MAITE DITUT MAITE. Etxahun Lekue. Bertsolaria

«Larrabetzuk ez luke herri bizi fama bera izango Hori Bai gabe»

Bertsotan, parrandan edo liburu aurkezpen batean, Lekue gustura sentitzen da herriko gaztetxean. Larrabetzuarren elkargunea da Hori Bai, eta kontziente dira zer oihartzun duen Euskal Herrian.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
Larrabetzu
2020ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Sona handia du Larrabetzuko (Bizkaia) Hori Bai gaztetxeak Euskal Herrian. Euskara ikastaroak antolatzen ziren hasieran, eta musika taldeen ezinbesteko oholtza bilakatu da egun, besteak beste. Mende erdia pasatuta, martxan jarraitzen du. Etxahun Lekue (Larrabetzu, Bizkaia, 1980) bertsolaria gaztetxeko partaide da ia haurra zenetik, bizitzako hainbat etapa eta une gogoangarri bizi izan ditu han, eta horregatik du gauza gustukoen artean. Gaztaroa atzean utzita, nabari da oraindik ere han inguruan sarri ibiltzen dela, poltsikotik ateratako giltza multzoarekin ireki du atea.

Zer dela-eta aukeratu duzu Hori Bai gaztetxea?

Hori Bai gaztetxea larrabetzuar guztientzat toki erreferentea da, baita niretzat ere. Umetan, toki misteriotsua izango balitz bezala etortzen ginen. Gerora, gaztetxeko asanbladan urte asko egin ditut, eta gaur egun ere astero pare bat aldiz etortzen naiz bertso eskolan biltzen garelako. Bertsolaritzarekin lotzen dudan toki bat da. Bertso eskola egiteaz gain, urteroko herriko saiorik handienak hemen egiten ditugu. Hortaz, bada bizitza osoan zehar errepikaria izan den toki bat, nire zaletasunekin lotura handia duena.

Bizkaiko txapelaren errurik ba al du gaztetxeak?

Errurik ez. Eragina pixka bat. Hemen batzen gara astero bertso eskolakoak, eta hemen ikusi izan ditut Euskal Herriko bertsolari onenak. Esperimentatzeko aukera ematen digun toki bat da. Beti dago eskura, baliabide eta erraztasun guztiak eskaintzen dizkigu. Bestalde, bertsotan ari naizenean erabiltzen ditudan kanpo erreferentzia asko, musikari lotuak adibidez, hemen ezagutu izan ditut. Neurri batean, inspirazio iturri izan daiteke.

Zein da gogoan duzun lehen oroitzapena?

Umetan, leihotik begira egoten ginen; orain, oholtza egoten den tokian ping-pong bat egoten zen, sartu nahi izaten genuen, baina ezin.

Nondik sortu zen gaztetxea?

55 urte ditu espazioak. Guk beti ezagutu izan dugu, hasieran eskolak ematen ziren, gure aitona-amonek, adibidez, hemen ikasi zuten. Beti izan da herriaren zerbitzura egon den lokal bat, Elizarekin bere gorabeherak izan dituena. Herritarrontzat gaztetxe bat bada ere, edonori zabalik egon den toki bat da. Gaur egun, hainbat eragilek denetariko ekintzak egiten dituzte. Halaber, Larrabetzuk badu herri bizi fama, eta esango nuke ez litzakeela halan izango Hori Bai egon ez balitz. Jende askorentzat, esperientziak batzeko gune bat izan da. Ezinbesteko ekarpena egin du kulturan, herri dinamika askotan, eta baita belaunaldi arteko harremanetan ere.

Zein da hemen bizi izandako momenturik zoriontsuena?

Obrak. Teilatuko zulo handi batetik ura sartzen zen, eta lagun talde bat gora igo ginen, eta toldo bat bota genuen. Arrisku handia hartu genuen, pentsatzen jarrita edozer gerta zitekeen, baina, zorionez, ez zen halakorik pasatu. Teilatua konpondu eta dena zarpiatu genuen. Auzolan horren oroitzapen onak ditut.

Une gogorrik?

Irtenarazte arrisku bat eduki genuen. Bilboko apezpikutzarekin liskar handiak egon ziren, eraikina zigilatu zuten kanpotik, momentu batean larri egon ginen. Baina belaunaldi arteko transmisioari esker, herri osoa alde jarri zitzaigun, mobilizazio indartsuak egin ziren. Azkar mugitu izanagatik, eta herritarren babesarekin konpondu zen. Aitzitik, Hori Baik Euskal Herri mailan izan dezakeen fama horrek ere lagundu zigun.

Euskal Herrian erreferente izatea, erantzukizuna da?

Zaharra izateak pisu bat duela iruditzen zait. Horrez gain, Gazte Egunak izen handia izan du beti. Uste dut, baina, askotan kanpotik eduki den irudia berez dena baino gehiago izan dela. Egia da guretzat garrantzitsua dela eta gauza batzuk oso ondo egin direla, baina egon dira gaizki egindakoak ere, eta hau baino dinamika indartsuagoak eduki dituzten gaztetxeak asko daude. Horregatik, fama hori ez dakit ona edo txarra izan den.Neurri batean, bazen zama bat. Zaharra izateak eta iraun izanak eman dio erreferentzialtasuna. Azken finean, gaztetxe xume bat da, bere mugen barruan ondo funtzionatu duena.

Etorkizunean iraungo al du Hori Baik?

Zalantzarik gabe. Ondorengoak honen parte sentitzea nahi nuke, haiek nahi dutena egitea. Hots, haien iniziatibak aurrera eramateko aukera izatea. Eta batik bat, lehenagokoen pisua ez edukitzea. Orain arte asanbladan egon garenok hori sentitu izan dugula uste dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.