ATZEKOZ AURRERA. Itziar Elias eta Dani Irazoki. Kaiola bentaren arduradunak

«Larhungo gainak konexio berezia du sormenerako»

Oroigarriak saltzen zituen benta kulturaren habia da orain. Kaiola benta leku aproposa da sormenerako, haren arduradunen arabera. Kulturari lehio bat ireki diote Larhungo gainean.

BOB EDME.
Iker Tubia.
2022ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Larhungo gainean da Kaiola benta. Barnean du Kabia kultur proiektua. 2019an abiatu zen, baina pandemiarengatik ezin izan dute kultur ekitaldirik egin. Ekainaren 25ean itzuliko da Kabia, Nerea Bilbaoren erakusketarekin eta Satelitik taldearen kontzertuarekin. Barraren ondotik erantzun diete galderei Itziar Elias (Azkoitia, Gipuzkoa, 1980) eta Dani Irazoki (Bera, Nafarroa, 1975) Kaiolaren arduradunek.

Kaiola eta habia ez dira gauza bera.

DANI IRAZOKI: Izena nire amatxik jarri zuen. Habiaren kontzeptuan pentsatzen ariko zen, nik uste. Baina, hemen lanez leporaino zaudenean, kaiola ere izaten ahal da. Lanerako paradisu bat da, horrek erran nahi duen guztiarekin.

ITZIAR ELIAS: Kabia kaiola horren barrenean goxo egoteko lekua da, arrautzak jartzekoa.

Pandemiak zer eragin izan du zuen proiektuan?

ELIAS: Handia, edukiera kontuekin ezin genuelako aurrera eraman. Barratik ezin genuen kontrolatu kultura ekitaldietako jende kopurua. Geldi eduki dugu orain arte.

Erabat gelditu zenuten kultur jarduera?

ELIAS: Sortze prozesuak izan ditugu tarte horretan. Helburua da hau sormen gune bilakatzea: pandemiak erakusleihoa gelditu zuen, baina sortzaileak etxean hartzen ahal genituen. Hemen izan genuen Willis Drummond, kontzertu formatua pandemiako egoerara moldatzen, eta Xutik taldea kanta berriak sortzen. Aurreneko pausoak izan ziren erresidentzia gisa.

Habia goxoa izan da talde horientzat, beraz?

ELIAS: Guretzat ere bai, ez zegoelako kontzerturik. Pentsa, orduan etxeko eskaileretan musika aditzea.

Horma irudi bat egiten ari zarete kanpoaldean. Zer moduz buelta?

ELIAS: Bentako oroigarri dendakultur gune bihurtu genuen. Hala ere, ikusten genuen komertzio bat izan genezakeela, baina tokikoa.

IRAZOKI: Sarako Ez Kexa arropa markarekin hitz egin genuen, haien denda irekitzeko. Xabi Tapia haien marrazkilaria ari da murala egiten.

Lehen, zezenak, sevillanak eta titareak saltzen zenituzten; orain, berriz, Lapurdiko kamisetak. Bada aldea, ezta?

IRAZOKI: Haien arropetan, euskal ikonografia erabiltzen dute pop artearekin eta ironiarekin nahasiz. Interesgarria iruditu zaigu horrelako toki batean halakoak izatea.

ELIAS: Tokiko produktuak izaten saiatzen gara tabernan ere: eztia, IPA garagardoa, ardo ekologikoak...

Sei hilabetez irekitzen duzue benta. Nola kudeatzen duzue hori?

ELIAS: Lekuak berak baldintzatzen gaitu. Negua oso zaila da hemen, 900 metrora gaude. Maiatzean irekitzen ditugu ateak, baina otsailean hasten gara txukuntze lanetan. Urik ere ez dugu; 400 metro beherago daude iturri naturalak. Beraz, bonbekin igotzen dugu.

Lapurdi eta Nafarroaren artean zaudete. Zubi lana egiteko anbizioa duzue?

IRAZOKI: Mugak ez du lurraldeak banatzen dituen marra bat izan behar, hurbiltzen dituen puntu bat baizik.

Zer du Bidasoa inguruak hain kultura aberatsa izateko?

IRAZOKI: Mugak ekartzen du aberastasun bat, bertzearen kontzientzia bat. Agian horregatik.

Musika eta arte plastikoek dute batez ere tokia zuen habian?

ELIAS: Ez, ateak irekita ditugu diziplina guztientzat, baina, orain, musikara eta erakusketetara jotzea zaigu errazena edo gertukoena. Baina irekiak gaude idazleentzat, antzerkilarientzat, dantzarientzat... Pixkanaka, etxea egokituz joan nahiko genuke diziplina guztiak hartzeko.

Larhungo turismoa eta zuen kultura eskaintza uztartzerik badago?

ELIAS: Batzuetan, topatzen duzu gora igo, sorpresa hartu, eta eskerrak ematen dizkizun turista. Beste batzuetan, kontrakoa: erakusketa gela dela ikusi, eta ihes egiten dute.

Bentara joan beharra dago: ez da bidean topatzen. Hori muga da, edo abantaila?

ELIAS: Biak. Alde batetik erritual bat izan daiteke trena hartzea edo zapatilak jantzi eta oinez etortzea. Noski, edozer gauza antolatzeko konplikatuagoa da.

IRAZOKI: Tokiak konexio berezia du sormenerako. Hori ulertu eta sentitzen duen jendearekin hau partekatzea ederra da.

Zuek ere sortzaileak zarete. Zuentzat zer da lan hau?

ELIAS: Kabia plazer handi bat da. Orain arte turismoari bakarrik dedikatutako toki bat kulturari irekitzea, kultura babestea, plazer handia da. Oroigarri benta hari gure nortasuna eman diogu.

IRAZOKI: Hori egiten duena errespetatzen dugu. Benta anitz daude, eta bakoitzak nahi duena egiten du, ez dugu ezer horren kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.