Larruaren muga zeharkatuz

Alboan gobernuz kanpoko erakundeak errefuxiatuen eta migratzaileen bizipenak ezagutzeko kanpaldiak antolatu ditu, Loiolako Santutegian. «Kulturartekotasuna bultzatzea» du xede egonaldiak.

Mugak. Etorkinek mugetan izaten dituzten oztopoak ezagutzen dituzte. JON URBE / @FOKU.
Azpeitia
2019ko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Hiru egunez norberak bere larrua utzi eta beste baten lekuan jartzea, beste begi batzuekin begiratzeko. Hiru egunez migratzaileen eta errefuxiatuen arazoak eta bizipenak bertatik bertara ezagutzeko egonaldiak: horrelakoak dira Mugetatik haratago proiektuaren barruan egindako kanpaldiak, Alboan gobernuz kanpoko erakundeak antolatuak, Azpeitiko (Gipuzkoa) Loiolako Santutegian. Edur Mintegi Alboan-eko komunikazio arduradunaren esanetan, kanpaldiaren helburua da «neska-mutilek migratzaile edo errefuxiatu batek pairatzen duena sentitu ahal izatea, nolabait migratzaile eta errefuxiatuen azalean jartzea».

Kanpaldiaren egun bakoitzerako ekintza eta tailer ugari antolatu dituzte arduradunek: lehenengo egunean, batik bat ingurua ezagutzeko aukera dute ikasleek; hau da, begiraleek Loiolako Santutegia eta aterpetxea erakusten dizkiete. Bigarren egunean, bizipen tailerrak egiten dituzte batik bat. Hasteko, «ihesaldia» egiten dute: ikasleek euren arropa eta gauzak plastikozko poltsatan sartu behar dituzte, eta, horiek hartuta, euren jaioterria uzteko momentua antzezten dute, migratzaileak balira bezala. Santutegiko katakonbara ailegatzen dira gero: han, txoko ilunetan barrena, begiraleek azaltzen diete zeintzuk diren migratzaileek mugak zeharkatzeko lortu beharreko dokumentuak, ginkana baten bidez, eta dokumentu horiek lortzeko izaten dituzten zailtasunez jabetzen dira gazteak. Egun bereko iluntzean, hesi bat zeharkatu behar izaten dute, begiraleek poliziaz mozorrotuta sortzen dizkieten eragozpenak tarteko. Hirugarren eguna, berriz, hausnarketarako garaia da: ikasleek gogoeta egiten dute ekintzen eta tailerren bidez ikasitakoaren inguruan.


Testigantzak. Bi migratzaileren bizipenak entzuteko aukera dute ikasleek. / BERRIA

Mintegik azaldu du orain dela bi ikasturte jarri zutela martxan Loiolako kanpaldia, eta orain arte 2.400 ikasle inguruk hartu dutela parte: 28 ikastetxetako ikasleak joan dira. Adierazi duenaren arabera, Alboan garapenerako erakunde bat da, Jesusen Lagundiak sortu eta bultzatutakoa. Esan du erakundeak hainbat lan ildo dituela, eta horietako baten harira sortu zutela Mugetatik haratago proiektua: kulturartekotasunaren harira.


Otordua. Otordu bat sardexkarik gabe egiten dute. JON URBE / FOKU

2017ko irailean jaio zen proiektua, eta Mintegik azaldu du hiru atalez osatuta dagoela: «Lehen atala irakasleen prestakuntza da; irakasleak trebatzen ditugu babesaren eta migrazioaren inguruan, gero ikasleei azaltzeko gai izan daitezen». Bigarren atala da Loiolako Santutegian lantzen dutena: «Bizipen tailerrak dira; etxetik atera eta dena atzean utzi dutenek bizitakoa erreproduzitzen saiatzen gara: nola joaten diren mugaz muga, herrialdez herrialde, zer zailtasun dituzten, zer-nolako tratua jasotzen duten, umiliazioa... Eta hirugarren atala da hezkuntza komunitatearekin egiten den egitasmoa». Azken atal hori kanpaldia amaitu eta gero abiatzen dute eskolek eta erakundeak: «Saiatzen gara inplikatzen irakasleak, ikasleak, baita gurasoak ere. Komunitate osoa hartzen dugu kontuan horretarako. Hitzaldiak antolatzen dituzte eskolan; ikasleek lan egiten dute ikasgeletara itzuli ostean: idazkiak, erakusketak eta halakoak egiten dituzte».


Katakonba. Ikasleak santutegiko katakonban barrena ibiltzen dira ekintza batean. JON URBE / FOKU

Proiektu horren hasieratik lanean aritu den langileetako bat da Saskia Navarro Loiolako esperientziako koordinatzailea. Adierazi du hasieratik izan dutela argi kanpaldian egindako ariketek eta tailerrek bizipenak izan behar zutela: «Pentsatu genuen bizipenen bidez egin nahi genuela, aktiboa izan behar zuela, dinamikoa, eta sentimenduek ere agertu behar zutela». Navarrok azaldu duenaren arabera, ekintzak taldearen arabera moldatzen dituzte, talde handiagoekin «motelagoak» izaten baitira ariketak, eta talde txikiagoekin, aldiz, «azkarragoak». Normalean, 50 ikasle inguru hartzen ditu kanpaldiak txanda bakoitzean, batez beste.


Mugak. Etorkinek mugan izaten dituzten oztopoak ezagutzen dituzte. JON URBE / FOKU

Navarrok nabarmendu du egonaldiak irauten duen hiru egunetan aldaketak «nabariak» direla ikasleengan: «Egunek aurrera egin ahala, batez ere hirugarren eta azken egunean, gehienek esaten dute oso ongi pasatu dutela, asko ikasi dutela, zeren errealitate hori telebistan ikusi baitute soilik, eta entzun dute horri buruzko zerbait, baina ez dituzte berriak ikusten, eta egunkaria ez dute irakurtzen. Hemen ikusten dute errealitate handiagoa dela, sakonagoa, eta ezberdina dela etorkin bakoitzaren istorioa».


Kanpalekua. Kanpalekuan etzanda. JON URBE / FOKU

Telebistatik errealitatera

Migratzaileen eta errefuxiatuen berri telebistaren bidez izan duen horietako bat da Mikel Roman Bilboko Errekalde auzoko Sagrado Corazon ikastetxeko ikaslea: «Hona etortzea gomendatzen diet beste haurrei. Zeren hemen ikusten baituzu errealitatea, eta agian telebistan ikusita ez zara haien azalean jartzen. Hemen haien sentimenduak ulertzen dituzu». Ane Rodrigez ikastetxe bereko ikasleak ere kanpalekuen balorazio positiboa egin du: «Errealitatean askoz gogorragoa da, baina gai honi buruz pentsatzeko modu ona da halako ekintzak egitea». Gainera, argitu dute ikastetxe horretan beste herrialde batzuetatik etortzen diren ikaskideak dituztela, eta nolako harrera egiten dieten azaldu du Irati Aldamak: «Lehenengo, haiengana hurbiltzen gara, eta elkarrizketa moduko bat egiten diegu. Gurekin jolasteko esaten diegu». Romanek jarraitu du: «Galdetzen diegu nolako jolasak egiten dituzten. Haiekin hitz egiten dugu, eta esaten digute zer egiten zuten hona etorri baino lehen; oso interesgarria da».


Kontrolak. Dokumentazioa erakutsi behar dute kanpalekuan sartzeko. JON URBE / FOKU

Sonia Vivanco Sagrado Corazon ikastetxeko irakasleak adierazi du eskolan «aspaldi» jarri zutela martxan kulturartekotasunari buruzko proiektu bat: «Bake txokoa deituriko proiektu bat dugu gure eskolan. Ikasleek boluntario moduan parte hartzen dute ekintzetan. Eta, ekintza horietan, eskolako irakasleekin ez ezik, Alboan erakundekoekin ere aritu gara proiektuak gauzatzen». Azaldu du iaz joan zirela kanpaldira beste talde batekin lehenengo aldiz, eta errepikatzea erabaki zutela: «Esperientzia polita izan zen, oso berezia. Nik uste dut benetan merezi duela hona etortzea, asko ikasten da eta».


Arroza. Arroz zuria jaten dute behin bazkaltzeko. JON URBE / FOKU
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.