?

Ez, baina duela mila urte ere ibiltzen ziren satorrak gauzak ateratzen, eta, beraz, oso sakon dauden gauzak gora jaso dituzte. Aire zabalean ez duzu hezurrik aurkituko, lurraren azidotasunak dena jan duelako. Hori du ona kobazuloak, dena kontserbatzen duela.

Mendian dabilena tontorrari begira joaten da, baina zu, esaten dutenez, lurrera begira joaten zara. Ala al da?

Hala topatu ditugu aztarnategi asko, lurrera begira. Hemen pentsatu izan dugu mendietan artzainak bakarrik ibiltzen zirela, baina, ez, aurreko okupazioak daude: metala ateratzen eta ikatzarekin ibilitako jendea. Guri hasieran Paleolitoa interesatzen zitzaigun, baina ikusi dugu Brontze Aroko gauza asko daudela.

Zuek, 50 urteotan, 88 aztarnategi aurkitu dituzue, eta 2014-2015eko tartean bakarrik balio arkeologiko handiko aztarnak hiru lekutan: Ezkuztan (Azpeitia), Danbolinzulon eta Erlaitzen (Zestoa). Zer sentitu duzu gauzok aurkitzean?

Poz ikaragarria, eta xanpainarekin ospatzeko gogoa. Eta ospatu egiten dugu, ez pentsa. Halere, gehienetan esku hutsik itzultzen gara, baina ohituta gaude. Jadanik, badakigu 100 lanalditatik batean zerbait aurkituta ere %1 horrek gehitu egiten duela. Gure taldeak labar artea duten lau kobazulo aurkitu ditu. Ez dut uste inon egongo denik halakorik egin duen talderik.

Eta, halere, zaila duzue egun zuen lanari segituko dioten gazteak topatzea. Zer zenuten zuek gaurko gazteei falta zaiena?

Herri azoka egiten denean jartzen ditugu hezurrak erakusketan, gazteak erakartzeko. Batzuk harritu egiten dira, eta hasten dira esaten: «Nik ere horiek bilatu nahi nituzke». Hasi egiten dira, baita laster utzi ere. Zer gertatzen da? Igandero goizeko zortzietan agertzea oso gogorra zaie gazteei. Hirugarren iganderako hor hasten dira: «Ezin dut azterketa dudalako», eta badakizu ez direla itzuliko. Gu beste kultura batekoak gara. Baina egia da gu ere galbahetik pasatutakoak garela [elkartearen bulegoan duten galbahe bat seinalatu du]: jende asko hasi da hemen, kuadrillak, eta gu gara haietatik geratu garenak.

Zaila da futbolarekin lehiatzea. Zuek badakizue hori ondo, ezta?

Begira zer gertatu zitzaigun Irikaitzen [Zestoa, Gipuzkoa. 1996. urtean topatutakoa]. Lubaki bat egin zuten ur zikinen hodiak jartzeko, futbol zelaiaren ondotik. Obra bat egiten dutenean, gu beti joaten gara harrotutako lurra ikustera, zer edo zer agertzen ote den. Joan, eta suharriak aurkitu genituen. Horren berri eman genuen, eta udala sutan jarri zen. Futbol zelaia hobetzeko egitasmoa zegoen, aldundiak ez dakit zenbat milioi aginduta harmailak egiteko, zelai berria, belar artifiziala eta dena. Larrutu egin gintuzten futbol zelaian aztarnategi bat topatzeagatik. Denak haserretu zitzaizkigun. Handik lau kilometrora egin behar izan zuten futbol zelaia, eta zestoarrak haserre: «Orain umeak haraino eraman behar!». Arrazoia zuten, baina gure errua al zen han aztarnategia egotea?

Nola azaldu jendeari duela 200 urte hemen ez zela futbolik, eta, agian, ez dela egongo 200 urte barru?

Futbola ere erlijioa da. Irikaitz Euskal Herrian dagoen dataturiko aztarnategirik zaharrena da, aire zabalean: duela 250.000 urtekoa. Handia, gainera: zortzi hektarea [hamasei futbol zelai]. Tonaka material atera da hortik, eta puska txiki bat baino ez da ikertu oraindik. Harri bila joaten ziren horra. Hainbat gizaki mota, gainera: Neandertalgo zaharrak, tartean. Zestoan, ibai ondoan.

Joan zen asteburuan ataka estuan izan omen zinen kobazulo batean. Egia al da?

Lasturren, ireki gabe zegoen zulo batean arrastaka ibili nintzen, labar artearen bila. Aurrekoan bi azkonar zeuden barruan. Kontuz horien atzaparrekin, aurpegirik gabe geratu nahi ez baduzu!

Gaur ere, aztarnategira?

Hil arte. Eta hil eta gero ere, agian. Aztarna bihurtuta, bai.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.